Igo zara Kingstown gaineko Fort Charlottera?». Saint Vincent eta Grenadinetako hiriburuko muinotik oso ikuspegi ederra dago, bai Grenadinetara uharteetara, bai Saint Vincenteko mendietara, tontor guztien gainetik harro-harro ageri den Soufriere sumendiraino. Baina beste motibo batengatik galdetu dit Oswald Robinsonek britainiarrek XIX. mendean eraikitako gotorlekuan egon naizen: «Kanporantz, itsasorantz apuntatzen egon ohi dira kanoiak Kariben. Bada, hemen barrualdera begira daude kanoien ahoak. Itsasotik eraso egin zezaketen piratei eta potentzia arrotzei baino beldur handiagoa zieten uharte barruko biztanle garifunei».
Saint Vincenteko aireportua Europako eta Ipar Amerikako hegazkin handientzat egokitu gabeko bakanetakoa da Kariben; inguruko uharteetatik bakarrik datoz hegaldiak. Ondorioz, turista gutxi dator beste Antilla batzuen aldean, Grenadinetako uharte txiki batzuk milaka dolarreko luxuzko oporretarako egokitu dituzte, baina biztanle gehienak bizi diren Yurumein zaharrean (hala zeritzen garifunek Saint Vincenti), zuri gutxi dabil.
Mapan begiratuta Kuban edo Puerto Ricon hasi eta Venezuelan amaitzen den Antilletako uhartekateko puntu bat gehiago dirudi Saint Vincentek. Historiari begirada bat emanda, baina, izaerari tinko eusten jakin duen lurraldea dela ikusiko dugu. Kolonek eta dozenaka nabigatzaile europarrek itsasotik begiztatu arren, gutxi ausartu ziren bertan lurreratzen. Europarrek karibe eta indigenek haien buruari garifuna edo callipuna indigenek borrokalari fama zeukaten, eta kontinenteko agiriak agiri, asmatu zuten espainiarrei, frantsesei eta ingelesei kostaldetik urrun eusten. Indigenen eskubideak errespetatzen zituen akordioa izenpetzera ere behartu zituzten europarrak XVIII. mendearen erdialdean, lehen europarra Antilletara iritsi zenetik ia 300 urtera. Europar zuriekiko jarrera borrokalariaren aldean, bestelakoa izan zen Afrikan bahitu eta esklabo ekarri zituztenekikoa. Afrikar-amerikar etnia berezia sortu zen Antilletan, halako hibridoak gerta daitezkeen txoko bakanetakoan.
XVII. mendean Espainiako esklabo-ontzi bat hondora joan zen Saint Vincent uhartearen inguruan; urteari eta banderari buruz bertsio gehiago ere badaude, eta badira, halaber, naufragioa europarren manipulazioa dela diotenak, afrikarrak matxinatu, esklabo-saltzaileak hil eta uhartera iritsi zirela ezkutatzeko. Nolanahi ere, afrikar haiek uharteko indigenekin bat egin zuten eta bien kulturak nahasi ziren. Mende eta erdian inguruko uharteetatik ihes egindako esklaboen babesleku bihurtu ziren Saint Vincenteko garifuna komunitateak. Harik eta XVIII. mende amaieran azken gerra piztu, 1795ean ingelesek Chatoyer buruzagia hil eta garifunak Erdialdeko Amerikara deportatu zituzten arte.
GAURKO GARIFUNAK. Oswald Robinson irakasleen sindikatuko burua uhartean geratu ziren garifuna apurren ondorengoa da, eta Munduko Garifuna Batzordeko arduraduna ere bada. Berari zor zaio herri horrekiko ikuspegiaren aldaketa neurri handi baten, eta turismo-enpresen interesen gainetik Balliceaux uhartea ondare gune sakratu bihurtzeko egitasmoa. Chatoyer buruzagiaren hilketaren ostean, uharte hartan egon ziren gatibu garifunak zortzi hilabetez, Erdialdeko Amerikara deportatuko zituzten ontziak iritsi artean. Ia bost mila garifuna hil ziren Balliceauxen edo deportaziora bidean.
«Europarren historiak dio Kolonek lehendabizi ikusi zituen taino edo arawak indigenak baketsuak zirela, eta bazela karibe deitu zioten beste herri anker bat». Hortik eratorri ei zen kanibal hitza ere, «basatiak» zapaltzeko argudioen bila. «Baina hara, karibe deitutako hizkuntza hori, garifunen garinagu hizkuntza, arawaka da batez ere. Europarrek beti erabili dute zapalkuntzarako argudioa: tainoak desagerrarazi ostean, karibeak basatiak ziren, gero garifuna beltzek esklabotzaren aurkako oinarri sendoa zirelarik, karibe horiak eta beltzak bereizi zituzten, afrikarrekin zeukaten nahasketaren arabera. Beltzak gaiztoenak ziren, noski, eta azalez argienak ziren garifunei edo harrapatzerik izan ez zutenei soilik utzi zieten hemen bizitzen», dio Robinsonek. Lehen begiratuan antillar gehienen azal beltza izan arren, zantzu amerindiarrak ere ageri ditu. «Gure arbasoei kanibal deitu zieten, suntsitzaile deitu zieten, esan zuten ez zirela kristauak, ez zirela zibilizatuak, errazkeria osoz, egin kontu sasoi hartan ez zirela terrorismo eta inbasio hitzak erabiltzen».
Arrazaz haratago, bazterketaren eta gutxiespenaren aurkako borroka egin dute Saint Vincenten, «karibe ankerren» mitoaren aurrean errebelde eta esklabotzari aurre egiten zion herri matxinoarena indartuz. Eta Ralph Gonsalves buru duen gobernu ezkertiarrak bere egin du garifunen borroka, britainiar kolonia ohiaren harrotasunezko ondare bihurtzeraino. «Bada garaia kolonialistek herri indigenei ezarritako gutxiespeneko izen hori geure burutik kentzeko, callinago (garifuna) zeritzen haien buruei herri baketsu haiek».
«HIZKUNTZA BERRESKURATU BEHAR DUGU». Kingstowngo portu inguruan sekulako mugimendua dago etengabe: honaino heltzen dira uharte txikietako ontziak, gurtzeru handiak eta merkantzia-ontziak, arrain, ortuari, arropa eta beste dozenaka gairen azoka koloretsua ere portu inguruko kaleetan dago, eta uharteko txoko urrunetaraino doazen furgonetak hemendik abiatzen da, calypsoa, reggaea, dancehalla eta paraje honek munduari emandako doinuak ahalik ozenen.
Irlako hegoaldean haranetan barneratzen den bideren bat salbu, kosta-lerrotik doaz arrautza itxura daukan uharteko errepide nagusi biak. Ekialdekoa hartu dut, harea beltzeko hondartzak eta ozeano Atlantikoko olatu harroak alde batean eta enbor fin eta luzeko zuhaitzez osatutako oihana bestean, nor garaiago iristeko lehian.
Zuberoaren erdia baino ez da hedaduran Saint Vincent, baina ordubetetik gora behar da Sandy Bayra iristeko. Han aurkitu dut Chatoyer gazte erakundeko Nixon Lewis, etxean lanean, jostuna baita. Estatu txiro bateko eskualderik txiroenean gaude, baina azken urteetan asmatu dute gutxiespena harrotasun bihurtzen. «Duela hogei bat urte hasi ginen gure kultura berreskuratzeko lanean, baina azken hamar urteetan-edo indartu da elkartea, eta garifunekiko interesa». 1995ean manifestazioa egiten hasi ziren martxoan, Chatoyerren hilketaren urteurrenean, eta azken urteetan Gonsalvesen gobernuak martxo osoa izendatu du «heroien eta ondarearen hilabete».
«1998an serio lanean hasi ginen, informazioa biltzen, Belizetik jendea etortzen hasi zen, ohiturak berreskuratzen; ministro baten emaztea Belizeko garifuna da». Pozik dago Lewis gobernuarekin, eta egindako bidearen ondotik, badaki zein den falta den urratsa: «Asko egin dugu, baina orain hizkuntza berreskuratu behar dugu». Esan eta egin: Sandy Bayko kultur etxean Let's Talk Garifuna (mintza gaitezen garifuneraz) programari ekin zioten martxoan. Garifuna kulturari buruzko liburuez gain, Belizeko irakasle bat kontratatu dute komunitatean hizkuntza zaharra berreskuratzeko. Eskoletan eta garifuna irratiaren bidez hedatuko dute programa.
