Marijaiaren lagunak. Los Cinco Bilbainos

«Zazpikaleetako 'rockeroak' bihurtu garela esan daiteke»

Bilboko jaietako menuan ezinbesteko osagaiak dira Los Cinco Bilbainos taldekoak. 1978an Aste Nagusia sortu zenetik, hutsik egin gabe egin dituzte kantaldiak festetan.

Los Cinco Bilbainos taldeko Jose Luis Fernandez eta Jose Antonio Bizkaia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Asteburuan Marijaiak hasiera eman zion Bilboko Aste Nagusiari, eta geroztik festa giroak alaitu ditu kaleak; kalean barrezka eta kantuan dabiltza bilbotarrak eta bisitariak. Los Cinco Bilbainos taldeko kideak ere kantuan dabiltza, bai kalean eta bai taula gainean; 1978an Aste Nagusia sortu zenetik, ez dute inoiz hutsik egin, eta aurten ere ez dute intentziorik. Casilda Iturrizar parkeko pergolan izan ziren atzo bilbainadak abesten, eta igande eguerdian berriro arituko dira bertan kantuan. Azken diskoa aurkezten ari dira, eta, beste abesti batzuen artean, Karmelo Larrea musikari bilbotarraren El Bilbao de mis amores abestia grabatu berri dute.

Ile zuriak salatzen ditu: adinean sartuak dira, baina arima gaztea dute. «Aizu! Mutiko batzuk gara», dio Jose Antonio Bizkaiak, taldeko lehen tenorrak. Brometan aritzea gustuko dute, baina serio jarri behar denean serio jartzen dira.

«Taldea 1950eko hamarkadan sortu zen», azaldu du Jose Luis Fernandezek, baritono eta baxu jotzaileak. «Jardunean jarraitzen duen bilbainada talderik zaharrena gara», argitu du Bizkaiak. «Bai, hauek erretzerik ez dago», dio Agustin Ferrerok, taldekiderik gazteenak. Urteotan asko aldatu da taldea; kide batzuk aldatu eta instrumentazio handiagoa erabiltzen dute, garaiak hala eskatuta: «Instrumentu berriak gehitu ditugu; jotzen dugun tokiak oso handiak dira, eta bestela ezin da», azaldu du Fernandezek. «Gaur egun, esan daiteke Zazpikaleetako rockeroak bihurtu garela».

Taldea ez da izan aldatu den gauza bakarra: Aste Nagusia ere asko aldatu da 1978tik. «Nire ustez, lehen jaiak familiarragoak ziren; hasiera batean, gurasoak eta seme-alabak, baita aitita-amamak, batera irteten ziren kalera jaiak gozatzera. Gaur egun, horrelakoak badira ere, aldatu egin dira festak; zalaparta larregi dago», iritzi dio Fernandezek.

Atzera jo eta bitxikeria sorta handia dute kontatzeko. Munduan barrena bidaiatu dute, eta bereziki hunkitzen ditu beste herrialdeetan ezagututako jendearekin topo egitea Bilboko jaietan: «Aste Nagusian sorpresa handiak izan ditugu; esaterako, Mexikon ikusi gintuen jendearekin topo egitea emankizunetako batean; zirraragarria izan zen haiekin Euskal Etxean egon eta handik urte askotara Bilbon elkar ikustea. Pentsa, gerra edo gerra osteko garaian askok emigratu behar izan zuten Mexikora, eta ordutik ez ziren Bilbora bueltatu».

1983ko abuztua ere gogora datorkie. «Bilbon izandako uholde famatuak, tristeak... Lazgarria izan zen hura», gaineratu du Bizkaiak. «Egun hartan, emanaldia genuen Plaza Barrian, baina badakizu, uholdeek dena eraman zuten, eta, noski, jaiak bertan behera geratu ziren. Handik zortzi hilabetera, Udalak gutun bat bidali zigun, emanaldia ordainduko zigutela esanez. Ezetz esan genien, eta dirua alde zaharra berritzeko erabil zezaten eman genien», dio Fernandezek.

Inauteriak ere gogoan

Kaletik doazela inauteriak datozkie gogora: «Ez du Aste Nagusiarekin zerikusirik, baina Bilboko inauterietako Farolinak izendatu gintuzten, 2001ean», gogoratu du tenorrak. «Ohore handia izan zen». Fernandezek berretsi egin du lagunak esandakoa: «Karroza desfilea egon zen, eta han izan ginen karroza batean, gillotina batekin, eta hari [Bizkaiari] sartu genion burua gillotinan».

Hurtado Amezaga kalean gora brometan ibili ostean, serio jarri da Fernandez berriro. Jaietako gauza askok kezkatzen dute; ez du ulertzen zergatik ez zaien tarte handiagoa ematen Bilboko eta Euskal Herriko taldeei: «Ekartzen duten musika oso ondo dago; artista handiak ekartzen dituzte, baina etxekoak goratu beharko lituzkete. Euskadin eta Bilbon aukera bat nahi duten taldeak ditugu; aukera hori eman behar zaie».

Konpartsen eta udalaren arteko gatazkak ere arduratzen ditu: «Herritarron partaidetza oso garrantzitsua da, eta, egia esan, konpartsek asko egiten dute jaiek kolorea izan dezaten eta giro ona egon dadin. Jaietako motorra direla esan dezakegu. Azkenaldian, egon beharko ez ziren arazo batzuk izan dira konpartsekin, eta oraingoa denok batzeko garaia da, ahalik eta ongien pasatzekoa eta kanpotik datorren jende guztiari bilbotarren abegi ona erakustekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.