Mac sistemetan eta ordenagailuetan, ordea, Sagarra + Shift + 3 sakatu behar da pantaila osoaren argazkia egiteko eta Sagarra + Shift + 4 soilik hautatutako zatiaren argazkia egiteko. Bi kasu horietan, egindako argazkia mahai gainean gordetzen da, png motako irudi bezala, ez da paper-zorrora kopiatzen. Paper-zorrora kopiatzeko, Ctrl+Sagarra + Shift + 3 edo Ctrl+Sagarra + Shift + 4 sakatu beharko litzateke, hurrenez hurren, pantaila osoaren edo pantailaren zati baten argazkia kopiatzeko. Azken aukera bat eskaintzen da Mac Os X sistemetan, Sagarra + Shift + 4 edo Ctrl+Sagarra + Shift + 4 sakatu ostean, zuriune-barrari sakatuta, argazki-kamera bat agertzen da pantailan eta argazki-kamera horren bitartez leiho oso edo ikono oso baten argazkia atera ahal da. Ateratako argazkia mahai gainean gordeko litzateke, edo paper-zorroan Ctrl tekla ere sakatuta.
Esan bezala, horiek sistemek eskaintzen dituzten lehenetsitako aukerak dira, baina, horretaz gain, aplikazio edo gehigarri batzuk daude aparteko funtzionalitateak eskaintzen dituztenak.
MS Windowserako SnapIt eta ZScreen
SnapIt Screen Capture MS Windows sistemetan ibiltzen da. MS Windows 95etik aurrera, sistema honen bertsio guztietan erabil daiteke. Aplikazioaren lizentzia komertzialak 17,99$ balio du gaur egun, baina debalde jaits daiteke probazko bertsio bat hamabost egunetarako. Hau da aplikazioa deskargatzeko helbidea: http://www.digeus.com/downloads/snapit/index.html. Deskargatzeko izena eta helbide elektronikoa eskatzen du. Jaitsi ondoren, instalatu beharko da; oso erraza da instalatzea; urratsei jarraitu baino ez da egin behar. Oso aplikazio arina da, 2 Mb baino ez du behar. Abiarazten denean, sistemaren atzeko planoan gelditzen da, eta pantaila-argazki bat egiten denean abiarazten da; horren bitartez aukeratu ahal da kopiatu nahi den zatia, eta BMP, GIF, JPEG, PNG eta TIFF formatuetan gordetzea ahalbidetzen du. Aplikazioa ingelesez dago soilik.
MS Windows sistemetarako beste aukera bat ZScreen izango litzateke. Kasu honetan ere soilik ingelesez dago, baina software librea da, doakoa, eta, gainera, oso-oso osatua da. Gainera, aurrekoa bezain arina da, 2 Mb-ra ez da heltzen. Aukera anitz eskaintzen ditu, bai pantaila-argazkia ateratzeko orduan bai ateratako argazkiaren helburuaren inguruan. Ateratako argazkia, paper-zorrora, fitxategi batera edo FTP batera bidali ahal da, esaterako, edo Flickr, TinyPick edo TwitPick webguneetara ere bai. Gainera, argazki-pantaila ateratzen denean egindako argazkia editatzeko aukera eskaintzen du. Hau da aplikazioaren webgunea: http://code.google.com/p/zscreen/; Deskargatzeko, Downloads fitxara joan behar da, eta hor, ZSCreen aukeratu.
Shutter, GNU/Linuxsistemetan
Shutter GNU/Linux sistemetan pantaila-argazkiak ateratzeko oso aplikazio interesgarria da. Shutter software librea da, eta instala daiteke Ubuntu edo GNU/Linux sistemetan Synaptic-etik, Ubuntu Software Biltegitik edo edozein pakete kudeatzailetatik; shutter izeneko paketea bilatu eta instalatzeko markatu besterik ez da behar. Aplikazio horretaz hitz egin zen jada Zibergelaren aurreko ale batean; hau da sarrera horren helbidea: http://zibergela.bitarlan.net/2010/04/08/shutter-gnulinux-en-pantaila-argazkiak-ateratzeko-aplikazio-interesgarria/ eta hau proiektuaren helbidea: http://shutter-project.org/.
Webguneen argazkiak
Screengrab, Firefoxerako gehigarri bat da, eta Firefox nabigatzailearen bitartez ikusten diren webguneen argazkiak edo kapturak ateratzea ahalbidetzen du. MS Windows, Mac OS X eta GNU/Linux sistemetarako Mozilla Firefox nabigatzaileetan instalatu daiteke eta hau da gehigarriaren helbidea: https://addons.mozilla.org/eu/firefox/addon/1146/.
Web orrialde osoa edo zati baten argazkia egin daiteke, eta paper-zorroan edo fitxategi batean gorde ahal da PNG edo JPEG formatuan.
Lion, Mac OS Xsistemaren bertsio berria
J. A. S.
Lion du izena Apple enpresaren Mac OS X sistemaren bertsio berriak. Mac OS X 10.7 Lion bertsioa da, hain zuzen ere. Urriaren amaieran egin zuen Applek sistema eragilearen bertsio berri horren aurkezpena, eta, iragarri zutenez, 2011ko udan egongo da eskura.
Azken bertsio horretan, badirudi gailu eramangarrietarako (iPhone, iPod, iPad) iOS sistema eragilearen eta ordenagailuetarako OS X sistema eragilearen arteko filosofiak uztartzen saiatu direla. Izan ere, iOStik hartutako ideia batzuk OS X sistemaren bertsio berri honetan txertatu dituzte.
Berrikuntza handietariko bat Mac App Store da. Izan ere, iOS sistemetan hain arrakastatsua izan den aplikazio biltegia Mac Os X-an ere egongo da. Aplikazio biltegi horretatik ordainpeko eta doako aplikazioak deskargatu ahal izango dira.
Beste berrikuntza garrantzitsu bat Full Screen Mode litzateke;horren bitartez, pantaila osoan ikusi ahal izango dira bai aplikazioak edo bai edukiak, era erabat autonomo batean beste aplikazioekiko. Honela, aplikazio batzuk abiarazi ahal izango dira era berri honetan, eta beste batzuk leiho arruntak bezala. Eta hori guztia, gainera, trackpad-en bitartez edo ukipen-mungimenduekin.