Zaharrenetan zaharrena

Manolo erlojugintza saltokiak 80 urte inguru daramatza irekita; familiako negozioa izan da beti

Ilargi Agirre.
Bilbo
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Historiaz asko daki gaur egungo Bilboko Zazpikaleetako ataririk zaharrenaren jabeak. Maite Nieto gaztea zenetik ibili da Manolo erlojugintzan lanean; hasieran, aitari laguntzen, eta, ondoren, bere kasa. «1930. urte ingururako irekita zegoela pentsatzen dugu».

Saltoki atarien inguruko azalpena ematen hasi da Nieto. «Bilboko Zazpikaleetan aberatsak bizi ziren batik bat, eta kontuan hartu behar dugu garai hartan atariak irekita egoten zirela. Beraz, ongi etortzen zitzaien atezainari ordaindu beharrean denda mota hauek jartzea atarian».

Azkenean, saltzaileek egunean zehar atezain funtzioa betetzen zutela dio, eta gauez gauzainek lan egiten omen zuten. Bizilagunentzat bakarrik ez, dendari hasiberrientzat ere negozio ona zela aipatu du, lokala gutxiago ordaintzen zutelako. «Oso zabalduta zeuden horrelako saltokiak, eta gehienetan galtzerdiei parpailak hartzen zizkieten bertan». Haren aita izan zen salbuespenetako bat. Bitxi denda batean lan egiten zuen ikasle modura, eta bere saltokia irekitzeko erabakia hartu zuen. «Bitxiak eta erlojuak saldu izan ditugu, gaur egun erlojuak bakarrik ditudan arren. Konponketak ere egiten ditut».

Tristura sortzen dio atarietako dendak galzorian ikusteak: «1983ko uholdeekin itxi ziren asko. Eta geroztik beherako joera hartu dute, bai jabeak erretiratzen joan direlako bai irekitze baimenik ez dutelako lortu…».

Nieto harro dago bere saltokiarekin. Denda ertain batek duen tamaina duela adierazi du, ataria barnean hartuta. «Nire aitaren ilusioa beti izan zen leku handiago batera joatea, baina nik ez dut inoiz nahi izan. Ohitu naiz, jada, eta gustura nago». Nolanahi ere, alde txarrak badituela aitortu du. «Aurrekoan, adibidez, sarrerako atea izorratu zen, eta bizilagun guztiona den arren nik deitu behar izan nion sarrailagileari». Baina, oro har, bizilagunekin ondo moldatzen dela dio.

Alde onen artean, berriz, zera aipatu du: «Kalean dabilen jendeak erreparo gutxiago du guregana hurbiltzeko, aterik ez dute ireki behar eta errazago sartzen dira». Bezero bat etorri zaio konpondutako erloju baten bila. Nietok azalpen luzea eman dio erloju mota horri buruz. Kuriositate handiko pertsona da, eta ez bere arloan bakarrik. Saltokiaren aurrean dagoen amabirjinaren erretaularen inguruan ere badu esatekorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.