Ezarian. Euskal Herriko animalia arrazak

Zaldia, mendia berriz hartzen

Euskal Herriko mendiko zaldia suspertzeko bidean dagoen arraza bat da. 1999an arraza gisa onartu zutenetik, asko hobetu da haren egoera. Hainbat erakunde eta elkarte ari dira animalia horren alde borrokan.

Pottokaren eta zaldi handiagoen arteko nahasketa bat da Euskal Herriko mendiko zaldia. Haren egoera leheneratzen eta kontrolatzen ari da pixkanaka. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bere garaian lanean hasi izan ez bagina, agian gaur egun Euskal Herriko mendiko zaldia desagertuta egongo litzateke», azaldu du Iñaki Uriartek, Bizel Bizkaiko zaldien elkarteko presidenteak. Egoskorkeriaz hasi ziren Uriarte eta beste hainbat bazkide Euskal Herriko zaldiaren ustiapena kontrolatu eta sustatu nahian. Egun, hazteko bidean dagoen zaldi arraza hori bultzatzen ari dira. «Gure mendietako bioaniztasuna hobetzen laguntzen du zaldi arraza hori sustatzeak eta kontrolatzeak; ez dago inongo zalantzarik».

Gaur egun, bere onera etortzen ari da mendietako zaldia, eta Bizkaiko mendietan kontrol zehatzak egiten dizkiete. 2009an, Bizkaiko mendietan, 274 abelburu zeuden. Egun, berriz,480 zaldi daude. «Ez dago desagertzeko arriskuan; garbi dago hobetzeko bidean dagoela», Ikerne Zuluaga Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza saileko zuzendariaren hitzetan. Aldundia Bizelekin batera ari da lanean, bertako zaldi arrazaren aldeko borrokan.

Euskal Herrian bertako lau zaldi arraza daude: pottoka, Nafarroako zaldikoa, Aurizko zaldia eta Euskal Herriko mendiko zaldia. Mendiko zaldia, ordea, nola bereizten da gainerakoengandik? Pottoketatik eratorritako arrazabat da. Pottokak edo euskal poniak handitu eta gorpuzkeraz sendotzeko erabilitako kanpoko zaldi arraza handi batekin nahastu zituzten. Beraz, bien arteko nahasketa bat da: «Arraza hobetzeko eta sendotzeko elkartu ziren bi zaldi mota horiek bere garaian», Uriartek azaldu duenez. Mendian topa daiteke zaldi mota hori, eta haragitarako erabiltzen da, batez ere. Gaur egun, Arabako mendietan dago hedatuena zaldi arraza hori, «han lehenago hasi baitziren zaldia babesteko lanetan», azaldu du Uriartek.

Zehazki, 1999an lortu zuten Arabako abeltzainek Euskal Herriko mendiko zaldia arraza gisa onartzea. «Ordura arte, mendian zegoen beste zaldi bat gehiago zen». Euskal Herrian, ustiatzeko eta lanerako erabiltzen ziren, baina ez zegoen arraza gisa onartuta. «Hainbat ikerketa egin behar izan ziren, eta, azkenerako, onartu egin zuten», Zuluagaren arabera. Arabako ganaduzaleak hasi ziren zaldiaren alde lan egiten, eta, hori dela eta, hasiera batean Arabako mendiko zaldia izena izan zuen arrazak. Gaur egun, ordea, Bizkai eta Gipuzkoan ere ari dira arraza leheneratzeko eta kontrolatzeko lanetan, beraz, «izena orokortu egin zitzaion», azaldu du Uriartek.

Arraza gisa onartu zen urtean, Europatik diru laguntzak jasotzen hasi ziren arabarrak. Horregatik hasi zen han zaldiaren leheneratzea beste tokietan baino lehenago. Gipuzkoan, 2008an hasi ziren arraza babesteko egitasmoetan, eta Bizkaian, urtebete geroago. «Denbora tarte horretan, egoera asko hobetu da».

Elkarkidetza aldundiarekin

Badira lau urte Euskal Herriko mendiko zaldien arraza leheneratzeko elkartea sortu zela Bizkaian. Ugartek hala azaldu du: «Behin eta berriro eskatzen genion aldundiari lan horretan laguntzeko, baina ez ziguten aukerarik ematen, baldin eta ez bagenuen elkarte bat sortzen». Horrela sortu zuten Bizel elkartea. Orduz geroztik, bien arteko harremana ona izan da, eta, hiru urtean, elkarkidetza ona izan dute.

Gaur egun Gorbeia inguruan, Urkiolan, Oizen eta beste hainbat mendi ingurutan jaiotzen diren zaldien zerrenda zehatza daukate. «Ezinbestekoa izan da hori Bizkaiko zaldiaren ekoizpena orekatzeko», Zuluagak adierazi duenez. «Elkartea sortu aurreko urteetan, sektorea desorekatuta zegoen, erabat». Abelburu bakoitzaren truke ordaintzen den prezioan sumatu dute hobekuntzaekoizleek: «Azken urteetan igo egin da; positiboki sumatu dugula esan daiteke».

Aurrerantzean, gainera, lanean jarraituko dute bi erakundeek.«Aurten, aldundia bereziki saiatu da arrazaren alde», Zuluagaren esanetan. Izan ere, Nekazaritza sailak aurten jarri du estreinakoz tokiko animalien laguntza lerroan Euskal Herriko mendiko zaldien arraza hori. Denetara, 1.660.000 euro jarriko ditu nekazaritza eta ingurumeneko laguntzetan. Hortik zerbait lortu ahal izango du, beraz.

Horrez gain, Ferrari dekretuaren barruan onuradun gisa ere badago; hau da, tokiko animalien lanketa estentsiboarentzat erabilitako diru laguntzaren barruan dago zaldi arraza hori Bizkaian.«Etengabe handituz doa modu estentsiboan eta ingurumena errespetatzen duten ekoizpen modu iraunkorren bidez kudeatzen diren abelburu zein hektarea kopurua», Zuluagaren esanetan.

Bi elkarteen arteko elkarkidetzari esker, Euskal Herriko mendiko zaldiaren egoera hobetzen ari da Bizkaian. Uriartek zehaztu duenez, «garrantzitsua da bertako animalia arraza sustatzea, aberasgarria izan baitaiteke». Hiru urteren ostean, ia bi aldiz handiagoa da abelburu kopurua, eta espero dute bide horretan jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.