Gauzak nola diren. Duela urte gutxi batzuk hilabeteak pasatu genituen gripea hegaztiengandik noiz iritsiko zain, eta, orain, badirudi txerriengandik iritsiko dela gripearen hurrengo pandemia izan daitekeena. Oraingoz, Munduko Osasun Erakundeak 4ko kategoria eman dio -6 daude ezarrita- pandemia-alertaren eskalan. Fase horretan, frogatutzat ematen da gripearen birusa gizakitik gizakira kutsatzen dela, eta «komunitate-mailako agerraldiak» eragiten dituela (halaxe jasotzen du MOEren web guneak). Halaber, pandemia gertatzeko arriskua egon badagoela adierazten du egungo alerta-mailak, nahiz eta zehaztu ez dela zertan pandemia gertatu. Edonola ere, zabalkundeari eusteko neurriak aktibatzeko unea da fase hau. Eta horretantxe ari dira alde batean eta bestean. Gaixoak agertu diren tokietan -4ko alerta-mailak eskatzen duen moduan- eta baita agertu ez direnetan ere. Badaezpada, prest egoteko.
Horrelako egoeretan, prebentzio-neurriak aho bikoak izan ohi dira, jakina. Hartu eta, gero, pandemiarik ez badago, gehiegikeriatzat joko ditugu, eta beldurra zabaldu izana leporatuko diegu. Hartu ez eta pandemia gertatzen bada, berriz, axolagabe epaituko ditugu agintariak. Berdin-berdin komunikabideak. Arreta-printzipioa arautu eta sistematizatu dugu, segurtasunaren aldeko tresna izan dadin; baina ziurgabetasuna ezin da hutsera murriztu, hori baitu funtsezko ezaugarri arreta-printzipioak. Gehienok ez dugu batere gustuko ezaugarri hori, ez behintzat osasunari eragiten dioten kontuetan, baina harekin bizi beste aukerarik ez dugu. Eta harekin bizitzea tokatzen zaigunez, zentzuz kudeatzea da egin dezakegun aukera onena. Bai gizarte-mailan, bai bakarka.
Hain zuzen ere, bakarkako neurriak hartzeko dei berezia egin du The Lancet aldizkariak asteartean argitaratutako aparteko editorial berezian. Agerraldiari eustea dagoeneko ezinezkotzat jotzen du aldizkariak, eta ondorioak mugatzeko prest izan behar dugula. Horretarako, gardentasuna eta gobernu eta erakundeen arteko etengabeko komunikazioa ezinbestekotzat jotzen ditu; baina norbanakoari ere egiten dio dei, eta «gripe-itxurako gaixotasunik garatuz gero, etxean bakartzeko prest agertzeko» eskatzen dio. «Etxean bakartuta, eta pertsonak elkarrengandik banatzeko neurri sozialak hartuta, oso litekeena da txerri-gripearen zabalkundea geldiaraztea». 2006an argitaratutako artikulu baten datua ere ematen du The Lancetek: 62 milioi lagun hil ditzakeela hurrengo gripe-pandemiak (1918ko pandemian oinarritutako datua da hori; MOEk aurreikuspen baikorragoa egiten du 1918koaren ondotik izan ziren beste bi txikiagoak aintzat hartuta: 2 eta 7,4 milioi artekoa).
Mezu horien ondoan, aldizkariak azpimarratzen du zaintza dela beharrezkoa, eta ez alarma. Baina niri, behintzat, bigarrenaren seinaleak garbiago iritsi zaizkit lehenengoarenak baino. Beharbada izango da pandemiaren zain-zain gaudelako. Izan ere, noiz izango den ez dakigu, baina halako batean gripe-pandemia bat izango dela ez da zalantzan jartzen. XX. mendean hiru izan ziren, eta aspaldian dago iragarrita hurrengoa laster tokatzen dela. Oraingo agerraldi hau izango ote den denborak esango du, baina, ez baldin bada, berandu baino lehen berdin ibiliko gara berriz ere: pandemiaren beldurraren eta beldurraren pandemiaren oreka hauskorrean dantzan. Gripearen birusak gaitasun handia du mutatu, nahasi eta espezie batetik bestera igarotzeko, eta (oraingoz behintzat) ezin dugu birusa berritzea eragotzi. Baina, teknikoki, 1918an zeuden baino askoz ere egoera hobean gaude hari aurre egiteko. Seguruago. Segurtasuna ere ez da aho bakarreko labana, ordea.
ZIENTZIA. Pandemiaren beldur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu