Ezarian. Arkitektura

Zerua laztantzea amets

Munduko beste toki batzuetan ez bezala, Euskal Herrian ez dago garaiera handiko eraikin askorik. Iberdrolako dorrea da eraikitako altuena: 165 metro ditu.

2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Beirazko obeliskoa, monolito gardena edo, besterik gabe, sekulako dorrea. Lehen begiratu batean hori guztia izan daiteke Bilboko Abandoibarran inauguratu berri duten Iberdrolaren dorrea. 165 metro garai da, 41 solairu ditu, beiraz jantzita dago, eta hura eraikitzeko 8.500 tona altzairu eta 60.000 tona porlan erabili dituzte. Cesar Pelli arkitektoaren lan erraldoia Euskal Herriko enpresa garrantzitsuenetako baten kokaleku izanen da Bilbon, eta, hiriko ikono berria izateaz gain, antolakuntza eta ekonomia eredu bat ekarriko du hirira: negozio zentroa. Dena dela, munduko beste herrialde batzuetan ez bezala, Euskal Herrira berandu eta bakan iritsi da garaiera eta neurri handiko dorreak edo etxe orratzak eraikitzeko ohitura.

Gizakiak ez du gaurkoxea garaiera ahalik eta handiena harrapatzeko ametsa; izakiaren sorreratik datorren zerbait da. «Beti izan du gorantz egiteko joera, garaiera hartzeko ametsa. Aspaldiko garaietan, batez ere, eraikin erlijiosoetan, elizetako eta katedraletako dorreetan islatzen zen amets hori», gogoratu du Miguel Angel Alonso del Val Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako proiektu katedradunak. Denborarekin, amets hori eraikin zibiletan hasi zen islatzen.

Amets horren jabe, batez ere, iparamerikarrak izan dira oraintsu arte. «Bulkada garrantzitsuena XIX. mendearen bukaeran Chicagoko eta New Yorkeko hirien arteko lehiak ekarri zuen», argitu du Alonsok. Ameriketako Estatu Batuetako bi hiri horien artean lehia bizia sortu zen, eraikin garaiena nork lehenago eraiki. «Hasieran dorreak 10-15 solairukoak ziren. Gaur egun oso baxuak iruditzen zaizkigun arren, ordurako baziren zerbait. XX. mendea etorri ahala, 70-80 solairuko eraikinak eraikitzen hasi ziren. New Yorkeko Woolworth izan zen lehena». 1913an bukatu zuten Woolworth eraikina; 60 solairu zituen, eta 241 metro garai zen. Bi hamarkadatan munduko dorrerik garaiena izan zen. Handik aurrera, etxe orratzak eta dorre handiak ugaldu egin ziren Estatu Batuetako hiri nagusietan.

Ugalketa horren arrazoia ez zen soilik ekonomikoa izan. Eraikuntzan ezinbesteko diren bi ingeniaritza elementuren garapen tekniko nabarmenak ekarri zuten garaiera gero eta handiagoko eraikinak eraikitzea: altzairuan egindako egituren hobekuntza, batetik, eta igogailua, bestetik. Igogailua agertzea ezinbestekoa izan zen. Igogailuaren teknika ez zen 1880. urtera arte garatu, Elisha Graves Otisek lehen igogailu ziurra eraiki zuen arte.

Gerora iritsi zen dorre eta etxe orratzen eredu adierazgarrienetakoa: New Yorkeko Empire State. «Hura izan da ikurra. Ekonomiaren beheraldian eraiki zen, 1929 eta 1931 artean, baina eredu handia bilakatu zen». Hari jarraituz, Estatu Batuetako hiri nagusietan zein munduko esanguratsuenetan, dorreak eraikitzen jarraitu zuten.

Europan gauzak bestelakoak izan ziren, besteak beste, Euskal Herrian. «Etxe orratzak eraikitzeko ametsak asko izan ziren; baina hori besterik ez ziren izan, ametsak», azpimarratu du Nafarroako Unibertsitateko katedradunak. Parisko Eiffel dorrea salbu, garaiera handiko eraikin gutxi egin ziren XX. mendearen lehen erdialdean. Eraiki zirenak, gainera, iparamerikarrekin alderatuz, txikiak izan ziren, gehienez 20 solairu baino ez zituztelako.

Tradiziorik ez

II. Mundu Gerra izan eta gero hasi ziren Europan eraikin batzuk gorago igotzen, baina beti egon da garaieran eraikitzeko tradizio txikiagoa. «Hiri trinko eta dentsoaren kontzeptua oso garatuta dago Europan, eta ez dago hedatua finantza zentro gisa hiriaren erdigunean biltzen diren dorre handien Ipar Amerikako joera». Londresen, Parisen eta Frankfurten 1960ko urteetan eraikitakoak ezin ziren lehiatu AEBetako hirietako eraikinekin. Europakoek 50 solairu zituzten, gehienez. Joera hori bera izan zen Euskal Herrian ere.

Duela hamarkada gutxi arte, eraikin erlijiosoak izan dira, elizetako eta katedraletako dorreak, Euskal Herriko hirietan ikus zitezkeen punturik altuenak. Adibidez, Donostiako katedralak 75 metro da garai, eta 80 metro Baionakoa. Aldiz, inauguratu berri den Iberdrolaren dorrea 165 metro altxatzen da gorantz, katedral horien halako bi.

Euskal Herrira oso berandu iritsi zen garaiera handiko eraikinak egiteko joera, eta zerbait «bakana» izan zela deritzo Miguel Angel Alonsok. 1960ko urteetara arte ez ziren hasi eraikitzen. Bilboko Albia eta BBVA banketxearen dorreak dira garai horretakoak; lehena 70 metro garai da, eta 19 solairu ditu; bigarrenak, berriz, 21 solairu ditu, eta 88 metro garai da. Donostian, berriz, Atotxako dorrea aurki daiteke, 1970ko hamarkadan altxatutakoa: 70 metro garai da, eta 20 solairu ditu: «Baina elementu bakanak dira. Eraikin berezi gisa eraiki zituzten, garaiera handirik ez duen hirigintzaren barruan. Hiriotan eraikinak 6, 8, 10 solairukoak dira, eta erdian dorre bereziren bat izaten dute jendearen arreta erakartzeko. Hori ez da Ipar Ameriketako dorre bilduen irizpidea».

Zerbait aldatu da joera hori, baina Bilbora eta hiriaren inguru industrialera mugatu da. Horren lekuko dira Isozaki dorreak: 83 metro garai dira, eta 22 solairu dituzte. Edo Barakaldoko BECekoa: 98 metro garai da, eta 28 solairu ditu. «Beste neurri batean, baina kontzeptu bera dute horiek ere. Hiriko gune jakin bateko garapena irudikatzeko mugarria lirateke dorre horiek. Eraikin monolito bat, objektu bakartu gisa».

Egungo dorreak erreferentzia elementuak dira, garai bateko eliz eta katedralen modura. Baina hiriak zenbat eta handiagoak izan, eskala ere aldatu egiten da, eta gero eta dorre handiagoak agertzen ari dira. «Bilboren ametsa neurri handiagoa hartzen duen hiria da, eta hori da orain inauguratu duten Iberdrola dorrearen balioa», dio Alonsok.

Eredu horren barruan, munduko beste toki batzuetan ari dira orain dorreak eraikitzen. Txinak eta herrialde arabiarrek lehia bizia dute, eraikin garaiena nork egin. Zerbitzuak hirietan biltzeko beharrak bultzatuta boterearen sinbolo dira, eta, era berean, garaieran eraikitzeko ahalmen teknikoak frogatzeko modua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.