Zazpi elementuk osatzen dute Beasaingo ikur bihurtu den multzoa. Igartza jauregiaren inguruan nabarmen eta txukun azaleratu dituzte 1996tik Erdi Aroko eraikinak: Igartza jauregia, errota, burdinola, ermita, zubia, gurutzea eta dolarea. Bidean geratu da, berriz, errementariaren etxea. Hamabost urteko lana behar izan da Igartza multzoa zaharberritzeko, eta guztiz amaitzeko, XV. eta XVI. mendeen artean eraikitako egurrezko presa ikusgai jartzea falta da.
Jauregi bihurtu baino lehen, balio estrategiko handiko gune batean kokatutako kutsu militarreko dorrea izan zen Igartza. 1456an, ordea, Enrike IV.ak dorretxeak zituen gerrako osagai guztiak birrintzeko agindu zuen. Hemeretzi urte geroago, Martin Perez Altzagakoak, Igartzako Jaunak, multzoa berriro martxan jarri zuen, dorretxea zegoen lekutik metro gutxira. Horregatik, ikertzaileen arabera, ezin da esan jauregia dorretxe zaharberritua denik, XVI. mendean eraikitako jauregi bakar eta berezia baizik.
Azken urteetan Igartzako jauregiaren jatorrizko itxura berreskuratzeko egin duten lana nabarmena izan da, XX. mendearen amaieran oso egoera txarrean baitzegoen. Hego-ekialdeko zatia guztiz erorita zegoen, armarria desagertuta eta eraikinaren barrualdea guztiz eraldatuta.
Berreskuratze lanak egin ondoren, agerian utzi dituzte berriz ere landu gabeko harriz egindako behe solairua eta egurrezko egitura duen goiko solairua. Teilatuan egin dituzten lanak ere agerikoak dira, patioa estaltzeko airez beteriko burbuila bat jarri baitzuten 2009ko azaroaren amaieran, horrela, teilaturik gabeko eraikina irudikatu nahian.
Idatziak eta marrazkiak
Eraikinaren zaharberritze lanak hainbat ustekabe ere eman ditu. Onak eta txarrak. Onen artean daude, esaterako, goiko soilairuan agerian geratu diren XV. mendeko idatzi eta marrazkiak. Hainbat esaldi eta horoskopo agertu dira idatzita, eta itsasontzien marrazkiak eta giza aurpegi bat ere bai.
Hormetako hainbat adreilutan 6 urte inguruko haur baten hamabost urrats ere agertu dira, garai haietan haurrek teilerietan lan egitea guztiz arrunta zela erakusten dutenak.
Beasainen agerian geratu den multzoa, jauregiak ez ezik, beste sei elementuk ere osatzen dute. Igartzaren berpiztearekin erabat lotuta egon zen burdinola da horietako bat. Hainbat aldiz kiskali bazen ere, urteetan egindako berrikuntzei esker Igartzako jaunek gizarte eta merkataritza sarea hedatzea lortu zuten burdinolari esker.
Errotak ere lagundu zien zeregin horretan, beasaindarren beharrak asetzeko ezinbestekoa baitzen Erdi Aroan. Denborarekin hainbat aldaketa izan ditu eraikinak, eta errotak eta errotariaren etxeak bat egin dute eraikin bakarrean.
Gaur egun hotel bihurtutako dolarea eta 2005eko abenduaren 12an bota zuten errementariaren etxea ere Igartza multzoko zati dira. Dolaretik Igartzara joateko zubia, gurutzea eta ermita dira gainerako elementuak. Adituen arabera, zubia da Igartza eraiki izanaren arrazoi nagusia, garai hartan ibaiaren igarobidea zaintzeko beharrezkoa baitzen dorre bat. Ondorengo urteetan errotara materiala eramateko bide bakarra izango da. Bost metroko garaiera duen gurutzean hainbat itun sinatu izana azpimarratu dute ikerlariek; horrez gain, Belengo Andra Mariaren ermitak agerian uzten du Igartzako jaunen antolaketarako ahalmena.
Zazpi elementuko multzoa
Hamabost urteko lanen ondoren, inauguratu dute Igartza jauregia, eraikin multzoko azken elementua. Egurrezko presa agerian jartzea falta da multzo osoa zaharberritzen amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu