Zibergela

Webgintzan parte hartzen duten teknologiak

Erabiltzaileak nabigatzailetik webgune bat ikusten duen bezala ikusteko, teknologia askotarikoek hartzen dute parte prozesuan. Batzuek zerbitzariarekin lotura daukate; beste batzuk, berriz, nabigatzailean exekutatzen dira.

Webgintzan gehien erabiltzen den teknologia da HTML. BERRIA.
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Bitarlan Informatika eta Web Zerbitzuak

Erabiltzaile batek bere nabigatzailean ikusten duen webgune bat garatzeko, teknologia askotarikoak erabiltzen dira. Batzuk nabigatzaileak erabiltzen dituen teknologiak dira; beste batzuk, ordea, webgunea ostatatuta dagoen zerbitzariak erabiltzen ditu. Azkenean, erabiltzaileak ikusten duen webgunea da teknologia horien guztien nahasketaren emaitza; alegia, webgunea ostatatuta dagoen zerbitzariak nabigatzaileari informazioa bidaltzen dio, eta, informazio hori prozesatuta eta interpretatuta, nabigatzaileak erakusten dio webgunea erabiltzaileari, ikusten duen informazio eta itxurarekin.

HTML

Webgintzan erabiltzen diren teknologien artean, ziurrenik, HTML da ezagunena. Izan ere, HTML Interneten hastapenetik erabiltzen da, eta HTMLren bitartez sortu ziren lehenengo web orriak. Hala ere, sortu zenetik, teknologia guztiek bezala, aurrera egin du, eta bertsio askotarikoak atera dira, azkena HTML 5 da (http://zibergela.bitarlan.net/2011/11/23/html5/).

HTML izena, HyperText Markup Language adierazpenaren akronimoa da. HyperText hitzak, estekei esker, web orri batetik beste testu batzuetara, alegia, beste web orri batzuetara joateko aukera adierazten du. Markup Language du izena markaketa lengoaia delako. Hau da, etiketen bitartez, web orrian daudenelementuak sailkatzen dira, eta nabigatzaileari esaten zaio zer den parrafo bat, irudi bat,zerrenda bat, taula bat edo titulu bat, besteak beste. Lengoaia horren zehaztapenak W3C (http://www.w3c.org) nazioarteko erakundeak mantentzen ditu. Oso garrantzitsua da zehaztapen horiek eta estandarrak betetzea bai web garatzaileek eta bai nabigatzaileen garatzaileek ere,webguneak hainbat nabigatzailetan era egoki batean ikus daitezen.

CSS

CSS, HTMLren kasuan bezala, nabigatzaileek web zerbitzaritik jaso, prozesatu eta interpretatzen dute. CSS bere jatorrizko izenetik dator Cascading Style Sheets, hau da, Kaskadako Estilo-Orriak. CSSak HTML dokumentuei itxura emateko erabiltzen dira. Hau da, HTMLren bitartez dokumentu edo web orri baten estruktura zehazten da, eta, CSSren bitartez, web orriaren aurkezpena edoweb orriaren itxura. CSS lengoaiaren zehaztapenak W3C (http://www.w3c.org) erakundeak ere zehazten ditu, eta, halaber, kasu honetan oso garrantzitsua da web garatzaile zein nabigatzaileek estandarrak errespetatzea.

Javascript

HTML eta CSS ez bezala, Javascript ez da maketatzeko lengoaia bat, programazio lengoaia baizik. Hau da, javascripten bitartez, web orri funtzionalitate eta eragiketa automatiko askotarikoak gehitu ahal dira. Aurreko kasuetan bezala, nabigatzaileek interpretatu eta prozesatzen dute javascript kodea; hori izan dute askotan buruhauste handia web garatzaileek, batzuetan zaila zelako javascript kode bera hainbat nabigatzailetan ibiltzea, nabigatzaile bakoitzak ezberdin interpretatu ahal zuelako. Hala eta guztiz ere, oztopo horiek hobetuz joaten dira.

Flash

Flash izeneko teknologia oso erabilia izan da animazioak eta beste hainbat eragiketa egiteko; nabigatzaileak exekutatzen du flash fitxategi bat eta pantailan erakusten du. Hala eta guztiz ere, oraindik bideoak on line ikusteko asko erabiltzen bada ere, askoz gutxiago erabiltzen da gaur egun.

Zerbitzarikoprogramazio lengoaiak

Aipatutako teknologiak, esan bezala, nabigatzaileak prozesatu eta interpretatu egiten ditu. Baina, gaur egungo webgune gehienetan, prozesamendurik handiena web zerbitzarietan egiten da. Web zerbitzarian exekutatzen diren programen bitartez, datuak sartzen dira datu baseetan, kontsultatzen dira, prozesatzen dira eta emaitzak HTML eta CSS lengoaiekin nabigatzaileetara bidaltzen dira, horiek informazioa erakuts dezaten. Programazio lengoaia horiek nabigatzailean exekutatzen diren lengoaiek baino askoz gaitasun handiagoa dute, eta horrek ahalbidetzen du web aplikazioak, intranetak eta extranetak garatzea.

Web inguruneko programazio teknologia eta lengoaiarik ezagunenak, besteak beste, PHP, Java, ASP, NET, Python dira. Web aplikazio garatuen hedapenean AJAX izeneko teknologiak ere zerikusi handia izan du. Teknologia hori zerbitzarian eta nabigatzailean exekutatzen da.

Datu baseak

Zerbitzarietan ere datu baseak kudeatzeko sistemak erabiltzen dira, eta web zerbitzarian bertan edo beste zerbitzari batean instalatu ahal dira. Datu base horien bitartez, web aplikazio baten datu guztiak kudeatu eta kontsultatu daitezke. Ohikoenak MySQL, PostgreSQL, Oracle edo SQLServer dira. Lehenengo biak, PostgreSQL eta MySQL datu base libreak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.