Zero zabor filosofiaren bidean, zenbait neurri hartu berri dituzte hondakinak murriztu eta birziklatzeko bidean eragiteko Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa). Urtean 65.000 edalontzi erabiltzen dituzte parkeko kafe makinetan, batez beste 250 edalontzi erabiltzen baititu pertsona bakoitzak urte guztian. Plangintza berriarekin, besteak beste, plastiko kopuru hori murriztu nahi dute.
Parkean dauden 28 enpresek zenbait neurri hartu dituzte hondakinak gutxitzeko. Adibidez, kafe makinetan plastikozko edalontziak kendu dituzte hondakinak murrizteko. Bakoitzak bere katilua erabiltzea sustatu nahi dute, eta horretarako, portzelanazko katilu berrerabilgarri bat banatu zaio langile bakoitzari. Hemendik aurrera, kafea eta edalontzia ez ditu batera salduko makinak, eta edalontzia nahi duenak makinan bertan erosi beharko du 5 zentimotan. Neurri horiekin, urtetan igo gabe egon den kafearen prezioa 40 zentimotan mantentzea lortu dute, kafe hornitzaileek 45 zentimora igotzeko asmoa baitzeukaten.
Kanpaina horrekin, zailtasunak jarri nahi dizkiete kafea plastikozko edalontzian hartu nahi dutenei, eta erraztasunak kafea portzelanazko katiluan hartu nahi dutenei; hau da, kafea plastikozko edalontzian hartu nahi duenak edalontzia aparte ordaindu beharko du, eta portzelanazko katiluan edan nahi dutenek ez dute edalontzia ordaindu beharko. «Azken batean, plastikozko edalontzia erabiltzeari oztopo bat jartzea izan da asmoa, oztopo ekonomiko bat», dio Mikel Ikatzategik, Martin Ugalde parkeko ekinaldi hau martxan jartzen parte hartu duten langileetako batek.
Hondakinak birziklatzen
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatu du Martin Ugalde kultur parkeak kanpaina abiatzeko. «Badira antzeko egitasmo gehiago. Guk ideia hau zabaldu eta beste enpresa batzuetara eraman nahi dugu», azaldu du Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak. «Gipuzkoako Foru Aldundiak zero zabor bidearen aldeko apustu garbia egin du, eta, bide horretan, urratsak egin nahi ditu: «Hau urrats horietako bat da», gaineratu du.
Egitasmoak hondakin gutxiago sortzeko eta kontzientziazioa areagotzeko balioko duela uste du Iraolak: «Halako esperientziak egiten direnean eta herritarrak ohitura txiki batzuk aldatzen hasten direnean, aldaketa hori beste esparru batzuetara ere eramaten dute. Hau da, halakoei esker, herritarrek errazago ikusten dute arazoa, baita balizko konponbideak ere».
Langileen ohiturak aldatzeko bestelako neurriak ere hartu dituzte, batez ere birziklatzea bultzatzeko. Hala, hondakinak gaika biltzeko aukera emango zaie enpresei, bi bilketa gune jarriz parkean. Enpresa bakoitzak, era berean, neurriak hartuko ditu bere bulegoetan, eta papera, organikoa, errefusa eta ontzi arinak biltzeko erreztasunak jarriko dizkie langileei.
Zero zabor bidean
Hondakinak murrizteko asmoz, kafe makinako plastikozko edalontziak kendu eta bakoitzak bere katilua erabiltzea sustatu dute Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu