Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Zientziaren astea

Marian Iriarte.
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Datorren astean Bilbon, Donostian eta Gasteizen Zientziaren Astea ospatuko da. Era horretako ospakizunak 2001. urtean hasi ziren Europa osoan; beraz, aurtengo hau XI. ekitaldia izango da. Beste leku batzuetan asteak hamabost egun iraungo du, baina gure artekoa zazpi egunekoa izango da. Izenburu horren azpian hainbat ekitaldi, saio eta abar antolatuko dira, eta horien guztien helburua zientzia gizarteari hurbiltzea da.

Azkenengo urteetan hezkuntza sisteman bokazio zientifikoek beheraka nola egin duten ikusi dugu. Dena den, badirudi joera hori aldatzen hasia dela. Gainera joera horiek ez dira gure artekoak soilik, Europa osoan antzeko egoera ezagutu dute. Ez dago garbi zergatik, baina gure gaztetxoek ikasi behar dutena aukeratzerakoan, azkenengo urteetan oinarrizko zientziak alde batera gelditu dira, salbuespenak salbu. Badirudi zientziaren zailtasunak izutzen dituela, neurri batean, eta bestetik, zailtasun horrekin ausartzen direnek nahiago dituztela ikasketa edo lanbide praktikoagoak, teknikoagoak. Ez dut uste beharrezkoa denik hemen azaltzea zein garrantzitsuak diren oinarrizko zientziak, beste jakintza arlo askoren oinarrian baitaude.

Zientziaren Astea moduko ekitaldiak testuinguru honetan are garrantzitsuagoak bihurtzen dira. Gure egunoroko bizitzan zientziaren aplikazioak etengabe ditugu inguruan, eta horren inguruko ezagutza gizartearentzako ezinbestekoa da.

Zer egingo da aste horren barruan? Gure inguruan, hainbat eragilek antolaturiko ekimenak egingo dira, baina gehien ezagutzen dudanaz hitz egin nahi nuke, hau da, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duenaren inguruan. Nagusiki unibertsitatean dauden ikerlarien jakinduria gizarteari modu erraz batean azaltzen saiatuko gara. Ez da askotan gauza erraza, adin guztietako jendeari hurbiltzen saiatu behar baikara. Ez dugu erori behar ikusgarriak izan daitezkeen gauzetan soilik, erakutsitako esperimentuen oinarri zientifikoa zein den argitzen saiatu behar dugu.

Batetik, Ibaetako campusaren barruan dagoen Eskola Politeknikoan bertan garatutako hainbat proiektu egongo dira ikusgai, eta bertako ikasleek esplikatuko dute zertan diren proiektu horiek. Bestalde, irteera gidatuak antolatu dira, Donostiako hirian zehar geologiarekin lotutako bisita, Zumaiako flyscha ikusteko aukera, metereologiari lotutako irteera...

Eta, beharbada, ezagunena, Artzain Onaren atzeko aldean egongo den karpa zientifikoa. Han, osasunarekin, energia berriztagarriekin, kimikarekin, fisikarekin, matematikarekin, psikologiarekin, robotikarekin, mundu birtualarekin.... lotutako erakuslekuak egongo dira, eta horietan arlo bakoitzeko espezialistek euren jakinduria azalduko diote bertara gerturatuko den orori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.