Ziriak ziri

Ane Muñoz.
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Errepideak elurtuta iratzarri ziren ostegun hotz horretan trenez joan nintzen Madrilera. Bagoia erdi hutsik eta lasaitasuna giroan, gustura nindoan komentu zahar bateko fraideen intrigak irakurtzen, 70 urteko bikote xelebre bat igo zen arte. Ez zeuden oso gertu, baina haiei begira, ezin liburura itzuli.

Trenean hiru minutu besterik ez zeramatela, emakumea hitz gurutzatuari ekin eta ekin, eta senarra, intelektual figurako gizon serioa, izugarrizko ogitarteko puskari kosk eta kosk, mau eta mau, txikitako irteeretan autobusean sartu orduko ogitartekoa irrikaz irensten genuenean bezala.

Valladolideko geltokitik gertu, elurra mara-mara kanpoan, errailak izoztuta plof egin zuen trenak. Kasakrixton zintzilik 40 minutu generaman, eta bidaiarion sakelakoak sutan: «Geldirik gaude, auskalo zer ordutan iritsiko garen...». Ahots eta doinu askoren orkestra haren erdian, emakumearena nabarmendu zen: «Iritsi gara, bai, Madrilen gaude». Ein? Nire aurpegian harridura irakurrita, senarrak lotsatuta begiratu ninduen. «...eguraldi txarra? Bai zera, hamabi gradu, eta ez elurrik ez deus». Imajinatu nuen telefonoaren beste aldekoa pertsona urduria izango zela eta besterik gabe lasaitzeko bota izango ziola ziri puska hura. Despistatua ere izango zen, hedabideak Madrilen zero azpitik zeudela ari baitziren esaten. Eta gu oraindik Valladoliden.

Senarrak, ziria gero eta potoloagoa zela ikusirik, tonua jaisteko eskatu zion emazteari. Besteak, berriz, ume bihurri baten antzera, inuzente halakoa, «zein ona naizen ziriak sartzen», esan zuen harro, tonu ozen harekin hitz gurutzatuei ekiten zion bitartean. Ea, sei hizki...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.