Bihar gauean urtea bukatu eta hurrengoa hasiko dela entzute hutsak halako sentimendu arraroa eragin dit, berez orain arte sentitu ez nuena. Zera, zein azkar doan bizitza, ezta? Esan egia, ez al doa lehen baino azkarrago? Ez al nuen, baina, atzo bertan joatekoa zena «datorrena on eta oparoa izan dadila» esanez agurtu?
Orain, berriz, berria bihar bertan hasiko omen da, hain zuzen badoanaren etorrera ospatzerakoan hartutako ajea oraindik gainditu gabea dugunean. Horixe, eta hemen gaude berriro, ez dakit zenbagarren urte zaharra etxekoekin eta lagunekin ospatzeko prest. Afariak orokorrean lehen baino xumeagoak izango badira ere, etxe askotan bapo jango da, ardo on batekin topa egingo dugu, eta, nola ez, gehienok mahats dozena irentsiko dugu, dong dong dong... buaj, hau nazka.
Gero, hamabi mahatsok pepita eta guzti ahoan sartzea lortzen dugunean, lortzen badugu, betikoa eskatuko diogu hastera doan 2012ri: osasuna, lana, maitasuna, bakea, elkartasuna, justizia, askatasuna, krisia lehenbailehen amaitzea eta berau ahal dugun hoberen jasateko indarrak lortzea, eta, nola ez, maia zaharrek bere garaian iragarritakoa—hau da, 2012. urtean munduaren amaiera izango deneko kontua— ez dadila inondik bete. Egiteko daukagun guztiarekin, ez diet nik, behintzat, antzineko etorkizunaren iragarle haien sinesmenei jaramonik egingo. Ez haien hitzak gutxiesten ditudalako, komeni ez zaidalako baizik. Besteak beste, ez dut eta bidean datorren ilobatxoaren bizitzak hain gutxi irauterik nahi.
Maratila
Urte Berria, azken urtea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu