Sekulako ustekabea izan da. Halakorik ez zuen espero gai hauetan aditua den inork», dio Jose Felix Rojasek, EHUko Zientzia Planetarioen taldeko kide eta EHUko irakasleak. Heliosferak, Eguzki sistemaren mugak, uste ez bezalako forma du. Hori adierazten dute NASAk 2008 urtean espazioratutako IBEX (Interstellar Boundary Explorer) zundak egindako aurkikuntzek.
IBEX zundaren egitekoa atomo neutroak detektatzea da.Eguzkiak jariatzen dituen partikulek, eguzki haizeak, eta izarrarteko inguruneko partikulek elkar eragitean sortzen dira atomo neutro horiek. Rojasek dioen moduan, «atomo neutroak alde guztietan topatzea espero zen, Eguzkiak alde guztietara jariatzen dituelako bere partikulak, baina IBEXak atomo neutro askoz gehiagoko eremu bat topatu du, eremu lau samarra».
Hain zen harrigarria IBEXak zioena, lehen datu bidalketan, tresneria arazoren bat egon zitekeela pentsatu zuten NASAn. Bigarren datu bidalketarako segurtasun neurriak areagotu zituzten (bildutako datuak sei hiletik behin bidaltzen ditu zundak). Eta IBEXak berriz ere banda distiratsua agertu zuen.
«Pentsatzen zen heliosfera biribila zela», dio Rojasek, «baina ez esferikoa. «Gorputzen mugimenduak -heliosfera itzelezko abiaduran mugitzen da galaxian barrena- halako lorratz bat uzten du, trenak atzean uste duen lurruna bezalakoa. Horregatik, malko baten formakoa zela uste genuen». Eta atomo neutro ugariko banda hori ez dator bat uste horrekin.
Zerk eragiten du banda hori? «Arrastorik ere ez», dio Rojasek. «Hipotesiak azalduko dira, baina oraingoz hori dira, hipotesiak». Txorrota zabaltzean urak harraskan halako zirkulu bat egiten du, ura aldenduz eta horma txiki bat osatuz inguruan. Eguzki haizeak gauza bera egiten du hiru dimentsiotan. Partikulak jariatzen ditu eta horiek heliosfera inguratzen duen galaxiako partikulak aldentzen ditu. Atomoen bandak horma hori zapaldutako biribil moduko bat dela iradokitzen du.
Aurkikuntzak galdera eta zalantza ugari piztuko ditu hemendik aurrera. Rojasek berak dion moduan, «halaxe da zientzia».
ZIENTZIA. Ezustea eguzki sistemaren mugetan
Milaka milioi kilometrora dago eguzki sistemaren muga, eta hari buruzko jakintza lausoa da oso. Orain, heliosferaren forma uste ez bezalakoa dela ikusi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu