PSEko legebiltzarkide Carlos Gorostizak arlo buruen funtzioen gainean galdetu zien sindikatuetako ordezkariei. Andoni Basabe lan batzordeko ordezkariak honakoa erantzun zuen: «Arlo buruak esan behar du zer berri sartu behar diren albistegiko eskaletan. Haren funtzioa ez da kazetariari bideoa modu batean egiteko agintzea, komisario politikoarena eginez. Arlo buruak behar ditugu, komisario politikorik ez».
Ohartarazpenak ez dira ETBko lan itunean jasotzen, eta zigorra jasotzen duen kazetariak ez du aukerarik horren aurrean erantzuteko. «Kazetaria linboan gelditzen da», ohartarazi zuen Andoni Basabek.
Langileen ordezkarien ostean, EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriok eta ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek egin zuten agerraldia. Surioren arabera, gertatutakoa «momentuko desadostasun» bat izan zen eta ez zuen jendartera zabaldu behar. Viloriaren aurreneko lana izan zela aipatu zuen eta inork ez zuela Viloriaren bertsioa eskatu. «Zuzendaritzak ukatu egiten du manipulazioa, zentsura eta inposaketa egon zenik», azaldu zuen Suriok.
EAko, EBko eta Aralarreko legebiltzarkideek nabarmendu zuten Surioren bertsioa ez datorrela bat langileen ordezkariek emandakoarekin. EAJ, EA, EB eta Aralarreko ordezkariek ohartarazpenak kentzeko eskatu zioten zuzendaritzari.
EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriak «inposaketa saiakera» egon zela salatu zuen, eta gertaera larritzat jo. «Askatasuna eta printzipio batzuk bortxatu dirta. Gainera, zuzendaritzak hedabide publikoak erabili ditu langileak iraintzeko».
PPko Carlos Urkijoren iritziz, «uskeri batekin mendiak egin dira eta Juan Carlos Viloria sutara bota dute zentsore gisa». PSEko Carlos Gorostizaren ustez zentsura salaketak jaurtitzea «oso-oso larria eta moralgabea da».
Suriok adierazi zuen ohartarazpenak ez direla zigorrak, «abisuak baino ez». Gaiarekin «azpijoko» bat dagoela ere salatu zuen. Baina langileen ordezkariek eta alderdi abertzaleek ohartarazpenak kentzeko eskaerari ez zion erantzunik eman.