ZIENTZIA. Amorrua eta haurtxoa

Irune Lasa.
2009ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Historiako zientzialari ezagunenetako bat izango da Louis Pasteur (1822-1895), eta ez da gutxiagorako, hark asmatu baitzuen ardoa eta garagardoa kontserbatzeko metodo erabilienetako bat. Bai, pasteurizazioak esnea kontserbatzeko ere balio du. Baina txantxetakoak alde batera utzita, Pasteurrek egindako ekarpenak ikusgarriak dira. Mikroorganismoak eta hartzidurak ez zirela besterik gabe sortzen frogatu zuen, eta horri esker milioika bizitza salbatu, besteak beste, gerrako ospitaletan zauriak eta bendak behar bezala garbitu eta esterilizatzea proposatuz.

Lerro hauetan istorio kurioso bat jasoko da, Pasteurren aurkikuntza handienetako baten ingurukoa. 1882. urtean hasi zen Pasteur amorreria, errabia, ikertzen. Animalien eta batez ere zakurren hozkadetatik kutsatutako gaitza beldurgarria zen garai hartan. Ez zegoen erremediorik. Nerbio sistema erasotzen zuen, giharretan espasmo oso mingarriak eraginez, eta gero perlesia. Amorrudun zakurrak osasuntsuekin nahastu zituen aurrena, zer gertatzen zen ikusteko. Baina alferrik, batzuk gaixotzen eta hiltzen ziren, beste batzuk ez. Ez zuen ezer garbirik ateratzen. Bazekien Pasteurrek gaitzak nerbio sistema kaltetzen zuela eta frogatzeko zuzenean gaitza garunean injektatu behar zela. Baina ez zuen zakur baten burezurra hautsi nahi horretarako. Bere iritziaren kontra eta bera ez zegoela, kide batek zakur bat anestesiatu, burua ireki eta amorruarekin hildako zakur baten garun zatitxo bat injektatu zion. Berehala gaixotu zen. Hortik aurrera, modu hori erabili zuten.

Baina behin, zakurretako bat ez zen hil, osatu egin zen. Berriz ere amorrua inokulatu zioten. Ezer ez zitzaion gertatu. Immunizatuta zegoen. Pasteur birusa murrizteko moduaren bila hasi zen. Amorruz hildako untxi baten muina hamalau egunez matraz batean lehortuta iritsi zuen zakurrak gaixotzen ez zituen birus maila. Baina zer gertatuko zen gizakiarekin. Txertoa bere buruarekin frogatzea pentsatzen ari zen Pasteur, laborategira ama bat bere semearekin iritsi zenean. 9 urteko Joseph Meisterrek hamalau hozkada zituen, bi egun lehenago amorrudun zakur batek egindakoak. Haurrahil egingo zela pentsatuta, txertoa saiatzea erabaki zuen. Eta Joseph ez zen gaixotu. Bere aurkikuntza aurkeztu zuen, eta ikerketa utzi egin zuten laborategian, jendetza zegoelako txertoaren zain. Lanean jarraitu zuen Pasteurrek, eta bere izena daraman institutua ere ezagutu zuen hil aurretik. Hango sotoan hilobiratu zuten hil zenean. 1940an naziek Paris hartu zutenean, ofizial batek hilobi hura zabaltzeko agindu zion Institutuko atezainari, eta atezainak nahiago izan zuen bere buruaz beste egin; Joseph Meister zuen izena. I. LASA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.