Zeruari so daude Pirinioetako eski estazio gehientsuenetan. Elur denboraldia hastear da, baina elurrik ez da artean. Eta elurrik gabe, ezin maldan behera labaindu. Pirinioetako eski estazioen webguneetan irakur daitekeenez, asteburu honetan ekingo diote eski denboraldiari. Estazioak irekitzea, ordea, eguraldiaren mende dago, eta azken momentura arte ezin ziurtatu izango dute elur nahikorik izango den edo ez.
Gaur, bihar eta etziko Pirinio mendikatean prezipitazioak iragarri dituzte meteorologoek. Botako duen elurraren mende egongo da, beraz, irekitze ofizialaren eguna. Jakitun dira eski estazioetako arduradunak datorren asteko zubian —Hego Euskal Herrian dira jaiegunak— bezero ugarik izango dutela eskiatzera joateko asmoa. Eguraldiak lagundu ezean, botak, makilak, eskiak eta gainontzeko trasteak armairutik ateratzeko unea atzeratu egin beharko dute eskizaleek.
Iaz, azaroaren azken asteburuarekin batera bota zituen lehenengo elurteak, eta abenduko lehen astebururako eskiatzeko estazio ugari irekiak zeuden. Aurten, aldiz, kalean hotza nabaritzen hasia bada ere, lehenengo elur malutak noiz erori zain daude eski estazioetako langileak.
«Ez dago ezer». Horra eski estazioetako harrerako langileen erantzuna pisten egoerari buruz galdetzean. Eguraldi iragarpenak betez gero, litekeena da pistak zuritzea, baina ez dute ezer baieztatu nahi izan elurtearen emaitza ikusi aurretik. «Webgunean iragarriko da estazioa noiz irekiko dugun».
Pirinioetan, aldiz, egoera bestelakoa da. «Eguraldi aldaketaren zain gaude», azaldu du Espainiako Atudem elkarteko Paloma Garciak. Tenperatura jaisteak elurra ekoizteko makinaria martxan jartzeko bidea ematen du. «Oraindik ez dugu jaso baieztapen ofizialik, ezta pisten egoerari buruzko informazio zehatzik ere. Oraingoz, irekiera ofizialen egunak mantentzen dira». Aragoiko, Kataluniako eta Okzitaniako estazio gehientsuenek astebururako finkatu dituzte denboraldiaren hasiera ofiziala. Errioxako Valdezcaray estazioak ere asteburuan ireki dezakeela iragarri du.
Azken urteetan elur denboraldiaren hasiera aurreratu egin dela azaldu du Garciak. «Ohikoa Gabonetan irekitzea izan da betidanik. Udazkenean gaude oraindik. Eguraldiak denboraldia abenduko zubian irekitzeko bidea eman du azken urteetan». Orain dela bi urte denboraldiari azaroaren lehenengo asteburuan ekin ziotela gogoraratu du Garciak. «Eskizaleek ideia hori barneratu, eta azaro bukaeran eskia daitekeela uste dute. Egutegi tradizionala aurreratu egin da».
Elur iragarpenak
Gaurtik aurrera Pirinioetan tenperatura jaitsi egingo dela iragarri dute meteorologoek: 1.800 metrotik gora elurra izango dela esan dute. Ondorengo egunetako joera ere alde izango dute eskiatzaileek. Elurra beherago ikusi ahal izango da, eta prezipitazioak egongo dira; hori bai, tokiaren arabera elur gehiago edo gutxiago egingo du. Larunbat gauean eta igande goizean ere prezipitazioak izango direla diote adituek. Beraz, elurra egingo duela argi dago. Beste kontu bat izango da, botatzen duen elur kopurua pistak irekitzeko nahikoa izango ote den.
Aurreko urteko denboraldia nahiko kaskarra eta irregularra izanagatik ere, eski estazio gehienek inbertsioak egiten jarraitu dute, Katalunia eta Aragoiko Pirinioetakoek bereziki. Kataluniako bederatzi eski estazioek hamar milioi euro baino gehiago gastatu dituzte azpiegiturak berritzen. Aragoiko beste bederatziek, bost milioi eurotik gorako inbertsioak egin dituzte. Halere, egoera ekonomikoaren eragina nabaritu da, iaz gastatu zutenaren herena gastatu baitute bi herrialdeetan.
Pistetako sarbideak hobetu, igogailuak berritu, elurra sortzeko kanoi gehiago ezarri, zirkuitu berriak eraiki, zerbitzuak hobetu eta eskiatzeko bide gehiago txukuntzea izan dira, besteak beste, estazioetan eginiko hobekuntza eta berrikuntza nagusiak.
Luz Ardiden estazioko arduradunek erosotasuna handitzeko ahaleginak egin dituzte. Luzea izeneko bainuetxe moderno bat estreinatuko dute aurten. Eski jardunaldi luze baten ondoren eskiatzaileek atseden hartzeko abagunea izango dute jacuzzi eta spa artean. Bestalde, snowparkea eta aparkalekua handitu eta GPS bidezko altxorraren bila jokoa antolatu dute.
Vaqueira Beret da Pirinioetako estaziorik handienetako bat;Aran haranean dago. «Oraintxe bertan 2.200 metrotik gora nahiko elur dugu. Iragarpenak betetzea espero dugu, asteburuan ireki ahal izateko», dio Josi Martinezek, Vaqueira Bereteko marketin saileko langileak.
Eski denboraldi honetan hainbat berrikuntza egin dituzte Vaqueira Bereten. Neguan elur kantitatea ziurtatze aldera eginiko berrikuntzak dira gehienak. Sei miloi euro gastatu dituzte guztira, eta horietatik hiru elurraren ekoizpenarekin lotura duten inbertsioetara bideratu dute. Eski estazioetako arduradunen urteroko kezka da elurra.
«Elurra ekoizteko makineria martxan jartzeko baldintzak bete bezain pronto hasiko gara elurra ekoizten», adierazi du Martinezek. Tenperatura eta hezetasun parametro jakin batzuetan soilik sor dezakete elurra makina horiek.
Estazioko iparraldeko Orri aurpegian izan ohi duten elur faltari aurre egitearren, 180.000 metro kubikoko aintzira bat egin dute. Ur horretaz baliatuko dira estazioko 59 kanoi berriak inguruan elurra sortzeko.
Elur kopurua ziurtatzeaz gain, eskiatzeko eskaintza zabaltzeko ere erabili dituzte estazio gehienenek inbertsioak. Horrenbestez, inoiz baino eskiatzeko kilometro gehiago izango dituzte eskiatzaileek.
Beste eski estazio batzuek energia aurreztean jarri dute indarra. Kataluniako Pirinioetako La Molina estazioaren kasua da nabarmenena. Biomasa zentro bat eraiki, eta urtean 150.000 euro aurrezteko asmoa dute. Basoko hondakinak bildu, eta galdara batean botata energia ekoitziko dute. Bulego, jatetxe eta zerbitzuen eraikina berotzeko erabiliko dute biomasak sortutako energia. 800 hektarearen lurrak ditu La Molinak, eta Ingurumen Sailaren argibideei jarraiki, urtero mozten dituzte basoko zuhaitzak. Urtean sortzen dituzten 400 tona egurrek elikatu dute biomasako galdara.
Aragoiko eski estazioek, freestyle eski modalitatearen apostu garbia egin dute aurten. Javalambreko estazioa kirol modalitate hori egiten dutenentzat erreferentzia izan nahi dute. Nazioarteko freestyle txapelketa ugari jokatu ditutze denboraldi honetan. Free Style Zone Sabina gunea eraberritu eta handitu dute. Oztopoz, errailez eta jauziak egiteko maldaz beteriko 14.000 metro koadroko eremua eskainiko dute eskiatzaile ausartenentzat.
Bestalde, Aragoiko Valdelinares, Cerler eta Formigalgo estazioek ere snowpark gunean berrikuntzak egin dituzte.
Ezarian. Eski denboraldia
Zerura begira
Pirinioetako eski estazio gehienek datorren asteburuan finkatu dute denboraldiaren irekitze eguna, baina elurrik ez dago. Hotza eta prezipitazioak iragarri dituzte aste honetarako, eta botatako elurraren arabera izango da eskiatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu