Vetusta Morla taldeko gitarrista eta hitzen sortzailea da Guillermo Galvez (Madril, 1980). Mapas aurkezten aritu da uda osoan, taldearen bigarren diskoa.
1998an sortu zenuten Vetusta Morla. Aurtengo udak ez du zer ikusi handirik izan lehenarekin, ezta?
Batek daki zertan nenbilen 98ko udan, kar-kar. Zuzeneko gutxi egiten genituen, eta bakoitza proiektu bakarra izango balitz bezala bizi genuen. Alde horretatik, ez gara asko aldatu, kontzertuak baitira taldearen oinarri nagusia.
Lehen, tabernetan jotzen zenuten; orain, BBK Liven eta gisako jaialdietan...
Baina ez da bat-bateko aldaketa izan, pausoz pausokoa baizik. Ederra da, zure lanaren emaitzak apurka ikusten dituzulako. Gainera, betiko lagunekin lan egiten jarraitu dugu. Hobe da hala, egun gertatzen dena ulertzeko ez baituzu ahaztu behar nondik zatozen.
Udazkena gainean dugu. Zein da uda honetaz egiten duzuen balorazioa?
Denei bezala, uste baino azkarrago, kar-kar. Errepidean ibili gara une oro, gure musika nonahi zabaltzen. Oso gustura gaude; aurreko diskoarekin bezala, jendea bere DNA musikalean txertatzen ari baita Mapas.
Hego Amerikan ere aritu zarete.
Argentina eta Mexikon ibili gara jotzen. Bizipen ikaragarria izan da, eta musika unibertsala dela frogatzeko balio izan digu, jendeak hemen bezala gozatu duelako.
Han ez zarete hemen bezain ezagun. Hutsetik abiatzea bezala izan da?
Déjà vu moduko zerbait izan da. Hango agertoki batean joz gero, irabazterik baino ez duzu, ez zaituelako inork ezagutzen. Esperientzia ezin ederragoa izan da.
Zuen lan egiteko modua ez da oso ohikoa musika industrian. Zuek zarete zuen jabeak, diskoa plazaratu baino lehen streaming bidez aurkeztu zenituzten abestiak...
Gure filosofia da, eta ez dugu aldatuko. Iraganean, musika industriak monolitikoa zirudien, baina mila aurpegikoa da egun. Gure metodoa errealitate horren beste aurpegi bat baino ez da.
Ez dizue inork deitu?
Ez dugu inolako harreman formalik izan diskoetxeekin, etaez dirudi eskaintzeko gauza handirik dutenik. Orain arte bezala, aske izatea da geure nortasunaren printzipio nagusia. Gainera, zailena lortu dugu: formula honekin gauzak lor daitezkeela frogatzea. Baina dena errespetatzen dugu, norbera delako bere independentziaren jabea, ez diskoetxeak.
Abestiek hitz konplexuak izan ohi dituzte, eta zu zara sortzaileetako bat. Buruko min handiak izan dituzu?
Hitzik ez bururatzeak emango lidake buruko mina. Prozesua nekeza da, baina beharrezkoa sortzaileontzat. Artisten sufrimendua ez da heroikoa, naturala eta aberasgarria baizik.
Eta presioari dagokionez? Bazenekiten Mapasjende askok entzungo zuela, Un día en el mundo zuen lehen diskoan gertatu ez bezala...
Mundutik ihes egin genuen Mapas grabatzeko. Gutaz asko hitz egin duten arren, gure asmoa ez da izan inori erantzutea. Baina gure artean esan ez dugun arren, bagenekien konpromiso bat dugula orainarekin.
Ekainean esan zenuen goizegi zela Mapas disko berria aurreko lanarekin alderatzeko. Iritzi berekoa al zara irailean?
Tira, diskoak ez dira berdinak, argi eta garbi. Indartsuagoa da, eta aldatu egin dugu formula: Mapas talde diskoa da, eta elkarrekin grabatu ditugu abestiak, une berean. Hori ez zen horrela izan lehen diskoarekin.
Guillermo Galvan. Vetusta Morla taldeko kidea
«Zailena egin dugu: gure formularekin gauzak lor daitezkeela frogatzea»
BBK Live jaialdian sekulako arrakasta izan ondoren, Euskal Herrira itzuli da 2008an musika industria hankaz gora jarri zuen taldea. Vetusta Morla taldeak Iruñeko Ziudadelan joko du gaur (20:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu