Zezenik gabeko sanferminen alde egin dute, bertze behin, animalien aldeko taldeek Iruñean. Pacma alderdiko 30 lagun inguruk bat egin zuten atzo hiriko Gazteluko plazan, zezenketen eta, oro har, animalien erabileraren aurkako protesta egiteko. Zapi beltzak lotu zituzten lepoan, Iruñeko aurtengo bestetan hilko dituzten 54 zezenen oroimenez.
Eguerdian egin zuten atzoko protesta. Plazan jendetza bazen ordu horretan, eta denek so egin zieten enparantzaren erdian kokatu ziren animalien aldeko aktibistei. Zapi beltzak eskuetan hartu zituzten, Pacmako kide Yasmina Larunbek hitza hartzen zuen bitartean. Haien aurrean, zezenketen abolizioa eskatzen zuen pankarta jarri zuten, eta harekin batera, animaliek inporta dutela azpimarratzen zuen bertze bat. Begira ari zirenen artean, askotariko jarrerak eragin zituzten Larunbek animalien eskubideen alde erran zituen hitzek. Protestarekin bat egin zuten anitzek; eta bertze anitzek zezenik gabe sanferminak posible ez direlako beren ustea berretsi zuten.
Larunbek mezu argia helarazizuen atzo: «Bertze hamaika bazterketa gainditu dugu; emakumeok jada botoa emateko eskubidea badugu, ezkontzak ez dira betiko, eta homosexualitatea kriminalizatzeari utzi diogu; oraindik, hala ere, animaliak gure interesen alde erabiltzen jarraitzen dugu; animaliak torturatzen eta hiltzen ditugu, bestaren izenean, eta hori ez da inondik inora etikoa».
Larunbek onartu zuen Iruñean zezenak erabiltzen dituzten ekitaldiek erro sendoak dituztela. «Zezenketen aurka dagoen jendea ere entzun dut nik entzierroen alde egiten», gaineratu zuen Pacmako kide Luz Navarrok. Hala eta guztiz ere, Iruñean ere gauzak aldatzen hasi direla azpimarratu zuten atzo bi emakumeek. «Peñak ere hasi dira zezenketen orduan bertzelako ekitaldiak egiten, eta horrek adierazten du errealitatea aldatzen ari dela, pixkanaka-pixkanaka bada ere», nabarmendu zuen Larunbek.
Bertze animalia anitz
Zezenketen aurkako mezua zabaldu zuten atzo Pacmako kideek; baina sanferminetan bertze animalia anitz erabiltzen direla azpimarratu zuten egin zuten protesta ekintzaren bidez. «Zirkuak, ganadu feria eta barraketan erabiltzen diren poneyak ezin ditugu ahaztu», erran zuen Navarrok. «Animalia guztiak errespetatu behar ditugu».
Ildo horretatik, Pacmak animalien erabileraren abolizioa eskatzen duela azaldu zuten alderdiko kideek, eta helburu hori lortzeko bidean beganismoaren alde egiten dutela. Animalien eskubideak kontuan hartzea lortzeko, halaber, egungo legeak aldatzea erabat funtsezkotzat jo zuten. «Animalien alde gizarte mugimendu anitz bada lanean, baina alderdiek ez dituzte haien aldarrikapenak kontuan hartzen; horregatik erabaki genuen alderdia sortzea», azaldu zuen Navarrok.
Hala ere, Iruñean, egunotan, Pacma ez da animaliarik gabeko sanferminak aldarrikatzen duen talde bakarra. M-15 mugimenduaren barnean sortu den talde animalistak ere zabaldu du animalien erabilera baztertzen duen besta eredu baten aldeko mezua.
Atzo, Pacmako kideen protestarekin bat egin zuen M-15 Animalista taldeko kide Edgar Rusek. Zezenik gabe sanferminik ez dagoela erraten duten herritarren iritziarekin ez du inolaz ere bat egiten. «Sanferminak ez dira zezenak; anitzez ere gehiago dira. Zezenketetara joaten diren anitzek erraten dute benetan axola zaiena plazako giroa dela. Giro hori lortzeko Iruñeak ez du zezenketarik edo entzierrorik behar; giroa norberak sortzen du, eta hori egin daiteke animaliarik erabili gabe», azpimarratu zuen Rusek.
Peñak ere horretaz ohartzen hasi direla uste du Rusek, eta horren adibide direla San Frantzisko plazan egiten dituzten merenduak. Iaz antolatu zituzten lehendabiziko aldiz zezenketen ordu berean. Bertzelako zerbait eskaini nahi izan diete zezen plazara joan nahi ez zuten herritarrei.
Aurten ere proposamen horri eutsi diote peñek. «Animaliarik gabeko sanferminak posible dira, eta horren alde eginen dugu lan», nabarmendu zuten Rusek eta Pacmako kideek. Bitartean, zapi beltza lotuko dute lepoan.
Sanferminak Iruñean. Zezenketen aurkako protesta
Zapi beltzak, animalia guztien alde
Pacma alderdiko 30 kide inguruk zezenketen eta animalien erabilera ororen aurka protesta egin dute Gazteluko plazanM-15 Animalista taldeak ere animaliarik gabeko sanferminen alde egin du Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu