Zentzumen arruntetatik at

Ostiraletik abian da Esoterismoaren eta Terapia Naturalen XVIII. Aretoa, Donostian, Miramar jauregian. Datorren igandera bitartean irekita egongo da azoka berezia.

Maialen Unanue
Donostia
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Miramar jauregiari bizkarra emanez, Kontxako badiak dotore agurtzen ditu bisitariak. Martxan da Esoterismoaren eta Terapia Naturalen Nazioarteko XVIII. Aretoa, Miramar jauregian, eta, hondartzetan ez ezik, bertan ere bildu da jendea. Talde txikietan, jendea bankuetan edo zelaian eserita dago, hitz egiten, irakurtzen, paisaiaz gozatzen... Giroa lasaia da, eta denbora gelditu egin delako sentipena ematen du.

Jauregira sartzean, korridoreak ematen dio ongietorria bisitariari. Atetik, usain berezia nabari da; musika oso apal entzuten da, xuxurla baten moduan. Ezker-eskuin areto txikiak daude, eta batetik bestera dabil jendea. Saltoki txikiak daude haietan, eta denetik aurki daiteke: bitxiak, mineralak, liburuak, intsentsuak, apaingarriak... Zenbaitetan, tarota kontsultatzeko, erlaxazio terapiak egiteko eta masaje terapeutikoak jasotzeko aukera ere eskaintzen dute.

Bere postuan eserita dago Iñaki Munita, Tibetetik ekarritako tresna sendagarriez inguraturik. Ez da berria Esoterismoaren Aretoan, «proba modura» postua jarri duen lehenengo aldia bada ere. Izan ere, Tibetetik ekarritako kuartzozko katiluak baliatuz musika kontzertuak eskaini izan ditu hiru urtez. Pertsonak erlaxazio egoera sakonean murgiltzea helburu duten terapiak eskaintzen ditu: «Bezeroa aurrean izanda, arreta behar duten gorputzaren atalak identifikatu, eta haietara bideratzen dut indarra».

Marilyn Rossner munduko mediumen artean ezagunenetarikoa da. Alde batera eta bestera dabil korridorean: txikia izanik ere, haren presentzia nabarmena da doan lekura doala. Sandra Gonzalez aretoaren koordinatzaileak azaldu duenez, «hitzaldi bereziak eskainiko ditu aurten, baina denbora librea badu, postuetan gora eta behera ibiltzea gustatzen zaio».

Geletako batean fraide budistak daude eserita, isiltasunean, jendearen zain. Hainbat gauza dituzte salgai, baina joaten zaizkienak tratatzea da euren zeregin nagusia.

Hitzaldien aretoa ere badago. Aurten, gainera, David Mateuren margolanek apaintzen dituzte paretak. Abuztuaren 7ra bitartean, aditu ugari pasako dira bertatik, besteak beste, Raymond Moody eta Marilyn Rossner. Azken horren ikasle izandako Mikel Lizarralde atzo igo zen oholtzara.

Erantzun eske

Korridorearen amaieran gainontzeko aretoak baino handiagoa den gela bat dago. Mahai txiki eta borobilak ditu, eta guztietan igarle bana dago. Kanpoko mugimenduarekin alderaturik, zurrumurru apala entzuten da. Ordua aurrez eskatu behar da bertara sartzeko: batzuek telefonoz egiten dute erreserba, baina momentuan ere egin daiteke. Izan ere, askok dute igarle kutunen bat, eta espresuki haiekin hitz egiteko joaten dira.

Igarleengana denetarik joaten da, baina emakume helduak ikusten dira gehien bertan. Begoña kanpoko banku batean eserita dago, lagun baten zain. Ia urtero etortzen da, tarotari galderaren bat egiteko asmoz: «Nire alaben inguruan galdetzen diet, niri buruz baino gehiago». Hark ere badu igarle kutun bat: «Batik bat, Maria Luisa Romerorengana etortzen naiz, baina azkenaldian ospea hartu duela eta, gero eta zailagoa egiten da harekin ordua adostea».

Irribarretsu dago Marta Rodriguez igarlea mahaiaren bestaldean. Beteranoa da aretoan, bertara etortzen den hamazazpigarren aldia baita. Eskuekin eta kartekin jarduten du, gehienbat. Azaldu duenez, galderak errepikatu egiten dira bezeroen ahotan: «Osasuna, dirua eta maitasuna; ez dago besterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.