Sanferminak Iruñean

Zaharren egunik desiratuena

Miserikordia Etxea bisitatu du Iruñeko Erraldoien Konpartsak, festetako zaharren egunean

Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Miserikordia Etxeko etxartean, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Asteazkenean txikien txanda izan zen. Haurren egunean denetarik izan zuten egiteko, eta, orokorrean, sanferminetako egunetan gehien gozatzen dutenak izaten dira. Atzo, baina, beste batzuek ere izan zuten jaiaz gozatzeko aukera. Goizean nahiz arratsaldean, poza, ilusioa eta irribarreak izan ziren nagusi. Zaharrak gogorarazteko egitarau berezia prestatu zuen Iruñeko Udalak.

Goiza. Autobus geltokiko irteera jendez beteta. Bikote gazte eta haur ugari; guztiak Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa noiz aterako zain. Ez zuten luzaro itxaron behar izan. 09:30ean hasi ziren lehenengo kilikiak maskuriekin jendeari kolpeka. Miserikordia Etxera zuzendu zen konpartsa gero, han dauden zaharrei bisita egitera. Gosaltzen aurkitu zituzten. Martina Vicuñak urte bat darama han, eta zaharren egunean ume, gazte eta helduek duten alaitasuna ikustea gustatzen zaio. Hala ere, bisitaren beste alderdi bat da bereziki garrantzitsua harentzat: «Gurekin oroitzen direlako gustatzen zait egun hau, hemen gaudela kontuan hartzen dutelako».

Heldu eta goiko geletara igo ziren lehenik konpartsako kideak mugitu ezin diren gaixoak bisitatzera. Eta mugitu ahal direnak kanpora atera ziren erraldoiak dantzan ikustera. Alkatea izeneko buruhandia eramaten du Javier Mangado konpartsako kideak, eta, haren hitzetan, «oso hunkigarria» da halako bisitak egitea. «Zahar asko Iruñekoak dira, eta txikitatik ezagutzen dute konpartsa. Asko gustatzen zaie erraldoiak eta kilikiak berriro ikustea».

«Kiliki hemen!»

Miserikordia Etxearen aurreko etxartean kilikiak zaharrak jotzen zebiltzan, baina zaharren probokazio doinuak ere entzun zitezkeen: «Kiliki hemen! Makilarekin ez, maskuriarekin bai!». Dena den, txistu eta gaiten lehenengo notekin isildu egin ziren guztiak. Eta gero, musikaren erritmoan erraldoien dantzari begira denak. «Zaharren eguna denez, eguneko lehenengo dantzaldia hemen egiten dugu», azaldu zuen Mangadok. Bi dantzaldi berezi egin zituzten: Nicolas Garcia eta Nicolas Virtoren baltsak. Errege eta erreginak aurrez aurre jarri ziren, eta zaharrentzako hasi ziren dantzan. Zaharrek, bitartean, eskua mugituz jarraitzen zuten musika.

Dantzaldiak amaitu, eta konpartsak bere ibilbidea jarraitu zuen Iruñeko kaleetan; umeak haien atzean. Hala ere, zaharrentzako ere bazen egitekorik. San Lorentzo elizako San Fermin kaperan egindako meza, adibidez. Eta gonbidatuen artean, baita Enrique Maia alkatea ere. Ondoren, Sarasate pasealekurainoko desfilea, eta, han, Yoar eta Jus la Rocha taldeen kontzertua. Zahar batzuk dantzan, eta beste batzuk aulkietan eserita.

Kontzertu bitartean Enrique Maia Iruñeko alkateak 2011. eta 2012. urteen artean 100 urte bete dituzten hiru pertsona hartu zituen udaletxean: Maria Dolores Arbunies, Maria Presentacion Sotil eta Valentin Martinez. Eta bakoitzari zapi gorri bat eta San Fermin santuaren irudi bat eman zizkion. Gizartean izan duten «egitekoa» goraipatu zuen alkateak. «Oso garrantzitsuak diren balioen adierazgarri zarete», esan zien.

Arratsaldean, bukatzeko, Gurutzeko plazan izan zuten musikaz gozatzeko aukera zaharrek. La Decada Prodigiosa taldeak eskaini zuen kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.