Zelten egutegiaren itzala

Lizoain herrian parke bat zabaldu dute, eta zelten egutegiaren ikur diren hemeretzi zuhaitzak landatu dituzte. Haraneko herritarrek auzolanean egindako lanari esker eraiki da parkea.

Lizoaingo parkean hainbat zuhaitz espezie biltzen dira. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Lizoain
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Zelten parke bat zabaldu berri dute Lizoainen (Nafarroa). Lizoainibarko hamahiru herrietako bizilagunek auzolanean egindako lanaren fruitu da parkea. Zelten egutegiaren ikur diren hemeretzi zuhaitz landatu dituzte. Parkearen erdian Peio Iraizoz harginak zelten sinboloekin egindako iturria kokatu dute. Haraneko haurrek landatutako bertako 60 zuhaitz ere biltzen dira parkean.

Zelten egutegia irudikatzen duen parkeak antzinako herri haren kultura eta euskal kulturaren arteko harremana islatzen du. Bi kulturetan zuhaitzak bizitzaren sinbolo dira, eta elementu horren leluko da parkea. Hara sartu aurretik argibide-ohol handi batean landatuta dauden hemeretzi zuhaitz espezieren berri ematen da, eta baita kokapenaren zergatia ere.

Parkeak biribil bat irudikatzen du, eta erlojuaren orratzei jarraituz kokatu diren zuhaitzak ikus daitezke. Zelten egutegia ilargiaren arabera arautzen da, eta hogeita zortzi eguneko hamahiru hilabetek osatzen dute. Urtea abenduaren 24an hasten da, eta egun hori izeiak ordezkatzen du, gauzen hasiera irudikatzen duen zuhaitza delako zelten kulturan. Urtearen azken eguna, berriz, abenduaren 23a da, eta haginak ordezkatzen du. Egutegiari jarraituta parkean hazten dira hamahiru hilabeteak ordezkatzen dituzten beste hainbeste zuhaitz: urkia, otsalizarra, lizarra, haitza, sahatsa, elorri zuria, haritza, gorostia, hurritza, mahatsondoa, elorria, kanabera eta intsusa. Ondoan, lau urtaroak ordezkatzen dituzten zuhaitzak daude: pagoa (negua), isatsa (udaberria), ezkia (uda) eta lertxuna (udazkena).

Egitasmoa Lizoainibarko Ripakoa elkarteak sustatu du. Hamarkada bat darama haraneko ondarea lehengoratzeko lanetan. Duela urte batzuk, eta beti auzolanean, haraneko askak eta elurguneak lehengoratu zituzten. Parkea ere auzolanean egindako lana da, eta haraneko hamahiru herrietan bizi den jendeak parte hartu du. Lizoainbarren 310 lagun bizi dira. Diru iturri gutxi dituztenez, auzoalean ez bada, ezin dituzte egitasmoak gauzatu. Pello Zabala frantziskotarrak lagundu die ideia garatzen.

Parkea urtebeteko lana izan da, eta 18.639 euro kostatu da. Aurrekontuaren %70 Cederna-Garalur erakundeak ordaindu du, Europako Batasuneko Leader programaren bidez lortutako diru laguntzarekin. Beste %20, berriz, Lizoaingo Udalak jarri du.

Haraneko haurren zuhaitzak

Parkearen helburua ez da soilikzelten kulturaren berri ematea. Haratago iritsi nahi duen zerbait da. Haraneko oraingo belaunaldiak ez, etorkizunekoak ere murgildu nahi dituzte egitasmoan. Lourdes Escribano Ripakoa elkarteko ordezkariak azaldu du proiektu zabalago baten hasiera dela: «Haraneko haurrentzat parke bat ere egin nahi genuen, eta zelten parkearekin batera hasi da gauzatzen». Parkean, horregatik, zelten egutegiko zuhaitzen ondoan, haraneko haurrek edo bertara asteburu-pasa edo oporretan joaten diren umeek landatutako bertako 60 zuhaitz ageri dira. Zuhaitz bakoitzaren ondoan, egurrezko ohol txiki batean honakoa izkiriaturik: zuhaitzaren izena, landarea landatu duen haurraren izena eta jaioteguna. «Haurrek badakite zein den landatu duten zuhaitza, eta zaintzera eta nola hazten den ikustera etor daitezke», dio Amaia Ekisoan alkateak.

Zelten parkeaz landa, ondoan muga eginez dagoen utzitako elizari ere erabilera eman nahi diote. Eliza herriarena da, eta etorkizunean haraneko jendea biltzeko gune izatea nahi dute. «Parkearekin batera aisiarako gune izatea nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.