Usteltzen utziko dute balea

Elantxobetik gertu agertutako baleak arazo ugari sortu dizkie herriko bizilagunei. Animalia handik mugitzeko modua bilatu ostean, mareak eta usteltze naturalak konpondu dute arazoa.

Elantxobe
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Hamabost tonako arazo batekin bizitzera ikasi behar izan dute Elantxobeko herritarrek (Bizkaia), martxoaren 27tik. Izan ere, balea bat hilda aurkitu zuten herritik nahiko gertu dagoen itsaslabar batean.

Kostako alde horrek oso sarbide zaila du, eta zetazeoa handik mugitzeko operazioak ekarriko lituzkeen gastuak direla medio, administrazioen artean ez da akordiorik egon. Ondorioz, usteltzen zegoen animaliaren kiratsa Elantxoberaino iritsi da egunetan.

Eguneroko bizitzan eragina izan du usainak. Horretaz gain, Aste Santua oso hurbil zegoen animaliaren gorputza agertu zenean, eta horrek herria ikustera hurbildu zitezkeen turistak uxatuko zituen beldur ziren. Elantxobeko Udala Espainiako Ingurumen Ministerioaren menpe dagoen Kosten Mugapea erakundearekin harremanetan jarri zen, arazoa konpontzeko helburuarekin, baina ez zuten arazoa beren gain hartu. Bitartean, Ambar itsas fauna kontserbatzeko lan egiten duen elkartea eta Frantziatik etorritako zenbait zientzialari balea aztertzen aritu dira.

Ambar elkarteko zuzendariorde Enrique Francok azaldu duenez, elkartea Bizkaian zein Gipuzkoan hondartutako baleak aztertzen dihardu 1996tik. Lagundu bai, baina «erabakitzeko ahalmenik» ez dutela ohartarazi du. «Animalia bizirik badago, itsasora bueltan eramaten saiatzen gara, eta hilda badago, nekropsia egiten diogu, eta zer egin daitekeen iradokitzen dugu».

Elantxobetik Ibarrangelura

Francok azaldu du elkartea lanean ari denetik horrelako kasuetan balea mugitzeko ardura beti Kosten Mugapeak hartu duela bere gain. Oraingoa, berriz, «inork ez zuen balea hortik mugitzeko baliabiderik». Haren ustez, balea agertu zen lekua kontuan hartuta, Ingurumen Ministerioaren menpeko erakundeari dagokio zetazeoaren gaineko ardura hartzea. Hala ere, «haiek argi esan zuten ez zutela balea handik mugituko, ez zegoela horretarako baliabiderik, eta ez zegokiela beraiei».

Krisiak eragindako aurrekontu urritasunak azal dezake Kosten Mugapeak hartutako erabakia. Francoren hitzetan, «diru asko behar da» balea zegoen lekutik mugitzeko, eta operazioa egin ahal izateko ere baimen asko lortu behar da. Ambar elkartekoak irtenbide bat aurkitu nahian ibili ziren, Ipar Euskal Herriko erakundeekin eta Iberiar penintsulako zein Kanaria uharteetako erakunde zientifikoekin harremanetan jarrita, «baina inork ezin zuen ezer egin», azaldu du Francok.

Frantziako erakunde zientifikoei eskaini zieten balearen hezurdura, baldin eta haren garraioa beren gain hartzen bazuten. «Etorri ziren, baina operazioa ezin zuten ordaindu». Frantziatik etorritako zientzialariekin izandako elkarrizketetan sortu zen balea zegoen lekuan bertan errausteko ideia. «Horrek hamar edo hamabi orduko errausketa egitea ekarriko zukeen, baina arazoa behingoz bukatu egingo zen».

Aukera hori aztertzen zebiltzala, baina, itsasaldi biziak 150 metro urrundu zuen zetazeoa, apirilaren 4an. «Gutxinaka, mareak urrundu zuen balea Elantxobetik». Harrezkeroztik, ez dago arazorik herrian, jadanik kiratsa ez delako bertara iristen.

Gainera, usteltze prozesuaren ondorioz, animalia zatituta geratu da, eta gorpuaren zatirik handiena orain Ibarrangeluko kostaldean egon arren, haragi pusken sakabanaketak eta deskonposatzeak beren kabuz egingo dute azken lana. Beraz, naturaren prozesuak alde izan dituzte Elantxobeko herritarrek: alde batetik, mareak herritik urrundu du gizakien teknikak urruntzen jakin ez duen balea, eta, bestetik, gorpuaren usteltze naturalak osatu du lana.

Elantxobeko alkate Koldo Olagibelek baieztatu duenez, zetazeoa herritik kilometro eta erdira dago orain. Hala ere, «albokoak» lagunduko dituela esan du Olagibelek. Animalia udalerritik kanpo egonda ere, arazoa behin betiko konpon dadin Ibarrangeluko Udalarekin bat egingo duela aditzera eman du Elantxobeko alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.