Zinemazaleen kuttuna itzuli da

Eraberritze lanak bukatu ostean, Donostiako Trueba zinema ireki dute; eserleku gutxiago baino erosoagoak ezarri eta tresneria eraberritzeaz gain, eskaintza zabaldu dute.

Trueba eraberrituan, jatorrizko bertsiozko filmak ikusten jarraitu ahalko dute zinemazaleek. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Egile zinema independentezaleak zorioneko daude: filmak jatorrizko bertsioan ematen dituen zinema bakarrenetakoa zabaldu berri dute. Ekainaren 26an itxi zuten Donostiako Gros auzoko Trueba zinema txikia, zaharberritze lanei ekiteko. Atzo inauguratu zuten zinema, berrikuntza askorekin, baina betiko estiloari irmo eutsiz.

Eraikinera sartu bezain laster, sabaitik zintzilikatutako bobina zaharrak agurtzen dute ikus-entzulea. Horiek dira gorde dituzten bakarrak, zinema guztiz digitalizatu baitute. Berritasun itxura gailentzen bada ere, antzinako garaiekiko lotura gorde nahi izan dute apainketan; film zaharren argazkiak eta 50. hamarkadako filmen iragarkiak eskegi dituzte hormetan.

Irudia eta soinua hobetzeaz gain, areto bakoitzak dituen eserleku kopurua murriztu dute, eserlekuen arteko tartea handituz. Harmaila moduan ezarri dituzte eserlekuok, ikus-entzulearen bistaratzea hobetze aldera.

Zinemazalea zaindu nahi izan dute, eta erosotasunari lehentasuna eman. Gainera, eskaintza zabalduko dute: zikloak, atzera begirakoak, antzezlanak, New Yorkeko Metropolitan Operako saioak… emango dituzte. Halaber, abonamenduak eta fideltasun txartelak martxan jartzeko asmoa azaldu dute.

Zinemaren txokoa

Truebaren ondoko lokala hartu, eta Zinema Corner ireki dute: zinemaren munduari eskainitako taberna tematikoa. Eguneroko prentsa, zinemari buruzko liburu eta aldizkariak, hurrengo ikuskizunei buruzko informazioa...izango du eskura hara joaten denak. Bestetik, Kritikoaren txokoan, egunkarietatik hartutako filmen kritikak irakur daitezke. Norberak bere kritika erantsi ahal izango du zinemazaleen topalekua izan nahi duen txokoan. Horrez gain, Zinemaldiak iraun bitartean jaialdiari buruzko informazio gunea izango da.

«Sektoreak harriduraz hartu zuen gure eraberritze proiektua», azaldu du Koro Odriozola Sade etxeko zuzendariak. Azken boladan zinema komertzialek jasan duten ikus-entzuleen beherakada eta aretoen itxierak ikusirik, eromena zatekeen horrelako zinema txiki eta berezian lanek ekarriko luketen inbertsioari aurre egitea. Eraberritze lanak aurrera eramatera bultzatu duen arrazoia azaldu du Odriozolak: «Egile zinema independentea gogoko duen bezeroa da pantaila handiaren magiaz gozatzen jarraitzen duena, eta zinemazale horiek zaindu behar ditugu».

Donostian, jatorrizko bertsioan ematen diren filmen kontsumoa igo egin da. Odriozolak azaldu duenez, azken bi urtean Truebara joandako ikus-entzuleen kopuruak gora egin du. Gipuzkoarrek zinema mota hori baloratzearen arrazoia Zinemaldiaren eraginarekin zer ikusia duela esan du Sadeko etxeko Odriozolak. «Zinemaldia oso parte hartzailea da, eta ikus-entzuleak jatorrizko bertsioan filmak ikusten ohitu dira».

Digitalizazioak bide emango dio jatorrizko bertsiozko filmak Donostiara azkarrago ailegatzeari. «Lehen, asko kostatzen zen kopiak Donostiara ekartzea, Madrilera eta Bartzelonara eramaten baitzituzten aurrena, eta hona ekartzerako jada berandu zen». Estreinatu bezain pronto ekarri ahalko dituzte filmak aurrerantzean.

13 assasins eta Roman Polanskiren Knife in the water, Cul de sac eta Repulsion filmekin hasiko du Trueba eraberrituak bizitza berria, ohiko ordutegiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.