Urteko azkeneko larunbatean izan ohi da Elgoibarko (Gipuzkoa) Gabon Zaharretako Feria. Egutegiak, baina, tradizioa aldatzea ekarri du, Eguberri eguna egokitu baita urteko azkeneko larunbata. Bihar izango da, beraz, urteko azken azoka. Aproposa Urtezaharreko afarirako produktu naturalak erosteko.
108 postu izango dira azokan, eta baserrietan landatu eta ekoitzitako produktu naturalak eskainiko dituzte baserritarrek.
Elgoibarko plaza eta kaleetan zabalduko dira postuak: fruten eta barazkien gunea Foruen plazan kokatuko da; elizako arkupeetan gazta eta eztia dastatu eta erosi ahal izango da; euskal pastela, ogia, foie grasa eta antzeko produktuak Giza Eskubideen plazan izango dira; baserriko produktuen, lanabesen eta landareen erakusketa eta salmenta, berriz, Aita Agirre plazan ikusi ahal izango da; azkenik, Bolatokiko parkean, Leku Eder parkean eta Nafarroa plazan, abereen erakusketaizango da.
Lehiaketa eta sari banaketak
Gazta lehiaketa eta fruta eta barazkien lehiaketak emango diote bizitasuna azokari. Gazta lehiaketan urteko ardi gazta onena sarituko dute. Idiazabal izendapenaren ordezkariek eta eskarmentu handiko sukaldariek osatuko dute epaimahaia. Eguerdian emango dituzte sariak Udaletxeko Areto Nagusian. Lehiaketak irauten duen bitartean, hainbat bertsolariren jarduna entzun ahal izango da.
Fruta eta barazkien lehiaketannorberak landatutako produktuak lehiatuko dira. 09:00etarako baserritar guztiek prest eduki beharko dute postua, ordu horretan pasako baita epaimahaia. 10:30ean jakinaraziko dira emaitzak, eta ordu horretatik aurrera hasiko da salmenta. Salgaien kalitatea, hainbat motatako salgaiak erakutsi eta saltzea, eta produktu bakoitzeko aldaera eta barietate ezberdinak edukitzea hartuko du kontutan epaimahaiak. 13:30ean izango da sari banaketa, udaletxean.
Elkarrekin bat datozen kontzeptuak izaten dira azoka eta festa giroa. Elgoibarko Kale Kantariak kalejiran ibiliko dira, eta euren ardura izango da azokari erritmoa ematea. Festa giroarekin jarraitzeko, 18:00etan Plazara Dantzara erromeria antolatu dute Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak.
GABON ZAHARRETAKO FERIA
Zer. Baserriko produktu, lanabes eta animalien azoka. Non. Elgoibarren (Gipuzkoa).
Noiz. Bihar, egun osoan.
Asteburuko proposamenak
Urteko azken azoka handia
ElgoibarBaserriko produktuak, abereak eta festa giroa bilduko dira, bihar, Gabon Zaharretako azokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu