Ezarian. San Sebastian Gastronomika biltzarra

Zentzumenen festa hasi da

San Sebastian Gastronomika biltzarraren hasiera ofiziala Luis Irizar sukaldariaren ibilbideari aitortza egiteko baliatu duteBrasil, Mexiko eta Peruko sukaldaritzak dira biltzarreko arreta gune nagusiak

Brasilgo sukaldari gonbidatuak hango gastronomiaren berezitasunak erakutsi zituzten auditoriumean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hasi da jada gastronomiaren festa handia Donostiako Kursaalean. San Sebastian Gastronomika biltzarraren hasiera ekitaldia egin zuten atzo auditoriumean. Ekitaldia hunkigarria izan zen oso, Euskal Herriko sukaldaritzaren garapenean mugarria izandako pertsona maitatu bat omendu baitzuten: Luis Irizar. Ez zuen, gainera, edozeinen eskutik jaso aitortza. Euskal Herriko sukaldari onenen babespean egin zioten bere ibilbide luze eta emankorraren aitortza. Karlos Argiñano, Pedro Subijana, Ramon Roteta, Hilario Arbelaitz, Andoni Luis Aduriz, Juan Mari Arzak eta Martin Berasategiren eskutik jaso zuen euskal gastronomiari eskainitako urte luzeen lanaren ordaina.

Sukaldariek Irizarren lana goraipatu, eta haren erakusteko grina azpimarratu zuten. «Garai hartan sukaldariek ezkutuan gordetzen zituzten sukaldeko sekretuak. Luis Irizarrek, ordea, dena erakutsi digu», esan zuen Subijanak, zeina haren ikasle izan zen.

Sukaldarien inspirazio iturri izateaz gain, euskal sukaldaritzaren aro berriaren bultzatzailetzat ere jo zuten Irizar. Argiñano izan zen ekitaldiari umore puntua jartzeko arduraduna.

Gastronomia biltzarraren festa, ordea, ez zen soilik Irizarren omenaldia izan. Zaporeen festa handia baita egunotan Kursaala. Munduko sukaldaritzen erakusleiho erraldoia bilakatu da, zapore eta usainak nahasten diren agertoki erraldoia. Zentzumenak zoli eduki beharko ditu bisitariak, erakusmahaietako arduradunek haiekin jolasteko proposatuko baitiote.

Brasil, Mexiko eta Peru dira aurtengo biltzarreko gonbidatu nagusiak. Atzo, Brasilgo sukaldaritzaren txanda zen, eta begirada gehienak handik etorritako sukaldarietan zeuden jarriak. Brasilgo sukaldaritzaren tradizioa eta bilakaera aztertu zuten hainbat hitzalditan. Auditoriumean jarritako sukaldean errezetak prestatu bitartean, Brasilgo gastronomiari buruzko xehetasunak eman zituzten. Erakusketaren ostean, prestaturiko errezeten kalitatea egiaztatu zuten lekukoek, haiek probatuta.

Herrialde zabal bezain askotarikoa da Brasil, eta horrek badu eragina sukaldaritzan. Aberatsa baita hango gastronomia. Portugaldarrengatik jasotako oinordetza gastronomikoa Amazonasko lore, esentzia eta fruituekin uztarturiko hainbat plater prestatu zituzten sukaldariek. Sukaldarien jarduna pantaila handi batean ikusteko aukera eman zieten bertaratutakoei.

Biltzarra, gastronomia festa

Kursaalean sartu aurretik ezagun da gastronomia dela bertako gai nagusia. Euskal Herriko produkturik preziatuenetarikoez beteriko erakusmahaia baitago lehen-lehenik. Txuletak, txistorrak eta txingarretan egiteko beste zenbait haragi gorrik barruan aurki daitekeenaren arrastoa ematen du.

Behin Kursaaleko hormen artean, jakien lurrinek gidatzen dute bisitaria. Han bertan bildu baitira munduko hamaika tokitatik etorritako etxeak, euren produktuak erakusteko gogoz. Prest agertzen dira erakusmahaietako langileak euren produktu eta zerbitzuak erakusteko, ongi baitakite horrelako biltzarretan negozio aukera ugari sortzen direla.

Zaporeekin jolasean

Japoniako jaki tipikoak probatu eta bost minutura, Kanarietako mojo berdearekin bustiriko ogi puska ahora eraman. Sukaldaritza ulertzeko era batetik bestera jauzi egiteko aukera eskaintzen du biltzarrak.

«Garrantzitsua da horrelako biltzarretan egotea. Kontuan hartu gu 2.000 kilometrora gaudela.Gure produktuak erakusteko eta bezeroak egiteko aukera bikaina eskaintzen digu», azaldu du Kanariar uharteetako erakusmahaiko langileak. Papak, Fuerteventurako gazta, ardoa, gofioa, mojo saltsa eta beste produktu batzukprobatzeko aukera ematen du langileak.

Elizondotik etorritako Esarte etxeak aurrez prestaturiko jakiak saltzen ditu. Jendaurrean erakusten ari dira euren lanaren prozesu osoa. Kroketa, brotxeta eta oilasko izterrak prestatu, eta, ondoren, paketetan sartu saltzeko. «Lehenengo aldia da etortzen garela, gure asmoa negozioa zabaltzea da»,adierazi duEsarte etxeko langileak.

Biltzarra indartzeko xedez, lehiaketak antolatu dituzte aurten. Gin tonic txapelketa da horietako bat, eta arreta handia bereganatu du. Tentu eta zehaztasun handiz prestatu dituzte lehiakideek edariak. Norberak edaria prestatzeko bere sekretua du, baina epaimahaikideek aukeratu beharko dute zein den onena.

Jende mugimendu handia dago Kursaalean. Erakusmahaiak bisitatu, sektoreko azken berrikuntzei buruz ikasi eta bezeroak eta hornitzaileak bilatzea dute buruan biltzarkideek. Harremanak egiteko aukera ona eskaintzen dute gisa honetako biltzarrek.

Jateko produktuez harago, eskaintza zabala dago biltzarrean.Gastronomiaren alor guztiak ukitzen baitu Gastronomikak. Sukaldean ibiltzeko lanabesen, liburuen, goi mailako sukaldaritzako produktuen eta jatetxeak zahar-berritzeko zerbitzuen berri eduki daiteke, besteak beste. Gastronomiak hartzen duen unibertso zabala ordezkatua dago Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.