Sandy Baytik iparrerantz beste komunitate garifuna txiki batzuk daude. Owia ederra eta behartsua da, itsasertzetik Saint Lucia uhartea ikusten da egun argiz, Karibek eta ozeanoak bat egiten duten lekuan. 1902an Soufriere sumendia erupzioan hasi zenetik uharteko perimetro osotik zihoan errepidea etenda dago iparreko muturrean. Mendebaldeko herrixketara iristeko, sumendiko txango nekagarri bezain ikusgarria egin behar da edo itsasertzean gogortutako laba gainetik joan, betiere oinez. Errepidez ailegatzeko era bakarra atzera ere hegoaldera, Kingstown hiriburura joatea da, eta handik ipar-mendebalderantz jarraitzea.
Hala iritsi gara Rose Bank-era. Sumendiaren oldarrak desplazatutako biztanleek sortutako herrixka horretan bizi da miss Charlotte. Garifuna ondarearen memoria biziduna da, ikusmena galduta ere antigoaleko etxetresna, ohitura eta plater guztiak azaldu dizkit, baita josteko eta janzteko usadioak ere. Aldameneko etxean plaka txiki batek gogorarazten du hor bizi izan zela Jim Augustus Roberts, «azken buruzagi karibea». Semea bizirik du, eta harro erakusten ditu bere aitaren argazkiak.
Kingstownera bidea hartuta, turisten ohiko geldialdia egin behar izan dut Wallillaboun. Karibeko piratak filmeko pasarte asko badia eder horren inguruan filmatu zituzten, eta turistentzat utzi dituzte Johnny Depp eta enparauentzat egindako dekoratuak. Baina inork ez du aipatzen garifunek Disney konpainiari egindako kritika, XXI. mendean ere indigenen aurkako estereotipoekin jarraitzeagatik, basati kanibal modura erakutsiz.
GARIFUNEN BILA, ITSASOZ. Windward eta Leeward izena daukate Saint Vincenteko errepide biek, haizealde eta haizebe euskaraz. Antilletan oso garrantzitsuak diren berbak dira, alisioen eragina eta urakanen arriskua neurtzeko eta nabigazioan baliatzeko. Bequian, Grenadinetako uharte handienean gorde dute sasoi bateko baleazaleen ohitura, urtero lau balea harrapatzeko baimena daukate. Aro kolonialetik zetorren tradizioari libre geratu eta arrantzale bihurtutako esklaboek eutsi zioten, eta balea harrapaketan jarraitzen duten Karibeko herri bakarra dira.
Garifuna kultura ezagutzeko bidaiaren lehen zatia amaituta, ez dago kontinentera artez doan hegaldirik, aldameneko uharteren batetik utzi beharko ditut Antillak atzean. Grenadinetako uharte katea itsasoz egitea erabaki dut, Grenadaraino iritsi eta handik kontinentera hegazkina hartzeko. Turisten gurtzeru erraldoiek sarri egiten duten ibilbidea izan arren, badago merkeago eta era hurbilagoan bidaiatzerik. Barracouda ontziak ez du gurtzeruen erosotasunik, baina mundu bat biltzen du bere uharak. Antilletako bizitza daroa, salgaiz gainezka Mayreau eta Canouan izen ederreko lurralde txikietan geldialdiak eginez; lehen piraten gordeleku zena musika eta zinema munduko izarren aterpe da egun harea fineko txokoetan. Eta horien ondoan vincy (St. Vincentekoei emandako izena) irribarretsuak, zapalkuntzaren eta odolez idatzitako historiari bizimodu lasai eta itxaropentsuan aurre egin guran. Hurrengo helmuga, Belize.
Yurumein zaharraren bila
Izaerari tinko eusten jakin duen lurraldea da Saint Vincent uhartea. Nabigatzaile gutxi ausartu ziren bertan lurreratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu