ZIBERGELA. IPhone garaitzeko azken aukera?

Mikel Carramiñana.
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Munduan telefono gehien saltzen duen enpresa izatea ez omen da nahikoa Nokiarentzat. Telefono adimendunen sektorean lehiakideek aurrea hartu izan diote azken urteetan, eta, horrexegatik, zuzendaritza eraberritzea erabaki du Finlandiako etxeak. Horrekin batera, smartphone berriak ere kaleratu ditu; laster salgai jarriko duen N8a, kasu. Askoren ustez, Appleren iPhone berriarekin lehiatzera dator Nokiaren gailua, eta, hala izanda, finlandiarrek ez dute aukera askoz gehiagorik izango sagarraren konpainiarekin goi mailako telefonoen eremuan borrokatzeko.

Horretarako ezaugarriak ez zaizkio falta, diseinutik hasita.N markapean kaleratutako telefonoak aurkarienak baino lodiagoak izan dira orain arte, baina, oraingoan, iPhone 4.aren parekoa izango da tamainan-113,5 x 59 x 13 milimetro- eta pisuan -135 gramo-. Pantaila 3,5 hazbetekoa da, eta AMOLED teknologia darabil. Horri esker argi gehiago islatzeko gai izango da, eta, aldi berean, energia gutxiago erabili. Bereizmena da Appleren produktuarekin ezin pareka daitekeen bakarra, Nokiak ohiko 640x360 pixeleko proportzioari eutsi baitio.

Argazki kamera gisa erabiltzeko aukerak, aldiz, ikaragarri hazi dira finlandiarraren aurreko produktuekiko. N8 horrek 12 megapixeleko irudiak hartu ahal ditu, eta, horrez gain, bereizmen handiko (720p) bideoak grabatzeko gai da. Irudi guztiak telebistan ikusteko aukera erraza eskainiko du HDMI atakak, eta, telefonoaren multimedia aukerak borobiltzeko, askotariko audio zein bideo formatu bistaratu eta entzuteko aukera eskainiko du.

Aipatutakoekin batera, sakelakoaren berritasun handiena sistema eragilean datza. Symbian zaharberrituta dakar N8ak, 3 bataiatu duten bertsioarekin. Itxuran N97 telefonoan instalatutakoaren antzekoa bada ere, askoz azkarragoa eta gailuaren ahalmenari etekin handiagoa ateratzeko gai izango dela agindu dute. Laster egiaztatu ahal izango dute Nokiaren webgunearen bitartez eskaera egin zutenek, egunotan hasiko baitira etxean jasotzen. Gainerakoek, hilaren bukaerara arte itxaron beharko dute 470 euroren truke eskuratu ahal izateko. MIKEL CARRAMIÑANA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.