Usurbiltzen elkartea 'basherri' talde bat al da?
Usurbiltzen basherri taldea bat da, eta 2009ko udazkenean sortu zen; beste basherri taldeak bezala, ekoizle eta hartzaileen arteko harreman zuzena eta konfiantzan oinarrituta dago, eta, horretarako, hilean behin biltzen gara. Taldearen funtzionamenduari buruzko erabakiak hartu ondoren, 2010eko urtarrilean jaso genuen lehenengo barazki otarra. Hasierak batzuetan luze jotzen dute, baina uda hasierarako talde nahiko handi batek jasotzen zituen astero barazkiak. Ordutik, hazten goaz pixkanaka.
Basherri taldeen oinarrizko elikagaia barazki otarra izaten da, baina baratzea dutenei ere irekia dago. Barazkiez gain, beste zenbait gauza ere jasotzen ditugu, Usurbilen bertan edo inguruko herrietan ekoiztuak direnak, hala nola arrautzak, mermelada, ogia, gazta, jogurtak.
Denborarekin, gauzak finkatuz joan diren heinean, taldekideen behar edo nahien arabera eskaerak zabalduz joan gara. Orain, hilabetean behin laranja ekologikoak ekartzen dizkigute Valentziatik. Urtean bi aldiz arroza, garbantzuak, dilistak eta ardoa Nafarroatik ekartzen ditugu, eta azukrea, olioa, irina eta bestelako produktuak ere ekartzen ditugu.
Kalitatezko eta batez ere konfiantzazko elikagaiak lortzeaz aparte, bestelako ekintza batzuk ere antolatzen ditugu, besteak beste, ikastaroak eta ekozinemaldia.
Orain arte antolatu diren ikastaroak denetarikoak izan dira, beti ere nekazaritza ekologikoa edo elikagaiaren gaiari loturikoak. Adibidez, hiriko baratzeari buruzko ikastaroak bi aldiz egin dira, hau da, terraza eta balkoietan barazkiak landatzeko teknikei buruzkoa. Ogia etxean egiteko hirugarren ikastaroa ere antolatzen ari gara. Irailetik ekainera bitarte, oinarrizko eta sasoiko sukaldaritza ikastaroak martxan daude, eta bi taldek osatzen dute. Bestalde, sendabelarren ikastaroa ere hasi berri dugu.
Ekozinemaldia ere antolatzen dugu, Ekologistak Martxan-ekin batera, eta hurrengoa otsailaren azken astean izango da; hemen zor ekologikoa eta elikadura subiranista lantzen da batez ere, horren helburua gure inguruan eta herrialde pobreetan gure kontsumo masiboak duen eragina aztertzea eta ezagutzea da, informazioa lortzea eta zabaltzea izaten baita lehen pausoa.
Denok badakigu gure lurrak, paisaiak eta baserritarrak jasaten ari diren egoera larria dela, gure kontsumo ohiturak erabat aldatu direlako azken urteetan, horrek dakarren bizi-kalitatearen gainbeherarekin, egunez egun urrunagotik ekartzen dituzte janari merkeak hemengo ekoizleak bizirik iraun ezinik dabiltzanean, beste herrialdetako nekazarien bizi-baldintzetan ere kalteak eraginez. Horregatik, animatzen zaituztet zuen inguruan dauden basherri taldeetan parte hartzera edo talde berri bat sortzera. Denon ardura baita ingurumena zaintzea, eta hori janari goxoak dastatuz eta baserritarrekin harremanetan jarriaz lortzen da. Ez da hain zaila, ezta?
@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Usurbilen ere bada 'basherri' taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu