Gotaine-Irabarneko seme, Mixel Etxekopar (1963) etiketarik gabekoa da; edo bestela, anitzekoa. Euskara irakaslea eskola publikoetan, txirularia, bertsolaria, kultur eragilea... Tradizioa eta garaikidea ezkontzen ditu egunez egun, umore onez.
Txoriei mintzo zaien gizona zaitugu, kantuan bezala?
Gertatzen zait txoriekin mintzatzea, baina nahi nukeen baino bakanago. Txorien mundua, azkenean, bakarrik poetikoki ezagutzen dut, beti haur denborari loturik, ez zientifikoki. Orain musikalki egiten dut lotura hori, eta asumitzen dut egiten dudan txorien musika musika dela. Musikak komunikatzen duen bezala, ni txoriekin komunikatzen naiz. Ihizian ere hasi nintzen, baina ez nuen karrerarik egin, sobera ekologista bainintzen.
Eta txirulari gisa, txoriez gain, Etxahun- Iruri ere erreferentzia da?
Pertsona gisa ene erreferentzia handienetarik bat izan da Etxahun. Xantza ukan dut, zeren hiru-lau urtez ezagutu dut hurbiletik, elkarrekin ari baikinen. Ikusten nuen txirulari gisa, baina plazagizon gisa ere; kobla bat igorri behar bazen, hark igortzen zuen, inprobisaturik, eta nik hori ez nuen ezagutzen... Baina txirula, haatik, beste norbaitekin ikasi nuen.
Baina zureak, gainera, badu alde garaikidea...
Etxahun nonbait iraultzailea zen... Lehen pastorala Etxahun Barkoxeri buruz egin zuelarik, oraingo begietatik ikusirik, iraultza izan zen, euskal gai bat hartu baitzuen. Gainera, Etxahun Barkoxe! Haren memoria minbera zen Barkoxen, halere behar zen ausartu. Ez dut uste gehiago naizenik. Berak dantza jauzi bat asmatu zuen; nik sekula ez nuen pentsatuko, hark egin izan ez balu.
Hego Euskal Herrian askok Zuberoaz ikuspegi berezi bat badute. Nola ikusten duzu hori?
Gaztetan, Hegoaldera joaten ginenean, erregeak bezala hartzen gintuzten, eta hori ez nuen jasaten ahal. Erraten ziguten: «O, Xiberoa, gure baratzea, gure Edena». Beti erraiten nien hemen badela besteetan bezainbeste astapito, ez gehiago, ez gutiago. Mito horrek ez dakit eragina ukan duen gu ere garaikide gisa bizitzeko, eta ez fosil gisa.
Badira urteak Xiru festibala antolatzen duzula Gotainen. Zergatik ez du biltzen pastoral baten publikoaren heina?
Beharrik ez dugun hein hori biltzen! Itoko ginateke! Xiruren programa banatzen dudalarik jende talde batean, erraten diet: zuek ezkerrekoak jin zaitezte, baina zuek eskuinekoak ez, ez baitugu denentzat lekurik.
Xiruk nolako bidea egin du?
Hasieran tradizio munduko txirulariak biltzen zituen, euskaldunak eta kanpokoak. Gero, ohartu ginen txirula horren gibelean oihan bat bazela eta oihan hori tradizioa deitzen dela. Urtez urte ohartu gara tradizioa mugimendua dela. Bernard Lubatek erraten du, probokazioz, tradizioa dela asmatzen ez denean geratzen dena.
Transhumantzia diskoak sari bat kausitu du berriki. Ezagupen horrek zer ekartzen dizue François Rosseri eta zuri?
Egiten genuena, berez, zuzeneko emanaldia zen. Azkenean, grabatu genuen. Ez dira kantu hutsak, baina bai zintzarrada, txistua, harrabotsa, inprobisatzea... Hori publikoki nola asumitu? Ez dut sekula ukatu, baina holako akademia batek ikusten duelarik hor badela zerbait, haien erranetan, tradizioa tratatzeko manera garaikidea, plazer egiten du, bai.
Xede guztiek ez dute holako ezagupena kausitzen. Hebentik kolektiboarekin ere badira urteak ari zaretela, nola erantzuten dute instituzioek?
Bitxia da, zeren iduri du onartuak garela, eta estimatzen dugu. Xirun, adibidez, laguntzak baditugu, ikusten badute ere gureak ez direla koadroetan sartzen. Onartuak gara espazio atipiko gisa. Hebentik-ekin partaidetzak ukan ditugu, lau bat urtez Udalbiderekin, iragan urtean Xora filmarentzat Akitaniarekin... Baina xedeen arabera ari gara, ematen dizkigun muga eta askatasunekin. Egiten dugu nahi duguna, nahi dugunekin.
Horren ordaina da kulturatik ez bizitzea. Zu irakaslea ere bazara...
Frantses eskola publikoetan naiz, nonbait armadako koadro batean bezala. Baina koadro horretan kasik hasieratik ukan dut parada euskara irakasteko, molde homeopatiko arin-arinean. Badakit astean oren batekin ez dudala inor ere euskaldunduko, eta hori gaitz da asumitzea. Baina saiatu musikarekin, kantuarekin, kontzientzia zerbait piztea, eta ikusten dut batzuek maitasun hori badutela.
Arranguratzen zaitu euskararen egoerak?
Ikusi behar zein zulotik so egiten den; ikusten bada estatistiken aldetik, zeure buruaz beste egiteko gogoa duzu. Ikusten bada dinamika aldetik, harritzekoa da nolako liliak sortzen diren. Ni dinamikan paratzen naiz usu.
Mixel Etxekopar
«Urtez urte ohartu gara tradizioa mugimendua dela»
Ezagutzen ez duena harritu ohi du bere txistuarekin. Kursaalean edo Gotaineko kiroldegian, mikrofono aitzinean, berdin imitatzen ditu txoriak. Gainera, musikaria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu