Zaharrean ere zuhurtzia guti

Nora Arbelbide Lete.
2010eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Nunquam polluta (nehoiz ez zikindua) horra Baionako hiriaren leloa. Mendeetan zehar, hiria setiatzeko gutxienez 14 saioetatik bat berak ere ez zuelako arrakasta lortu. Baiona, alta, bere nahasketentzat ezaguna da, eta Herriko Etxeko kontseiluak ere, harroki dio behin eta berriz nola Baiona hiri euskalduna bezain gaskoia den. Hori bai, hizkuntza ofizial bakarra, frantsesa. Nor den zikintzailea, nor den zikindua. Nondik begiratzen den. Baionako bestak, bestalde, zuri eta gorriz daude jantziak. Jantzi zuriak eta zinta eta zapi gorria. Zuria, laster zikintzen den kolorea da, alta. Garbi atxikitzea desafio, horretan sartzen diren baionesentzat.

«Beti garbi eta beti serios!», horra hor desafioari aurre egiteko prest, Gerard eta Jaiky Darrigues anaiak. Itxura zaintzea inportanta zaie, eta, horretarako, ez da zuria baino hoberik: «Zuriak behartzen gaituelako geure burua garbia atxikitzen».

Egunero besta, beti burua fresko, beti irri eta beti garbi? Eta nola egiten ote? «Usaia!», diote aho batez, irriz. Eta jantziak, etxean zain. Bost jantzi dituzte, besta egun bakoitzetarako bat. Bost ator, bost galtza. Baina gako garrantzitsuena, «norberaren burua kudeatzen jakitea», eta horretarako, esperientziak ez du parerik. Eta esperientziadunak, horiek dute, hain zuzen, gehiengoa osatzen Baiona Zaharrean, hau da, katedral inguruko karriketan. Darrigues anaiei dagokienez, Espainiako karrikan daude besta egiten ari, Le Dacquois ostatuko kanpoaldean.

Ile zuridunak edo zuritzen ari zaienak nagusi. Eta zahartzean ere, zuhurtze guti. Espainiako karrikatik katedraleko bidea hartu, hortxe, beherantz doazen karriketako bat segitu eta, aurki, behere horretan agertuko da Merkatuko plaza. Merkatu estalia, eta ondoan, plaza, normalean autoen aparkalekua dena, larunbatetan mozkin saltzailez betetzen dena, asteazken honetan, alimaleko sukalde bilakatua da. Eta hor ere, ilezuri umoretsuak dira nagusi. Munduko MoletaTxapelketa daukate 25 peña eta elkartek. Piper berdeak eta arrautzak. Eta hori dena, moleta bilakarazteko, eta, bereziki, moleta ona; sukaldarien magia. Mundiala izateko nahikariarekin ari dira lanean, eta, horretarako, ez da umorerik eskas izan behar. Kontu seriosa da janaria. Zinezko lehia, nork hoberena eginen duen jakiteko. Aurten, Errobi Kanta peñak du irabazia. Ontsa kontent jantzi dute txapela. Baina ez dira lehen sariaren beha egon, ordea, zintzurra bustitzen hasteko. Mikrofonotik deika eta deika aritu dira antolatzaileak, eta haiek ondoko François ostatura joanak ziren aspaldian besta segitzera. Laster etorri dira oholtza gainera, eta segituan kantuan hasi. Kantarien peña baita, haiene izenak adierazten duen bezala. Orain arrazoi bat gehiago, beraz, besta egiten segitzeko.

Asteazken eguerdiak dira, Baionako bestak ez dira oraindik ofizialki hasiak, baina jada basoa laster husten dute, eta beste anitz aldiz bete eta hustuko dute, argi. Bai Merkatuko plazako bazterretan, bai Espainiako karrikan. Berinazko basoa, haatik. Egiazko berinazko basoak dira nagusi Baiona Zaharrean. Plastikozko eta baso berririk ez da hainbeste ikusten. Ostatuek beren fama dutelako jokatzen, iduriz. Le Dacquois ostatuak bezala, hortik ehun bat metrora dagoen Euskaldunen karrikako Merkatuko ostatuak ere milaka galtzen ditu, beste anitz hausten dizkiete edaleek, baina urtero beti berina du hautatzen. Jantzi zurien pare, horrek behartzen dituztelako, garbitasuna neurtzeko aukera, menturaz.

Baionako bestak sakratuak dira anitzentzat. Darrigues anaientzat ere bai. Bata erretretan eta besteak bakantzak hartuak ditu, bestetarako. Bata kantari da Miarritzeko Oldarra abesbatzan; bestea, Baionako Aizkoan. Biak ariko dira kantuz bestetan, Paseo-an, haieen hitzetan. Hau da, karrikan txoko bat aurkitu eta hor berean kantuz ariko dira abesbatzak besteekin. Baina ez dira oraindik horretan. Mementoko, entrenatzen ari dira. Autoko motorraren pare: «Lehenik berotzen utzi behar, eta gero, abiadura egokia harrapatu. Eta horretan segitu. Igandean, berriz, baliteke kaput izatea. Normalean, nostalgiko bururatzen ditugu bestak. Ondoko urtearen zain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.