Robin Food da telebistan David de Jorge sukaldaria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1970). Bere plato berria «amestutako lekua» du. «Ahalko banu, sukaldean lo egingo nuke; dena eskura duzu».
Beharrezkoa da zerbitzatu aurretik janaria probatzea, ezta?
Beti; urrezko araua da.
Zure probatzeko modua ez zaio, bada, askori gustatzen...
Nire sukaldean nahi dudana egiten dudala esango nieke. Eta trago batera gonbidatzen ditudala.
Ez omen zaizu goi mailako sukaldaritza interesatzen; audientziak, behintzat, goian ipini zaitu.
Cosimo Piovasco di Rondo bezala sentitzen naiz, Italo Calvinok idatzi zuen baroi igokaria bezala. Zuhaitzetan bizi zen, eta goietan hil zen: globo bati eutsita desagertu zen, hodei artean.
Robin Hood pobreen defendatzailea omen zen. Harekin identifikatzen al zara, ala beste heroien bat nahiago?
Nire heroiak gurasoak eta irakasleak dira.
Emakumezkoak bildu dituzu Los Angeles de Daivid atal berrian. Emakume gutxi izaten dira telebistako sukaldeetan.
Imajinatzen dut emakumeak historikoki etxeko andrearen rola bere egin duela, eta betebehar potoloa da hori. Horregatik, jatetxeetan sukalde jolasean aritzea gehiago da gizonezkoen neurriko zerbait. Hala ere, Frantzian egon dira oso famatuak izan diren mère-ak: La Blanc, La Poulard, La Brazier. Hemen ere izan ditugu emakume ausart asko: Nicolasa eta azkarai-egileortarrak, adibidez.
Telebistan agertzen den sukaldari batek ikusten al ditu sukaldaritza saioak etxera itzulitakoan?
Ero baten gisan. Liburu onen eta sukaldaritza saioen gose ikaragarria dut.
Animatuko al zinateke Robin Food saioaren ondoren albistegietako platora salto egiten?
Kameren aurrean jartzea oso kontu serioa da. Teleberri-ko lagunei errespetu handia diet: nik bidea irekitzen diet, eta haiek dira eguneroko programazioaren talde izarra.
Albisteak aurkezten ez, baina idazle gisa ere ezagutzen zaitugu. Ederki elikatuta daukazu bloga.
Kuriosoa naiz, eta ahal dudan gehienetan teknologia berriak erabiltzen ditut, baina betiere horien esklabo bihurtu gabe. Kirioetatik ateratzen nau norbaitekin kafe bat hartzen egon, eta hark telefono dei bati erantzutea.
Con la cocina no se juega liburuarekin arrakasta lortu duzu. Zein osagai behar dira hori lortzeko?
Buru-belarri lan egitea eta erraiekin idaztea, mihian bilorik izan gabe.
Subijana, Arbelaitz, Berasategi… Ez al zara BCC Basque Culinary Centerrera animatzen?
Ategorrietako sukaldaritza eskola zaharrean ikasi nuen; bota egin zuten, gainera. Askoz ere apalagoa zen, eta ahuleriak jota hil zen. Espero dutBCCri halakorik ez gertatzea.
Zer nahiago zenuke, zentroko ikasle edo irakasle izatea? Edo hobeto hortik kanpo?
Nahiago nuke Rio de Janeiroko sanba txapelketa bateko epaimahaikide izan.
Dieta egiten ere behin baino gehiagotan saiatu zara. Ezinezkoa al da emaitzak lortzea su artean lan eginda?
Zentzu onarekin elikatzea nire eguneroko erronka da.
Merezi al du nahi den guztia jatea, gero hilabeteak emateko hartutako kiloak jaisten?
Zer da bizitza? Frenesia, itzala, fikzioa.
Azkena ez zen ba Dukan ezaguna izango! Dieta miragarrietan sinesten al duzu?
Ez ditut ezagutzen, mediku bati galdetu beharko diozu. Edo agian bankari edo eurodiputaturen batek hitz egin diezazuke dieta miragarri horien inguruan.
Hondarribiar bat Bilbon, munduko xerrarik handiena egiten.
Neurtu ezinezko jendetza bildu zen; 4.000 anoa irentsi zituzten. Inoiz ez nuen imajinatu lanean horren ondo pasa zitekeenik. Robin Food-eko jarraitzaileen legioarekin zorretan nengoen, eta parranda komunitario hori euren fideltasuna eskertzeko izan zen.
Hondarribia, pintxo onen herria. Gai al zara halako bat egiteko, edo zaila da zuretzat halako gauza txiki bat egitea?
Munduko pintxorik onena patata tortilla on bat da. Edo txorizo minarenxerra lodi bat.
David de Jorge
«Zer da bizitza? Frenesia, itzala, fikzioa»
Sukaldari onenen ikasle izan da David de Jorge. Telebistako platoa du lantoki, eta sukaldaritza esperimentala baino, nahiago du patata tortilla on batek ematen duen plazera. Idazle gisa ere jarduten du: maiz elikatzen duen blog bat eta hainbat liburu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu