Brevig Missionera (Alaska, AEB) iritsi zenean, 1951. urtean, Johan Hultin suediarrak bere asmoak agertu zizkien herriko inuitei. 1918ko gripearekin hildakoen gorpuak lurretik atera nahi zituen, permafrost azpiko hilobietatik, gorpuzkinetan gripe haren arrastoak bilatzeko eta haiekin txertoa lortzeko. Entzuleetatik hiruri oroitzapen gogorrak piztu zizkien Hultinen eskaerak: 80 herritarretatik 72 gripe hark jota nola hil ziren ikusitakoak ziren hiru inuit haiek.
Inguruetako herri batera hornigaiak zeramatzan gizon batekin iritsi zen historiako gripe hilgarrienetako bat izandakoa Brevig Missionera. Hornigai haiek euren leretan kargatu zituzten inuitek, eta orduantxe hartu zuten birusa, ziurrenez gizon harekin elkarlanean ari zirela. Gaitzak bizkor egin zuen lan eta herriko biztanleen %90 bost egunean (1918ko azaroaren 15etik 20ra) heriotzara eraman.
Toki gehienetan gaixotutakoen %2 eta %5 artean hil zituen 1918ko gripeak, baina Alaskako zenbait herrixka inuitetan, tasa hori %50era iritsi zen. Tokiko agintariek Nome herriko urre meatzariak eraman zituzten Brevig Missionera, lurrun makinak erabiliz 72 gorpurentzako hilobia zulatzera Alaskako eskualde hartako permafrostean. Eta hantxe gelditu ziren gorpuak 1951ra arte, Hultin agertu zen arte.
Zer egiten zuen suediarrak han? Iowako unibertsitateko Mikrobiologiako ikaslea zela, Hultinek 1950ean hango irakasle bati entzun zion nonbait 1918ko gripearen laginik topatzekotan lur izoztuetan hilobiratutako gorpuetan topatuko zela. Hultinek, hain zuzen, aurreko uda Alaskan igaroa zuen, eta inuiten hilerriez gogoratu zen. Berehala jarri zen lanean eta inuiten herrixketako misiolariei idatzi zien hilobiei buruzko informazioa eskatzeko. Horrela, hiru herrixka hautatu zituen, han gripeak hildakoen permafrosteko hilobi handiak zituztelakoan. Hilobietako bat garai hartan bidea aldatutako ibaiak zeharkatzen zuen eta bestea itsasoak higatuta zegoen. Brevig Mission gelditzen zen. Eta hara joan zen Hultin.
Jada txertoen onurak ezagutzen zituzten inuitek, eta haien baimenarekin hilobia zulatzen hasi zen Hultin, hiru lagunekin. Sua piztu zuten hilobi gainean, eta izotzetik libratutako lurra kendu palaz. Berriz sua piztu eta berriz lurra kendu, bi egunen buruan iritsi ziren gorpuak zeuden tokira. Lau hilotzetatik laginak atera zituzten, organo anitzetako ehunak hartuz. Iowara itzulita, hudoi batzuetan ehunak ezarrita berpiztu nahi izan zuten birusa, baina animaliak ez ziren gaixotu eta birusa hilda zegoela ondorioztatu zuten. Eta kontua hor gelditu zen.
46 urte igaro ziren Hultinek Jeffery K. Taubenbergerren artikulu bat irakurri zuen arte. Horretan, patologo estatubatuarrak 1918ko gripearen birusaren egitura genetikoa osatzeko aukeraz hitz egiten zuen, eta horretarako laginak behar zirela esaten zuen. Jada hasia zen hori egiten gripearekin hildako eta AEBetako Armadak gordeta zeuzkan bi soldaduren ehunekin.
Hura irakurrita, Hultin Brevig Missionera itzuli zen 1997an, 72 urte zituela. Berriz ere herritarrei hilobia irekitzeko baimena eskatu zien, eta orduan, indusketan 30 bat urteko emakumezko gizen baten hilotza topatu zuten. Gizentasun hark, dirudienez, hobeto mantendu zuen gorpua izoztuta. Haren ehunak Taubenbergerri bidali zizkion Hultinek, eta patologoak horiekin eta soldaduenekin birusaren egitura berreraiki ahal izan zuen 2005ean.
Horrela, 1918an zenbait kalkuluren arabera mundu osoan 50 milioi lagun hil zituen gripea jatorrian hegazti gripea izan zela jakin ahal izan zen.
IRUNE LASA
ZIENTZIA. Birusaren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu