EZARIAN. ZIENTZIA. Argi Aldian

Zientziaren jakin-minez

Marian Iriarte.
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Datorren astean Donostia International Physics Center ikerketa-fundazioa sortu zeneko 10 urte bete direlako ospakizun bereziak antolatu dira Donostian, eta horretxek ekarri dit gogora aste honetako zutabea betetzeko mamia. Bizi garen gizarte modernoan gero eta arruntagoak dira hainbat gailu eta trikimailu teknologiko gure egunoroko bizitzan. Egia esan, ezinezkoa da gutako orok tresna horien atzean dagoen zientzia edo teknologia behar bezala ulertzea, kasu gehienetan punta-puntako teknologia darabilte-eta. Baina, zientziari eta teknologiari buruz jakinduria minimoa ez izatea astakeria galanta da gure gizartean.

Hezkuntza-sisteman zoritxarrez aldaketak gero eta ugariagoak dira, ikasketa-planak eta ereduak etengabe aldatuz doaz, eta hori ez da gizarterako mesede. Herri batek duen hezkuntza-sistema ez da txantxetako gauza, eta boterean zein nahi izanda ere, aldaketak gizartearen gehiengoaren akordioa eskatzen du. Ez da hainbeste denbora, gaztetxoek eskoletan jasotzen zuten formazioa zabala eta orokorragoa izan ohi zela, eta espezializazioak beranduago zetozen. Sistema honen ondoren gero eta espezializazio maila altuagoa eskeintzen zuen sistemarantz jo genuen. Aste honetan bertan EITBn Maddalen Iriartek zuzentzen duen saioan EHUko errektoreak gizarte batek hainbat jakintzarlotan trebaturiko jendea izatea nahi ta ezkoa zela azpimarratu zuen, eskolak, unibertsitateak, .... ezin du soilik industria-gizarte honek eskatzen dituen adituak prestatu, hauekin batera, behar bada, hain erabilera garbia ikusten ez zaien arloak ere jorratu egin behar dira. Hau esandakoan, gehienori burura datorkiguna letretako hainbat diziplina dira. Baina bada gizarte honek ontzat hartzen duen beste analfabetismo mota bat. Inongo zalantzarik gabe, zientzietan aditua izango denak formazio humanistikoa behar beharrezkoa du, giza-balioak, historiak erakutsitakoak, eta beste hainbeste pentsamolde bereganatuz. Baina honen ondoan zenbait kasutan kontrako portaera ere agertu ohi da. Batxilergoko ikasle askori zera entzungo diogu: filologia ikasi behar badut, zertarako zientzietako jakintzagai horiek? Edo alderantziz, fisikan graduatu nahi badut, zertarako filosofia eta antzerakoak ikasi beharra?

Esan beharrik ez dago, bai portaera bat, eta bai bestea guztiz okerrak direla, eta gaur zientziaren inguruko jakintza-maila handitu beharra azpimarratu nahi dut. Egun, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan bada honen inguruko jakintzagai bat, Mundu Garaikidearen Zientziak, eta gure eguneroko bizitzan hain eragin handia duten teknologia asko eta asko hobeki ulertzen laguntzen duena.

Eta hau guztia zertara dator Donostia International Physics Center-en ospakizunen aipamenarekin? DIPC zentroan punta-puntako zientzia garatzen dute, baina eskertzekoa da hain jende ospetsua Donostiara ekartzea gure egunoroko bizitzan garrantzia duten gai askoren gainean aritzeko, eta saio horien izenburuak ekarri dit gaurko zutabe honen arrazoia, Passion For Knowledge, hau da, jakin-mina, gehiago jakiteko irrika edo grina..., eta hori da gizarte bat aurrera joan dadin bultzatzen duena. Jakinduria bere osotasunean hartuta, gizarteak gero eta gehiago jakin eta jakinduria osatzeko grina duenean, gizarte horrek aurrera egingo du, eta epe motzean ez bada, luzeagoan arrakasta handia lortuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.