Komunikazioa. Ekografiak

Zaharkituak jaio

Aritz Galarraga.
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Informe semanal beteranoak badu zerbait euskaldunokin. Ez dakit tema deitu, obsesioa, edo pagotxa. Kontua da saioak antenan daramatzan 38 urte luzeetan (halako markarik!) maiz eskaini izan diola tartea euskal gatazka gisa definituko dugun magma konplexu horri. Azkena, pasa den larunbatean. ETAko presoak ardatz zituen erreportaje bat izan zen, ETA, entre rejas: laburra, 15 bat minutukoa, zahartzaroari buruzko baten eta malariari buruzko beste baten ondoan. Erreportajea egiteko aitzakia, presoen koletiboak Gernikako Akordioarekin bat egin duela. Hasieran, testuinguruan jarri zuten gertakaria, eta erantzunak eman zituzten: Rubalcabak, pauso bat gehiago dela, ez behin betikoa; Raxoik, komunikatu bakarra espero dutela: disoluzioa.

Hortik abiatuta, imajinazioa askatu zuten kazetariek, euskal gatazka esan diogun horri lotzen zaizkien askotan ohi duten legez: beldurrezko film bateko soinu banda, hain gustuko duten izengoitien erabilera, artxiboko irudiak barra-barra, eta ez garai onenetakoak. Presoen artean izan diren iritzi ezberdinak nabarmendu ziren bereziki, eta onak eta txarrak zeintzuk diren argi utzi ziguten teleikusleei. Erreportajea ixteko, Patxi Lopezek pasa den ostiraleko osoko bilkuran egin zuen diskurtsoa aitatu zuten, lehendakariak presoen balizko gerturatzerako egin zuen proposamena (edo hori uste dut, aldrebesa izan baitzen oso erreferentzia; bide batez, ze poetikoa iruditu zitzaidan penados terminoa).

Pasa den larunbateko Informe Semanal ikusten, ordea, sentsazio arraroa izan nuen: gertakari berri-berriak hunkitu arren, azken astean gertatutakoak azaldu arren, zaharkitu usaina hartu nion erreportajeari. Izan ere, hilabeteetan, ze hilabeteetan, urtetan apenas mugitu den erraldoia, badirudi pixkanaka-pixkanaka ari dela aurrera, edo atzera, baina ez dagoela lehen bezala geldirik. Azken egunetako gertakari garrantzitsu gehiagok ez dute izan kabida larunbateko erreportajean, informazioa bera baino azkarrago etorri dira kasik: batetik, ETAk Egiaztatze Batzordea ontzat jo duela eta laguntzeko prest agertu dela; eta, bestetik, bere burua desegin duela Ekinek. Imanol Murua Uriak iganderoko artikuluan esan berri bezala, tunel luzearen bukaeran argi pixka bat ikusten dela.

Nahiko nuke Informe Semanal guztiak larunbatekoa bezain zaharkituak jaioko balira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.