Urteak joan, urteak jin, 'Irati' trena ahantzi ezin

Fernando Uhaldek Iruñea eta Zangoza lotzen zituen trenari buruzko hainbat dokumentu bildu ditu, funtsa baten osatzeko.

2007ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
1955eko abenduaren 31n, Zangoza, Ledea, Irunberri, Arripodas eta Irati ibaiaren ertzean dauden bertze herri guzietako biztanleek betirako agurtu zuten trena. Azkeneko hamarkadetan bizilaguna izan zutena ez zen biharamunean agertuko. Geroztik ahoz aho ibili da, baina denbora pasa ahala gero eta gutiago dira Irati trena ezagutu dutenak. Nafarroaren ekialdeko historiaren eragile horren oroitzapenak haizeak eraman ez ditzan, Fernando Hualdek Irati trenari buruzko hainbat argazki, idatzi eta iragarki bildu ditu.

Duela urte eta erdi, Eusko Ikaskuntzak eta Urraulbeitiko Udalak hitzarmena sinatu zuten ondare historikoa eta kulturala aztertzeko. Lehen lana Irati trenak herrian utzi zituen aztarnak eta horri buruzko dokumentuak biltzea izan zen, baina bere garaian trenbideak izan zuen garrantziaz oharturik, ibilbide osoari begira jarri ziren, Iruñetik Zangozaraino. Fernando Hualde Izabako (Erronkari, Nafarroa) etnografoari eman zioten horren ardura. Ikerleak argi du osatutako funtsa hasiera besterik ez dela. «Bilduma hau oinarria da gai hau sakonago jorratu nahi dutenentzat». Hala ere, lan interesgarria plazaratu du Izabakoak. Guztira 130 argazki bildu ditu, eta 200 jatorrizko dokumentu, hala prentsa artikuluak eta trenaren akzioak nola txartelak. Horretaz gain, trenaren biziari buruz idatzi du, aurkitu dituen dokumentuetan eta izan dituen lekukotasunetan oinarrituz.

Udaletan proiektuaren berri zabaldu zenean, ez zuten zalantzarik izan. Trenari esker bizi-kalitatea hobetuko zen, etxeko produktua saltzera joaten ahalko zirelako merkatura, eta batez ere, mendietan zuten egurrari aterabidea emango ziolako. Ordu arte, egunak behar ziren hiriburura joateko, eta enborrak hara eramateko bizia arriskatu behar zuten, ibai eta mendietan barna.

XIX. mendearen bigarren erdialdean saio anitz izan ziren Iratiko egurrari aterabide errazago eta azkarrago baten emateko, besteak beste, ibaia garbitzea eta kable bitartez garraiatzea. Baina benetako irtenbidea trenbidearekin iritsi zen, 1911n. Proiektua aspalditik zebilen ahoz aho, baina diru iturriak eskas zirela eta, ez zen gauzatzen. Azkenean, Domingo Elizondo buru zuen Elektra Agoitz enpresak egin zuen urratsa. Hasierako proiektuak Agoitz eta Iruñearen arteko ibilbidea besterik ez zuen aurreikusten, hain zuzen ere egurra garraiatzeko. Baina laster ikusi zen Zangozaraino luzatzen ahal zela, eskualdeak pairatzen zuen bazterketa hausteko. Lanak 1907an hasi ziren, lehenik azterketa topografikoak eta diseinua egin zituzten, eta urte bat geroago eraikitzen hasi ziren.



EZ ZIREN LAN ARRUNT BATI LOTU. Atarrabia, Egues, Urrotz, Artaxo eta Irunberrin barna trenbidea eraiki behar zuten, tarteka oso malkarrak ziren tokietan. Neurri handi batean Irati ibaiaren ibarraz baliatu baziren ere, 17 zubi eta 3 tunel eraiki zituzten, garai hartako tresneriarekin.

Obra nagusia, dudarik gabe, Irunberriko arroila zeharkatzea izan zen. Horretarako bi tunel zulatu zituzten, lehena 167 m-koa eta bertzea 206 m-koa. Trenari dagokionez, garai hartako hoberena erosi zuten, Euskal Herrian argindar monofasikoarekin ibiltzen zen lehena, eta Europan lehenetariko bat. Hiru urtez lanean aritu eta gero, 1911ko apirilaren 23an, trenak lehen hara-hona egin zuen, eta ikusmin handia sortu zuen. Arrakasta berehalakoa izan zen, eta bi egun geroago hurbileko zerbitzu bat abiatu behar izan zuten Iruñearen eta Uharteren artean. Ekonomikoki ere oso ongi atera zen, 12 urte baizik ez baitziren behar izan kostatu zen 5.500.000 pezeten ordaintzeko (33.049 euro inguru).

Istripuak trenen biziaren zati bat omen dira, eta Irati trena ez zen salbuespena izan. Batzuetan ondorio handirik ez zuten izan, baina bertze batzuetan hilak ere izan ziren. 1914an, lehen aldikoz trenbidetik atera zen, baina kalte materialak besterik ez zen izan. 1942an, aldiz, Irozko emakume bat hil zen, Uharten, Irati trena trenbidetik atera zelarik. Hiru urte geroago, ia-ia leku berean, trena berriz ere bere bidetik atera zen. Istripua ikusgarria izan bazen ere, ez zen inor hil, baina 20 lagun zauritu ziren. Azkenekoz, 1950ean atera zen bidetik, Billabetan. Horretan Esteban Perez arrastazainak galdu zuen bizia.

Hasiera oparoa izan bazuen ere, gerla ostean autobusek indarra hartu zuten, eta hortik aitzinera hasi zen Irati trenaren gainbehera. Etekinik ez zuela gehiago ematen eta mantentze-lanetan gastuak zituela, 1955eko abenduaren 31n Iruñearen eta Zangozaren arteko trenbidea hetsi zen.

Gaur egun, garai haietako arrastoak baizik ez dira gelditzen han-hemenka, tunelak eta geltoki batzuk, bertzeak bertze. Berreskuratzen ez badira, bertan galduko dira, baina ez haien istorioa, Fernando Hualdek osatutako dokumentu funtsak bizirik edukiko baitu.

Irati trenari buruz gehiago jakin nahi dutenentzat, funtsa Urraulbeitiko udaletxean dago, eta horrekin laster webgune bat zabalduko dute.



Argentinan sosa egin, eta sorterrian erein

Argentinan aberastu eta gero, Domingo Elizondo Cajen Nafarroara itzuli zen. Han diru mordoa baztertu zuen, eta horrekin Zangozako eskualde guzia garatzen lagundu zuen, joan den mendearen hasieran. Bertzeak bertze, Irati trenaren bultzatzaile nagusietarikoa izan zen.

Aribeko (Aezkoa, Nafarroa) familia xume batean sortu zen, 1848ko azaroaren 14an. 18 urte betetzeko hilabete batzuk falta zitzaizkiolarik, Baionan itsasontzia hartu zuen, Argentinarako. Bertaratzean dirurik ez zuela eta, berehala lanean hasi zen, Buenos Airesko portuan. Ondotik, bertze hainbat euskaldun bezala, artzain aritu zen, baina laster industriarako jauzia egin zuen, burdingintzan hasiz. Lehenik lan zail eta neketsuetan aritu bazen ere, laster hierarkian gora egin zuen, baita lehen dirutza baztertu ere. Aurreztutako dirua ez zuen luzaz gorde, eta berehala inbertitu zuen, El Ciervo burdindegian. Lehen inbertsio hura berehala garatu zen, bai Argentinan, baita kanpoan ere.

Urte haietan, Graciana Duhalderekin ezkondu zen, eta bi alaba izan zituzten, baina bigarrena izatean, andrea hil zitzaion. Hala ere, enpresariak eta aitak eginbeharrekoak ederki uztartu omen zituen.

Argentinan 35 urte bizi izan zen, eta, osasun arazoak zituela, sorterrira itzultzea erabaki zuen. Hango negozioa kideei utzirik, sos aldi ederrarekin etxeratu zen. 53 urte bazituen ere, enpresariaren sena ez zuen galdu, eta berehala ekin zion lanari. Hasteko, burdindegi bat ireki zuen, Ariben, eta hortik laster, egurra erabiltzeko Irati SA enpresa. Zerrategia Ekainen kokatu zuen, eta hango presarekin argindarra hornitu zuen Iruñerako. Profesionalki herrian izan zuen ibilbidea Argentinan izan zuena bezain emankorra izan zen. Iratiko Markesaren titulua eman nahi izan zioten, baina ez zuen onartu. Nafarroako seme kutun eta Iruñeko semetzakoarena, aldiz, bai. 1929an zendu zen, 81 urterekin.





urTez urTe

1896an, Nafarroako Foru Aldundiak Iruñearen eta Zangozaren arteko trenbidearen proiektua aipatu zuen lehen aldikoz. Baina garestiegia zela eta, bertan behera gelditu zen.

1905ean, Domingo Elizondo eta Vicenete Diazek bilerak egin zituzten trenbideak zeharkatuko zituen udaletako arduradunekin. Proiektua aho batez onartu zuten.

1907an, topografia eta diseinu lanak hasi zituzten.

1908an, eraikitze lanak hasi zituzten.

1911ko, otsailean, zubiak eta tunelak probatu zituzten.

1911ko apirilaren 23an, Irati trenak bere lehen hara-hona egin zuen.

1914an, lehen aldiz trenbidetik atera zen trena, Mendiorotzen, baina ez zuen ondoriorik izan.

1923an, trena guztiz ordaindu zuten.

1939an, gerla ostean, autobusek gero eta indar handiagoa hartu zuten, eta orduan hasi zen Irati trenaren beherakada.

1942an, trena trenbidetik atera zen, Uharten, eta Irozko emakume bat hil zen ezbeharrean.

1945ean, berriz ere bidetik atera zen Uharten, eta 20 lagun zauritu ziren.

1950ean, Esteban Perez arrastazaina hil zen, Billabetan, trena bidetik aterata.

1955eko abenduaren 31n, Irati trenak bere azken hara-hona egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.