Mendi ibilaldia

Zehebiagako hegia Ibarrettoaren mugaldean

Zehebiagako hegia Ibarrettoaren mugaldean.
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Montori, Lataillade, Zehebiaga, Ibarrettoa, Barkoxe
  • Distantzia: 7 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Zuberoako Barkoxe eta Montori eta Biarnoko lurrak elkartzen diren parajera garamatza txangoak.
  • Estekak: Ibilbidea
2007ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Oinez abiapuntu izango dugun Latailladeko lepoa aurkitzea bera ere ez da errazena, eta mapa baten irakurtzen jakitea nahikoa lagungarri izango da. Egokiena da, dena den, Biarnorekiko mugan, Zuberoako azken herrian den Montorira joatea eta han Barkoxerako bide oso polita hartzea. Hiruzpalau kilometro egin ondoren, Etxarri baserriaren pare-parean, eskuin alderat - ekialderat- abiatzen den bide txiki bat hartuko dugu. Bide honen abiapuntuan, zedarri batek Barkoxe hiru kilometrora dagoela seinalatzen digu.

Bide txiki honetan, kilometro bat eta erdi inguru eginik, bidegurutze batera iristen gara. Hori da Latailladeko lepoa (405 m) ,eta handik bertatik oinez ibiltzen hasiko gara. Iparraldera gorantz egiten duen bidexka harriztatua hartuko dugu, hamar bat minuturen buruan Baraleineko lepora heltzeko (442 m). Zuberoa eta Biarno arteko mugan gaude, nahiz eta frantsesez eta biarnesez Baretous izena duen haranak ezin duen ezkutatu zubererazko ibarrettoa (ibar txikia, alegia) hitzean daukala jatorria. Orain dela bi mende, edo gutxiago ere, euskaraz hitz egiten zen haran honetan eta bertako herri guztiek euskarazko izenak ere dauzkate: Landa, Aramitze, Iñhazi, Ereta, Izor...

Iraganaren oroimin hauek utzirik, Baraleineko lepoan, ipar-mendebaldera doan hegi belartsua hartuko dugu, nahiz eta saihetsean dagoen lurbidea ere erabil daitekeen. Hegitik ibilita, berehala begi gozamen izango ditugu bazter ederrak. Mendebaldean, hurbil-hurbil, mehaka sakon baten beste aldean, hortxe ditugu Erretzü eta Maidalena mendixkak. Mendebalde zein hegoalderat hurrenez-hurren ikusmiran izango ditugu, berriz, Südu, Argibel, Izarbetik Ligi arteko hegiko gailurrak, Binbaleta, Kartxela, Otsogorrigaina, Ori, Harsüdürra (Escaliers), besteak beste.

Zebiagako hegi belartsu eta otetsuaren haritik ibilki gabiltzala, pinudi bat izango dugu bidaide, ezkerraldeko maldan. Hegi honek gorena jotzen du 480 metrotan eta jarraian seko behera sartzen da. Aski fite sigi-saga urratutako xenda batekin egingo dugu topo eta, zurezko langa batean, aukera emanik zaigu bazkaleku baten behera jaisteko edo Itxal izena duen etxe batera daraman bide txiki bat topatu arte joateko. Nolanahi ere, kasu batean zein bestean, Montori eta Barkoxe arteko errepidera iritsiko gara, bi borda eta errota zahar baten arrastoak ageri diren leku batera (265 m).



JOSIBAIA ETA ERREKA HANDIA BIDAIDE. Inguru horretan da ere Josibaia erreka oso polita bidearen alde batetik bestera igarotzen. Beraz, errepide honetan bostehun bat metro ibiliko garelarik, eskuinean bidelagun izango du Josibaia. Haatik, eskuinaldean eta bide aldepean kokatua den Ibar baserria pasatu eta berehalaxe agur egingo diogu Josibaiari, eta hari bere urak dakarzkion Erreka Handiaren bazterretik gorantz laguntzen duen bide harriztatua hartuko dugu. Erreka Handia deitzea gehiegi da, egia erran, errekasto bat baita, baina zein polita eta gustagarria. Erreka Handiaren mehaka guztiz atsegingarriko malda baten gora laguntzen gaituen bide harriztatu hau etxe gisara zaharberritutako borda batean bururatzen da.

Borda berritu honetatik aurrera, lurbide batean jarraituko dugu, ekialdera, apurtxo bat goialdean daukagun hegira igotzeko gisan (439 m). Hego-mendebaldera, oso hurbil, ezagutuko dugu duela gutxi ibilbide izan dugun Zehebiagako hegia. Gure oraingo bizkarraren harira iritsirik, hego-mendebalderako norabidean jarraituko diogu eta laster egingo dugu berriro topo Baraleineko lepoarekin. Hemendik aurrera, lehenago igo dugun bide harriztatu beretik egingo dugu behera Latailladeko leporaino. Ororen buru, neguko argiarte mugatuarentzako oso egokia den ibilbide labur eta erraz honek bi ordu pasatxo baino ez gaitu ibiltzera behartuko. Denborarik izango dugu, beraz, bazter zoragarrien gozatzeko.

 

Montori: kontsularen amesgaiztoa...



Txango hau egitean, edo ez, Montori herria bisitatzea gomendagarria da. Ezen oso polita baita Zuberoa eta Biarno mugako herri hau. Bere eliza gotortua, esaterako, guztiz ikusgarria da. Honetatik hurbil, gaur egun Herriko Etxea den egoitza apaizetxea zen lehen, eta Euskal Herriaren historia garaikideko gertakari oso garrantzizko baten lekuko izan zen.1970. urte amaieran, Franco diktadorearen erregimenak euskal abertzale andana epaitzen zituelarik Burgosko auzian, ETA erakundeak bahitu zuen Donostian Alemania federaleko kontsul Eugen Beilh. Jakina, bahiketa egileez kanpo, inork ez zekien non zegoen gatibu kontsula...

Montoriko apaizetxeko lehen solairuko leihotik salto eginda ihes egitea lortu zuen arte! Gaueko jantzitan agertu zelarik, frantses kaxkar batean mintzo zegoela, herriko taberna batean sartu zen Beilh esanez Alemaniako kontsula zela eta eliza alboko etxe batetik ihes egin zuela...

Zer egin zuten, bada, tabernan zeuden lagunek? Apaizetxera berriro eraman zuten, zoro batentzat esdo hartu zutela! Haatik, ETAk aski laster aske utzi zuen, 1970eko Eguberrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.