Elikadura. Hazkurri kontuak

X-Trem Consumer

2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Foundation, center, team, cuculinary… Neo-ruralismoaren (Julen Arexolaleiba adiskidea gogoan) adierazleakugaltzen ari zaizkigu, sustrai bilaketaz beste aldera. Kontua da, batzuetan, ez garena azaldu beharra; bestetan, dagoena bestela bataiatzea, guk asmatu dugula adierazteko.

Oraingo esakunea kanpotik etorri zaigu: X-trem consumer; herri euskaraz, «muturreko erostuna» esango dugu. Esanahia, ordea, dirudienaz beste aldera, humano edo bidezkoa da, zeharo: produktua aukeratu aurretik, erosketa ahalik eta egokiena izan dadin, neurriak hartzen dituen kontsumitzailea. Denok, hasieran behintzat, egin beharko genukeena egiten duen herritar hori. Muturreko izatetik, gutxi.

Merkatuen ikerkuntzan eta kontsumitzaile profilean arakatzean espezializatua dagoen GfK Emer enpresa alemanak aresti eginiko ikerlan batean hautematen da, krisialdion, marka zuridun produktuen hazkuntza amaitu (elikagai jakin batzuena izan ezik: esnekiak, opil industrialak, etab.) eta, areago, beheraka hasi dela.

Azterlan horretan esaten ez dena da fabrikatzaileen markek gora edo behera egin duten, krisiak erosle guztien patrika astintzen eta ikaratzen baitu.

Muturreko erostuna agertu omen da: produktua hautatu aurretik etiketak behatzen dituena, kalkulagailua baliatzen duena, begien mailako apalekoak besterik gabe eskuratu ordez, goikoen eta behe-behekoen ezaugarriak arretaz irakurtzen dituena, kalitate/kopuru/prezio trinomioaz kezkatzen dena, produktuen aurkezpen eta bilduki ikusgarrien aurrean men egiten ez duena, osagaien jatorria (herriko, eskualdeko, herrialdeko produktuak, deslokalizatutakoak, birlokalizatutakoak…) eta trazabilitatea begiratzen duena, erosketak egitera irten aurretik interneten informazio bila begiratu bat egiten duena, produktuek ingurugiroan nolako inpaktua eragin duten aintzat hartzen duena, fabrikatzaileari ahalegin gehiago exijitzen diona, testuen hizkuntzari erreparatzen diona, produktuaren ekoizpen edo transformazio faseetan gizakiaren esplotazioa gertatu izanaz arduratzen dena, erosketa konpultsiboari —ahal dela— saihets egiten diona, bezeroari oro har eginiko iruzur batzuk gogoan dituena…

Hori ote da X-trem consumer? Orduan, biba zu eta des-hazkuntza!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.