ZIENTZIA. Lurra bitan zatituz

Irune Lasa.
2009ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ospakizun eguna zuten atzokoa Greenwichen. 125 urte bete dira hango astronomia behatokiak markatzen duen marrak Lurra bitan, ekialde eta mendebalde, zatitzen duenetik, ekuatoreak ipar hemisferioa eta hego hemisferioa bereizten dituen bezala.

Polotik polora, Greenwicheko Meridianoak, 0 grado, 0 minutu eta 0 segundoko longitudeko marra alegiazkoak, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, Aljeria, Mali, Burkina Faso eta Ghana igarotzen ditu.

Eta haren arabera ezartzen da GMT ezaguna ere (Greenwicheko Meridiano Ordua), eguna Greenwicheko gauerdian hasten dela ezartzen duena.

1884. urtean orain 125 urte marraztu zen marra alegiazko hori, Washingtonen egindako biltzar batean. XIX. mendera arte, herrialde askok, eta hiri askok ere,euren ordutegi propioa zuten, eguzkiaren iragaitearen arabera ezarritakoa, eta ez zegoen egunaren hasiera eta amaiera ezartzen zuen inolako nazioarteko araurik. Plotting the Globe (Globoa marratzen) liburuaren egile Avraham Arielek BBCri aste honetan azaldu bezala, Europan 20 bat meridiano erabiltzen ziren jatorrizkotzat. Errusian bizpahiru zituzten, eta Espainiak ere berea zuen. Kanaria uharteetako Hierro irla bera ere erabili izan zen jatorrizko meridiano edo meridiano nagusi moduan.

Baina 1850eko eta 1860ko hamarkadetan, garraio sareak, eta batez ere trenbideak, hedatzen joan ziren heinean, ordena baten beharra areagotu egin zen. Ezinbesteko bihurtu zen mundu osorako ordutegi estandar bat izatea, baita nabigaziorako erreferentzia bateratua ere.

Meridianoen Nazioarteko Konferentziak 25 herrialdetako 41 ordezkari bildu zituen Washingtonen 1884ko urrian. Jatorrizko meridianoa izango zen hartzeko hainbat hautagai aurkeztu ziren biltzarrean. Besteak beste, Alemaniak Berlin aukeratzea proposatu zuen eta Frantzia Parisen aldeko agertu zen.

Baina Greenwichek bazituen bere aldeko argudioak. Pisu gehien izan zuen argudioa honako hau izan zen: garaiko itsas mapen lautik hiruk jada Greenwicheko meridianoa zuten meridiano nagusitzat. Eta garaiko AEBetako trenbide sareak ere hura zuen oinarri ordurako.

Hala, Greenwich garaile irten zen. Santo Domingok bozkatu zuen aurka, eta Frantzia eta Brasil abstenitu egin ziren. Neutralagoa Kanaria uharteetakoa izan zitekeela esan zuen Frantziak, eta italiak, gerora, Jerusalem ere proposatu zuen.

Gaur egun Greenwichera bisita egiten duenak hanka bat ekialdean eta bestea mendebaldean jartzeko aukera izaten du meridianoa markatzen duen lurreko marra batean. Hala ere, GPSak ez du han markatuko meridianoa, 1984an 100 metro mugitu baitzuen behatokiaren ekialdera. I.L.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.