Araba ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen GR-1 Zidor Historikoa bidaide, gaztelania hizkuntzaren lehen adierazpenak gordetzen dituen Valpuestako monasterioraino iritsiko gara. Beraz, behiala Kantauriren eta Ebroren artean existitu zen erlijio-gune garrantzitsua bisitatzeko parada eskainiko digu ibilbide honek. Ler gorriko basoak eta arte xumeak gogaide, bertaraino iritsiko gara. Gero, ahanzturan galdutako PR A-5 zidorrari segika, Raso gailurrera igoko gara. Jaitsiera azkarra egingo dugu ondoren, eta, ziztu bizian, edertasun handiko paisaia baten aurrean jarriko gara: Valparaiso deritzon natur esparruan.
VALPUESTARAKO BIDEA. Villanueva Gobiaran herrian hasiko dugu ibilbidea. Udaletxe ondoan abiatzen den San Martin kalean gora egingo dugu. Angulotarren jauregi paretik igaro, herriko azken eraikinak atzean utzi eta Valparaisoko San Martin aldera doan nekazari bidearekin bat egingo dugu. Ibilbide honen itzulera San Martin ingurutik egitea egokiagoa baita, pistatik aterako gara laster, GR-1 zidorraren seinale bat ikustean, hain zuzen. Hala, ortuen artetik igarota, kolore gorri eta zuriek adierazitako noranzkoari ekingo diogu. 180 graduko bira egingo dugu aurrerago, eta, orduan bai, maldan gora hasiko. Valpuestara iritsi baino lehen, bi alanbre zeharkatu beharko ditugu. Lehena laster ikusiko dugu, abiapuntutik minutu gutxira. Alanbre hura zeharkatuta, gora doan bideari muzin egin eta ekialdeko norabideari eutsiko diogu. Aurrerago, Gurendes herrira jaisteko aukera emango digu GR-1 zidorrak. Desbideratze hori bazter eginda, haatik, zehar-zehar jarraituko dugu, Araba eta Burgosko mugan kokatutako alanbre bateraino. Valpuestara jaisteko unea izango da orduantxe, baita pausoak harantz bideratzekoa ere. Alanbre zahar baten ondoan ibiliko gara hor ere eta, astiro-astiro, herrira iritsiko.
Valpuestako basilikaren eta dorretxearen ondo-ondotik igaroko gara, eta Miomara doan errepidetik segituko dugu. Valpuestatik kilometro batera edo, hots, ur biltegi bat atzean utzi eta berehala, asfaltoa laga eta eskuinetik irteten den basa bidetik segituko dugu. Miomara iristeko asfalto gainetik egitea erosoena den arren, zidorrez zidor hurbiltzea hobetsiko dugu, nahiz eta basoan barrena desnibel txiki bati aurre egingo beharko diogun. Horiek horrela, minutu batzuk emango ditugu basa pistatik; errepidearen aldamenean hasieran. Talaia moduko batera iritsiko gara gero. Pista nagusiak hego-ekialderanzko norabidea hartuko du hantxe, eta pittin bat desitxuratu ere egingo da. Iparraldera begira, berriz, Miomako baserriek eta elizak erakarriko dute arreta. Iparraldera jaisteko edota zuzen-zuzen Miomara abiatzeko unea izanagatik ere, magalez magal jaisten hasiko gara, alanbre zahar bat eta mugarri batzuk bidaide. Xenda bat besterik ez bada ere, aurrera egin ahala, hura erabat desagertu eta bete-betean hartuko gaitu pinudiaren itzalak. Lerrotik aldendu gabe, hortaz, Miomatik gertu dauden galsoroetara jaitsiko gara. Errota eta iturritik igaroz, Mioman sartuko gara.
GOBIARANGO GAINA. Elizako auzunera iristean, eskuinera egingo dugu Real kaletik, eta ekialdeko auzora iritsiko gara. Astulez herrira doan nekazari bidean jarriko gara laster. Nekazari bideak lagunduta, ekialdeko norabideari eutsiko diogu, Lepoa deritzon mendateraino. Harresi bat eta burdinazko ate bat ikusiko ditugu han. Eskuinera egingo dugu lepoan eta, alanbrea zeharkatuta, hegoaldera egingo. Soilgune batera iristean, zuzen segitu eta, pista nagusitik aldendu gabe, Raso mendiko atakara igoko gara. Eskuinera egingo dugu goian, eta, begi kliska batean bezalaxe, Raso tontorra erraz-erraz zapalduko dugu. Mugarri handi batek babesten du gainaldea. Panoramikaz gozatzeko hobe alanbreaz bestaldean zabaltzen den larreetara jotzea, bertatik Gobiarango bazter anitz deskubrituko ditugu eta.
Alanbrea lagun, itzulerari ekingo diogu. Hegoalderantz jaisten hasi eta berehala, desbideratze bat utziko dugu ezkerrean eta, pista nagusiari men eginez, goratasuna galtzen segituko dugu. Beherago, pistak behe-ibarreraino zuzenduko gaitu. Behe-ibarretik aldendu gabe, beraz, Valparaisoko San Martin deritzan zelaigunera iritsiko gara. Eskalada egiteko hainbat bide egokitu dituzte bertan, eta beste batzuk debekatu egin dituzte, landaretza eta hegaztiak babesteko. Hilobi antropomorfo batzuk ikusiko ditugu haitzaren babesean, Valparaiso bera izan baitzen eremiten babesleku Goi Erdi Aroan. Haitzaren babesean, X. mendean existitu zen monasterio baten arrastoak ikus daitezke: eraikin zaharrari eusteko haitzean egindako zuloak, besteak beste. Zelaigunea zeharkatuta, nekazari bide batek Villanuevara eramango gaitu.
Mendi ibilaldia
Valpuesta eta Valparaiso. Gobiarango pasaiak
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Villanueva Gobiaran, Valpuesta, Mioma, Raso
- Distantzia: 11,5 km.
- Iraupena: 3 ord eta 15 mn.
- Ingurunea: Gobiarango zidorrak lagun, Valpuesta, Mioma eta Valparaisoko San Martin gune naturala bisitatuko ditugu.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu