Izan ere, egunero denbora asko eman dezake erabiltzaile askok beren microblogging eta sare sozialen azpiegitura hori guztia kudeatzen. Beraz, sare sozialak hedatzearekin eta garatzearekin batera, kontu guztiak era zentralizatu baten kudeatzeko beharra gertatu da. Horrenbestez, hainbat aplikazio agertzen joan dira kontuak kudeatzeko era zentralizatu hori ematen dutenak.
Tweetdeck
Tweetdeck aplikazioaren bitartez, Twitterreko hainbat kontu eta Facebook, Linkedin, Buzz, MySpace eta Foursquare kontu bana kudea daitezke. Doako aplikazioa da, eta hemendik jaits daiteke: http://www.tweetdeck.com. MS Windows, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan ibiltzen da. Gainera Android sistema duten sakelako telefonoetan ere instalatu daiteke Android Market-en bitartez eta iPhone, iPod eta iPad gailuetarako ere badago, bai webgunetik deskargatuta edo bai App Storetik.
Informazioa erakusteko orduan ordenagailuetan, zutabeka erakusten du, eta zutabe bakoitzean, sare sozial bateko kontu bat ageri da, zutabe horiek ordenatu egin daitezke, eta gehitu eta kendu egin ahal dira erabiltzaileak nahi duen bezala. Gainera, zutabeak izan ahal dira kontuak, Twitter zerrendak, eguneraketak, bilaketak edo iragazki bereziak. Sare sozialetan eta microblogging guneetan sarreraren bat idatzi nahi bada, idazteko orduan, aukeratu ahal da zein kontutan argitaratuko den. Tweetdeck doakoa bada ere, ez da software librea, eta ez dago euskaraz.
Gwibber
Aplikazio hori GNU/Linux sistemetarako aplikazioa da, Ubuntu, Debian, Suse, Fedora eta Gentoo banaketetarako paketeak daude. Hala bada, pakete eta aplikazio biltegitik instalatu ahal da zuzenean, Ubunturen kasuan Ubuntu Software Biltegia edo Synaptic erabil daiteke, esaterako. Software librea da; doakoa da, eta euskaraz dago zati bat. Hau da aplikazioaren webgunea: http://gwibber.com/. Gainera, Ubunturen azken bertsioetan instalatuta dator lehenetsita eta sisteman integratuta dago Empathy berehalako mezularitza aplikazioarekin eta Evolution posta elektroniko aplikazioarekin.
Gwibberren nahi beste kontu sor daitezke, eta Twitter, Facebook, Flickr, Digg, Identi.ca, FriendFeed, StatusNet eta Qaiku guneetako kontuak erabili ahal dira. Informazioa oso era jatorrean erakusten du, zutabe bakar batean. Zutabe horretan aukeratu ahal dira nahi diren kontuen jarioak ikus daitezen. Hor ere, jasotako mezu pribatuak,bidalitako mezu pribatuak, aipuak edo argazkiak ikus daitezke.
Alde orokor horri Home deitzen zaio. Gero, era eroso batean ere aukeratu ahal da esandako informazioa, baina kontu bakoitzeko ikusteko. Idazteko orduan ere, aukeratutako kontu guztietan batera idatzi ahal dira sarrerak.
Splitweet
Splitweet on line aplikazioa da, hau da, web aplikazio bat Twitterreko kontuak kudeatzeko. Euskaraz dago, Twitter komunitate euskaldunetako kide batzuek egin zuten borondatezko euskaratze lana. Erabiltzen hasteko, helbide honetan sartu: http://eu.splitweet.com/, posta helbidea idatzi eta pasahitz bat asmatu besterik ez da egin beharko.
Behin saioa hasita, kudeatu nahi diren Twitter kontuak gaitu beharko dira, eta ondoren, kontu guztietako mezuak edo soilik kontu batzuetako mezuak irakur daitezke, eta kontu guztietan edo soilik aukeratutakoetan idatz daiteke sarrera bakoitza. Gainera, kontu guztietako mezuak, erantzunak eta aipamenak ere ikusi ahal dira.
Eu.umap.eu, Twitterreko euskarazko txioen irakurlea
J. A. S.Egun hauetan, euskarazko proiektu berri bat heldu da sarera, hau da, Eu.umap.eu. Web aplikazio hori erabiltzeko http://eu.umap.eu helbidera joan daiteke, eta hor ikusi ahal izango dira Twitter microblogging zerbitzuan idazten diren euskarazko sarrerak. Izan ere, hori da web aplikazio horrek egiten duena; Twitterren dauka belarria jarrita, eta euskarazko txio bat entzuten duenean, orduan, bere webgunean erakusten du.
Era berean, momentuko, eguneko, asteko eta hilabeteko euskarazko etiketa edo hashtag aipatuenak ere erakusten ditu. Alegia, Twitterren euskaraz gehien mintzatzen diren gaiak. Gai edo hashtag horien historikoa ere ikusi ahal da egunez egun, Artxiboa izeneko aukeran.
Horrez gain, saioa ere hasi ahal da, eta norberaren Twitter kontua irakurri ahal da hortik, baita nahi diren sarrerak idatzi ere.
Era berean, bilaketak egin daitezke euskarazko txioen artean, eta erabiltzaileak ere bilatu ahal dira. Bilatutako erabiltzailearen sarrerak Twitterren idatzitako datuak eta euskarazko sarreren estatistika ematen du.
Dagoeneko, 1.100 erabiltzaile euskalduni baino gehiagori jarraitzen dio zerbitzuak, eta 250.000 euskarazko mezu baino gehiago gordeta ditu.
Proiektu horren garatzailea CodeSyntax enpresa da, http://www.codesyntax.com/; Eibarko enpresa bat da.