Zazpi egunetako jaiak

Aurreko urteetan baino bi jai egun gutxiago izan arren, ekitaldi ugari antolatu dituzte Atarrabiako festetan

Maialen Huarte
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Suziriak gaur eginen du eztanda, baita Atarrabiako (Nafarroa) biztanleek ere. Festen hasiera iragartzeko ohorea Jose Luis Uriz PSOEko zinegotziak izanen du.

«Krisia eragin handia izaten ari da jaietan», horixe azaldu du Ruben Oneka kultur zinegotziak. Lehengo urtean 108 ekitaldi antolatu zituzten, eta aurten 92 eginen dituzte, 100.000 eurokoa baita aurrekontua -iaz 120.000 eurokoa izan zen-. Hori ez da traba izanen, ordea, adin guztietarako ekintzak prestatzeko. Bi asteburu izanen dituzte aurten ere; astegunez, ordea, bi eguneko geldialdia eginen dute, asteazken eta ostegunean.

Aurrekontuak musikan eragin du nabarmen, baita haurrendako gastu handiko zenbait ekintzatan eta udalak antolatzen dituen doaneko gosari-bazkarietan ere. «Zazpi egun, bi asteburu eta egun bana adin tarte bati eskainia: bata haurrentzat, bestea gazteentzat, eta beste bat helduentzat, beraz, diru gutxiago erabili arren denontzat nahiko jai badela uste dugu».

Ekainean hasi ziren jaiak antolatzen. Onekaren esanetan, herriko talde anitz elkartzen dira horretarako. Euskal kulturan lanean diharduten taldeak, gazteak, euskararen aldeko elkarteak eta kulturarteko taldeak. Garrantzitsuak oso buruhandi eta erraldoien konpartsa dira. Jaietan egunero ateratzen dira buruhandiak, eta asteburu bietan erraldoiekin batera aritzen dira kaleetan gora eta behera izkinak gaiteroekin batera alaituz.

Jaietan ere euskara sustatuz

Nafarroa Oinez aste batzuen bueltan izanen dute atarrabiarrek. Hori baliatuz, eta herrian izanen dela, euskarari aurten inoiz baino leku handiagoa eskaini diote jaietan, «ostiral arratsaldean, hilaren 8an, egun berezia antolatu dugu euskarari bultzada emateko, baita festetan ere», azaldu du Onekak. Jauziak eta polkak Patxi Labordaren erritmora eginen dituzte bizilagunek, eta euskal kulturarekin loturiko beste zenbait ekitaldi prestatu dituzte egun horretarako.

Jende anitzek parte hartzen du antolatutako ekitaldietan. Bereziki txistuen alardean biltzen da jende gehien. San Andres abesbatzan ere jendetza biltzen da urtero. Euskal dantzek ere badiztuzte jarraitzaileak; Mikelats dantza taldea aritzen da agertokian ohiturari jarraiki, eta, dantzari txikien hiru talde izanik herrian, eurek ere larunbatean erakutsiko dituzte ohiko dantzak. Bestalde, kultur zinegotziak adierazi bezala, «janaria tarteko dengosari, bazkari zein askarietan ere bizilagun anitz elkartu ohi gara».

Euskal kulturak eta atzerrikoak bat egiten dute urtero festetako egun batean. Atzerritar ugari bizi da Atarrabian, eta, etxean egongo balira bezala, euren jaialdi eguna antolatzen dute. Herrialde askotako janaria dastatu daiteke azoka txikian, eta dantzaestiloez gozatu. Jaiak igandean amaituko dira, eta ez nolanahi. L2 taldea igoko da aspaldiko partez taula gainera, herriko talde mitikoenetako bat.



Egitaraua

GAUR

12:00. Suziria.

13:15. Ekialdeko dantzak.

17:30. Herri kirolak, Zurgai taldearekin.

19:00. Dantzaldia, Udaletxe plazan.

19:50. Arrosarioa, karriketan.

20:30. Dantzaldia, Scana taldearekin,Udaletxe plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.