Juan Galdeano. Erlezaina

«Zaletasun handia behar da honetan aritzeko»

GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Gipuzkoako Erlezain Eguna ospatuko dute Zegaman. Ekitaldian Juan Galdeano erlezaina omenduko dute. Hernanitik Goizuetarako bidean dagoen Pikoaga baserrian bizi da Galdeano jaio zenetik, duela 79 urte. Adinean aurrera doan arren, erleak zaintzen eta eztia ekoizten jarraitzen du, aitak txikitatik erakutsi zion bideari segituz. Ogibidea ez, baina afizioa da berea.

Espero zenuen omenaldia?

Laurogei urte betetzen dituena omentzen dute normalean, eta nik oraindik 79 ditut, baina estimatzekoa da.

Noiz hasi zinen erlezain lanetan?

Nire aita zenak erleak izan zituen. Txiki txikitatik ezagutu ditut erleak, eta afizioa beti izan dut. Gaztetan etxe ondoan kutxa bat jarri nuen hutsik, eta erregina etorri zitzaidan. Harekin bi egin nituen, eta horrela kopurua ugaritzen joan naiz. Denboraldi batez utzi egin nuen, eta beste bati erregalatu nizkion. Lan gehiegi ematen zidaten, eta utzi egin nituen. Gero, berriz ere gogoz hasi egin nintzen, eta hemen jarraitzen dut. Orain asko ditut, 20 kutxa badauzkat.

Lan handia ematen dute, beraz?

Zaintza handia behar dute. Erlearekin lan egitea zaila da. Orain varroa izeneko bizkarroiak erasotzen die, eta tratamendua ez badiezu egiten jan egiten ditu. Bizkarroiak jaiotzeko denboran hegoak janda uzten dizkie. Ezin dute hegatu eta ez badira hegatzen ez dute jaten, eta hil egiten dira. Varroaren kontrako tratamendua udazkenean ematen zaio, eztia kentzen zaionean. Irailean hasten gara tratamendua ematen eta Pilarika bitartean ematen zaio.

Asko aldatu da erlearen egoera?

Bai. Ez bakarrik varroaren eraginez. Bestela ere asko aldatu da. Garai batean, mutil kozkorrak ginenean,mendian arbola zulotan egoten ziren erleak, eta orain ez dago halakorik, desagertu egin ziren, varroak hil egiten dituelako. Erreginari ere sortzen zaizkie gaitzak. Erregina hiltzen bada, eta ez badu arrautzarik uzten akabo besteak, hil egiten dira.

Nolakoa da ekoizten duzun eztia?

Bi ezti mota egiten ditut. Batetik, ezti argi-argia egiten dut, akaziarena, eta, bestetik, mila lorekoa, iluna. Erleak etxe ondoan edukitzen ditut eta ez ditut mugitzen, ez naiz transumantzian ibiltzen. Beraz, hemen inguruan ditudan landareen loreetatik jaten dute.

Zenbat ezti kilo biltzea espero duzu?

Iaz ez nuen asko atera. Ehun kilo baino gehiago bai, baina hori ez da asko. Aurten ez dut asko espero; urtea txarra izan da.

Etxerako egiten duzu edo saltzeko ere?

Etxean neronek egunero hartzen dut, eta familiakoen artean ere banatzen dut. Saltzaileek ere eskatzen didate. Eztia zazpi kilo eta erdian saltzen diet.

Lan handia ematen dutela diozu. Gastutarako ateratzen duzu?

Nahiko lana bada horiek ere betetzen. Erleekin ibili direnak atzera egiten ikusi ditut denak. Hemen inguruan bazen bat 400 kutxa zituena. Urtero mila kilo ateratzen zituen eta denak utzi egin zituen. Hortik ogia ateratzeko nahiko lan.

Noiz arte jarraituko duzu erleekin?

Ez dakit. Behin laurogei urte beteta ez dakit jarraituko dudan. Bi alaba ditut eta hemen ibiltzen dira inguruan. Suhia etortzen da laguntzera. Eztia kentzeko garaian etortzen da laguntzera, baina ez dakit jarraituko duten.

Gustatuko litzaizuke zure lanarekin jarraitzea?

Bai noski. Asko gustatu izan zait erlezaintza. Zaletasun handia behar da honetan aritzeko. Erlea beharrezko gauza da. Erlea galtzen bada polinizazioa ezin da egin. Argentinan egon nintzen lehengusua bisitatzen, eta han mahastiak polinizatzeko erleak ekartzen dituztela esan zidan. Beraz, pentsa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.