Fatima Gonzalez. Berako abesbatzako zuzendaria

«Urte asko daramatzagu herriaren alde lanean»

LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Berako abesbatzak 25. urteurrena ospatuko du aurten, eta urteurrenaren harira festetako suziria botatzeko aukera eman die udalak abesbatzako kideei. 1987an hasi zen Fatima Gonzalez (1972, Bera) abesbatzan, taldea sortu zen urte berean. Egun,abesbatzako zuzendaria da, eta «gogotsu» dago gaur txupinazoa botatzeko.

Nola sortu zen Berako abesbatza?

Gure aurretik beste abesbatza bat izan zen herrian, baina desagertu egin zen. Musika eskolak ematen zituen Begoña Rudik orduan, eta hari bururatu zitzaion musika eskolan solfeoa eta korala ikasten ari ginen haurrekin abesbatza bat osatzea. Gerora, jende heldua sartzeko proposamena egin zuen, eta horrela sortu zen egungo Berako abesbatza.

Zu zeu hastapenetatik egon zara taldean.

Bai, sortu zenetik —duela 25urte— gaude asko abesbatzan.

Horrenbeste urte pasata, zer-nolako giroa dago taldean?

Nahiko talde finkoa gara, eta familia handi bat; gure arteko giroarekin oso gustura gaude. Egun, 35 lagunek osatzen dugu abesbatza; gehienak helduak dira,75 urte artekoak, eta gazteenak30 bat urte izanen ditu. Inoiz herriko abesbatzan parte hartuz gero, beti izaten duzu gogoa uneren batean taldera berriro bueltan etortzeko.

Aurten, Berako Udalak ere zuen lana onartu du, eta suziria botatzeko aukera eman dizue. Pozgarria izango da.

Urte asko daramatzagu herriaren alde gauzak egiten: urtean zehar kontzerturen bat egiten dugu, herriko festetan parte hartzen dugu, Corpus egunean kantatu... Herrian ekitaldiren bat egonez gero, eta parte hartzeko eskatuz gero, gu beti saiatzen gara parte hartzen. Udalak txupinazoa botatzeko aukera eman digu, eta haiena izan da ideia. Abesbatzarentzat ohore handia da hori. Suziria Begoña Rudi abesbatzako zuzendariordeak eta biok botako dugu; baina abesbatzako kide guztiak egonen dira jaien hasierako ekitaldian.

25 urte bete dituzue. Mende laurdena ospatzeko ekitaldiren bat egin al duzue?

Emanaldi berezi bat egin genuen herrian mende laurdenaren harira. Abesbatzako kide izandakoak eta egungo kideak batera kantatu genuen. Horrez gain, disko bat ere atera dugu.

Herriko jaietan emanaldiren bat izanen duzue.

Bai, noski; bihar izanen dugu jaietako saioa, 10:30ean. San Esteban eguna da bihar, festetako egun nagusia, eta mezak iraun bitartean kantatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.