Komunikazioa. Ekografiak

Zer gerta ere

Jokin Labaien.
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Badira egun batzuk ezker abertzalearen alderdi berria aurkeztu zela. Ikusmin handia sortu du, gurean eta guretik kanpo. Kamera asko bildu ditu prentsaurrekoetan. Kazetari askok hartu dute hizpide. Minutu pila eskaini dizkio, besteak beste, telebistak albistegien, mahai-inguruen eta erreportajeen bidez. Larunbateko Informe Semanal izan da nire arreta erakarri duen azkena.

Normaltasunaren barnean har genezake erreportaje sortak eskaintzen dituen saioak azken asteko gaia hizpide hartu izana. Espero genuen. Hain zuzen, gai horren inguruan, La1 kateari darion anbiguotasuna bezala. Anbiguotasun hori, baina, ez da hainbestekoa lehen begiratutik harago joan nahi duenarentzat. Albistearen lehen egunetatik gaurdaino, bi aldaketa sotil nabarmen nabari ditut. Bi aldaketa sotil nabarmen eta berariaz sortutako hutsunea.

Albistea aldatu egin baita, nabarmen aldatu. Lehen egunean, alderdi berria izango zenaren norabide berrian jarri zuten mira kazetariek. Biharamunean, norabide berriaren emaitza izango den alderdi berriaren izenak, irudiak eta aurpegiek bete zituzten tituluak. Eta azken egunetan, gaur, norabide eta alderdi berriaren etorkizuna zein izango den erabakiko dutenak daude hedabideen ahotan. Haiek, eta batetik eta bestetik haiei presioa sartzeko gaitasuna dutenak. Hala Informe Semanal saioan, nola bestelakoetan. Poliki-poliki gertatu da aldaketa. Baina, behin gertatuta, sotilkeriak nabarmendu egin dituzte, etorriko dena etorriko dela. Larunbateko emanaldia ikusi bazenuen, ohartuko zinen horretaz. Badaezpada ere, norabide eta alderdi berria txalotuak izan ziren. Aurrerapausoa. Epaitegiaren esku dagoen aurrerapausoa. Zer gerta ere. Badaezpada ere, argi utzi zuten pertsona berak direla norabide eta alderdi berriaren atzean daudenak. Hargatik ikertu behar da epaitegietan Sortu-ren etorkizuna zein izango den. Aurrerapausoa, ontzat ematen bada soilik. Zer gerta ere.

Jarrera bikoitza erabat estuki loturik dago hainbat alderdi eta eragilek lehentasun gisa zehaztu duten hari muturrarekin. Aski ote den etorkizunean arbuiatzea, iraganekoak arbuiatu gabe. Testuingurua eztabaida dialektiko horretara bultzatzeko, hutsune bat indartu behar da. Hain zuzen, ez dela gaitzespenaz aparteko ideiak eta oinarriak existitzen.

Horra anbiguetatearen gakoak, zer gerta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.