Usoen aurkako guda

Uso izurritea dago Beriainen, eta bizilagunak kexatu egin dira. Arazoa amaitzeko helburuarekin, hegazti harrapari bat askatzen hasi dira herrian orain dela gutxi.

Ilargi Agirre.
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Usoentzat paradisua zenBeriain (Nafarroa). Bizileku aproposa aurkituta, gustura eta lasai bizi ziren hango teilatuetan, duela gutxira arte. Zoriontasuna ere noizbait amaitzen da, ordea. Lehen paradisu zena infernu bilakatzen ari zaie orain, eta erdigunetik alde egiten hasi dira hegaztiak. Aldaketaren errudun nagusia Irineo Corral da. Herrian dagoen uso izurriteari aurre egiteko, hegazti harrapari bat askatzen hasi da egunero, usoak uxatzeko.

Beriainen bertan bizi da Corral, eta duela bi urtetik bizilagunentzat egoera jasanezina bihurtzen ari zela dio. «Uso gutxi batzuek ez dute trabarik egiten, baina berrehundik gorak bai». Hegazti horiek, teilatuetan habiak egin, eta gorotzekin kaleak, leihotik zintzilikatutako arropa, eraikinetako hormak, frontoia eta beste zikintzen zituzten. Arazoari errotik heldu nahian, konponbide bila hasi zen udala. Corralek borondatez aurkeztu zuen orduan bere burua.

Lau hegazti harrapari ditu, eta horietako bat ari da erabiltzen usoak uxatzeko: Harry's motako arrano bat. «Herrian askatu, eta teilatuen parean egiten du hegan, nire gainetik, nire mugimenduei jarraituz. Txakurra paseatzera ateratzea bezala da», azaldu du txantxetan. Arranoa usoen harraparia izanik, gerturatu orduko usoak beldurtu egiten dira. Denboraldi batez arranoa libre utzita, usoek bizitoki txarra dela pentsatu etabeste norabait alde egitea espero dute. Corralek dio garrantzitsuena dela gauetan usoak herrian lo egiten ez geratzea.

Arranoa, aske

Jendearengandik hurbil arriskurik gabe ibili ahal izateko, ongi hezia du arranoa: «Oso otzana da, eta ez dio inori erasotzen». Nolanahi ere, azken egunetan bere kasa dabil. Ez dauka gogorik bere jabearengana itzultzeko. «Usoak ehizatzen eta jaten pasatzen du eguna, eta ez dit kasurik egiten. Deitu, eta ez da nire eskularrura etortzen. Askorik ere ez zait axola; badakit ez duela herritik alde egingo, janariak hor jarraitzen duen bitartean». Arranoa kirolari bat bezalakoa dela nabarmendu du, eta zaindu egin behar zaio horregatik elikadura. Makina bat urtetatik datorkio afizioa Corrali, eta oso argi duharrapatzeko zer egin behar duen: «Begira egongo naiz, eta gosez dagoenean teilatuan kaiola bat jarriko diot, barruan uso batekin. Berehala eroriko da tranpan».

Herritarrek gustura hartu dute bizilagun berriaren etorrera. Abisua eman zitzaien balkoietatik txoriak edo maskota txikiak ken zitzaten, badaezpada ere, eta kexurik gabe bete dute. «Nire atzetik jende ilara etortzen da egiten dudana ikustera. Telebista balitz bezala egunero egoten dira zerura begira».

Usoak uxatzeko hegazti harrapariak erabiltzea tradizio handiko teknika da, eta oso zabalduta dago. «Madrilgo Barajasko aireportuan, adibidez, urte osoan izaten dute hegazti harrapariren bat. Zabortegietan eta beste zenbait herritan ere erabiltzen dute». Otsaila arte dute asmoa horrela jarraitzeko. «Harrapariei lumak berritzen zaizkie orduan, eta atseden hartu behar dute. Usoak itzultzeko arriskua beti dago, hala ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.