Zinema, gormutuak integratzeko bide gisa

Keinu hizkuntzan egindako film laburren jaialdia egiten ari dira, Tolosan. Gaur egingo dute sari banaketa

Erredakzioa
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Gormutuek ere zinemaz gozatzeko aukera dute. Hori aldarrikatzeko antolatu dute keinu hizkuntzan egindako film laburren zinema jaialdia. Egitarau oparoa prestatu du horren harira Gainditzen elkarteak, Tolosan (Gipuzkoa). Tolosaldeaeta Goierriko gormutuak biltzen ditu erakundeak, etabigarren urtea da jaialdia antolatzen dutena. Bi eguneko ekimena gaur amaituko da, eta guztira hemeretzi film emango dituzte. Euskal Herriko filmak dira gehienak, eta horien artean daude Aintzane Arebalo eta Aritz Carron zuzendarien El legado filma eta Aitziber Carrionen El Espejo. Baina jaialdiaren ezaugarri nagusia nazioartean mugarri bilakatu izana da, eta Frantziatik, Britainia Handitik, Italiatik edo Kongotik iritsi dira filmak.

Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, munduan gisa horretako bederatzi jaialdi bakarrik daude, eta Tolosakoa zerrenda horren barnean dago.

Jaialdiaren helburu nagusia gormutuak gizartean «integratzea» da, eta, horregatik, gormutuak direnentzat eta ez direnentzat pentsatuta diseinatu dute egitaraua. Guztien arteko komunikazioa ahalbidetuz zenbaitetan sortzen den zuloa desagertzen baita.

Filmak edozeinek ulertu ahal izateko azpidatziekin emango dituzte film labur guztiak. Gainera, keinu hizkuntza ez da bakarra mundu osoan; herrialde batetik bestera eta eskualdeen barnean ere aldatu egiten baita. Generoari dagokionez, ia guztiak ukituko dituzten arren, beldurrezkoak, jakin-mina pizten dutenak eta ekintzari lehentasuna ematen diotenak dira nagusi. Irudiak protagonismoa hartzen duten istorioak, beraz.

Iazko arrakastari erantzuna emateko asmoz, egun batetik bi egunetarako jauzia egin du aurten jaialdiak. «Iaz 350 pertsona etorri ziren, eta guretzat zifra izugarria izan zen hori. Aurten, dagoeneko, 350 sarrera saldu ditugu, eta oraindik eta jende gehiago etortzea espero dugu. Jaialdi aitzindaria da», adierazi du Julian Rodriguezek, zinemaldiaren antolatzaileetako batek.

Gaurkoada egun handia. Emanaldiak Tolosako Leidor aretoan izango dira, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Ondoren banatuko dituzte sariak. Jaialdia mahai baten bueltan, afaritan bukatuko dute, 21:00etan. Sagardotegiko menua dastatzeko modua izango dute hara biltzen direnek. Filmak ikusteko sarrera zortzi euro ordaindu behar da, eta www.gainditzen.com/kutxa webgunean eros daitezke.

Egunerokoan zailtasunak

Tolosako zinema jaialdia oasi moduko bat da basamortuaren erdian. Zinema areto gutxik ematen dituzte filmak azpidatziekin, eta, ondorioz, gormutuak zinemara joan ezinda geratzen dira. Nolanahi ere,teknologia berriek azken urteetan izan dutenbilakaerak mesede handia egin die gormutuei. Lurreko Telebista Digitalaren etorrerakin, telebistan ematen dituzten filmetako asko azpidatziekin ikusditzakete, eta DVDtan ere irakur ditzakete filmetako protagonista eta pertsonaien arteko elkarrizketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.