Lantegi eta etxebizitza zahar ugari dago Bilboko Zorrotzaurre auzoan. XX. mende erdian, langile andana hartu zuen auzoak, baina gaur egun beste itxura bat dauka. Iraganeko auzo iskanbilatsua hirigunetik aldendutako ibaiertzeko bizitoki lasai bihurtu da. Baina bere garaian industria jarduera hartzen zuten pabiloi zaharrak oraindik zutik daude. Izan ere, arte munduko jarduera ugari ari dira esnatzen Zorrotzaurren. Esaterako, hor dago Zirkozaurreko zirku eskolaren pabiloia. Joan den urteko azaroan hartu zuten Sagardui kaleko 19. zenbakian dagoen gunea, eta, ordutik, zirkuko jarduerak egin ahal izateko moldatzen aritu dira pabiloia. «Baliabide gutxi geneuzkan; beraz, apurka egin ditugu lanak, eskura genituen baliabideekin, pixkanaka gune berriak zabalduz, azkenean eraikin osoa eraberritzen amaitu dugun arte», azaldu du Roger Peña elkarteko arduradunetako batek. Oraindik ere egokitzeko lanak amaitzeko dauzkate, baina amaierako itxura zein izango den irudika daiteke dagoeneko. Bertan, zirkuaren modalitate ezberdinak ezagutzeko aukera ematen dute. Batez ere aste honetan, I. Zirkus topaketak egiten ari baitira.
Zirkuko jarduerak lantzeko lantegi gisa har daiteke Zirkozaurre. «Hiru oinarri dauzkagu: entsegua, hezkuntza eta sorkuntza». Eta, ildo horiek lantzeko, hainbat zirku talde elkartzen dira Zirkozaurren; «horrek sormenerako bideak zabaltzen ditu», Peñaren esanetan. Duela urtebete arte, Kukutza gaztetxean elkartzen ziren zirkuarekin zerikusia zeukaten artistak; «baina behin hustu zutela, denak sakabanatu egin ginen». Peñak, beste bi kiderekin, asmo berriari ekiteko hautua hartu zuen: «Ez geneukan gogorikberriz ere proiektu interesgarri bat sortu eta ikusteko diru kontuengatik egun batetik bestera egindako lana nola desagertzen zen». Beraz, hiruren ekimenarekin eta diruarekin abiatu zuten egitasmo berria, eta, egun, zenbait bazkidek jarritako kapitalarekin egiten dute aurrera. «Hala ere, edozein elkartu ahal izateko leku bat izatea nahi dugu, autofinantzaketan oinarrituta».
Edonori zabaldutako gunea izaki, zirkuaren dibulgazioan lan egiten dute pabiloian. Asmo horrekin, hainbat ikastaro eskaini zituzten aurreko ikastaroan, «gunea berritzen» ari ziren bitartean. Akrobaziak, haurrentzako zirkua, ariketa bertikalak, luzaketa ariketak, malgutasuna eta abar. Baina horiek joan den ikasturtean eskaini zituzten. Aurrerantzean eskaintza zabaltzen saiatuko dira, eraikinari etekin gehiago ateratzeko. Horren lekuko ikasturte berriaren hastapena jar liteke, lehen zirku topaketekin ekin baitiote. Aste honetan, egunero elkartu dira goiz eta arratsalde, zirkuarekin loturarik ez dutenekin eta hainbat diziplinatan trebetasunak dituztenekin. Egunerokotasun horretan «giro ezin hobea sortu da», Peñaren hitzetan. Eta giro hori goizean goizetik suma zitekeen Zirkozaurre pabiloiko berotasunean.
Zirkura erakartzeko bidea
Goizeko hamarrak dira, eta Zirkozaurreko atea zabaldu berri du Gorka Pereirak, beste arduradunetako batek. I. Zirkus topaketetako beste egun bat da, nahiz eta ingurura begiratuz gero horretarako giro handirik ez dagoen. Zirku ikastaroa emango duten pabiloi inguruan metalurgian aritzen diren enpresa txikiak daude; ordu horretarako lanean ari dira. Baina Zirkozaurre parean jadanik bizpahiru pertsona daude; horrek ematen dio bestelako itxura industria inguruari. «Hemen inor ez dugu molestatzen; lasai asko egon gaitezke», Peñaren esanetan. Ikastaroen beste egun bati ekiteko zain daudenak barrura sartu dira Pereiraren atzetik. «Goizetik txiribueltak eta antzeko jarduerak egiten hasteak galbana eman dezakeen arren, ongi pasatzen dugu», dio Rosariok. Ingurukoei kasu egin ondoren, barrura sartu da, aldageletara bidean. Sartzen diren gehienek daukate zirkuko arteren baten inguruko jakintza, Pereiraren esanetan. «Hala ere, ikastaro hauek oso oinarrizkoak dira; beraz, edozeinek parte har dezake bertan». Eta horretarako gonbita egiten dio Zirkozaurreko atea lehen aldiz gurutzatzen duen edozeini, ikastaroetan parte har dezan, esperientziak trukatzeko. «Saiatu behar da inguratzen dena zirkura bideratzen, pixkanaka landuz gero emaitza onak loru baitaitezke». Ildo horretan, gimnasiora joatea bezala dela azpimarratu du: «Baina hemen beste hainbat pertsonarekin esperientziak trukatzen dituzu; ongi pasatzeko aukera dago».
Eguneroko ikastaroetan ariketa ezberdinak lantzen ari dira, «jarduera bakoitzeko nozio bat jasotzeko». Lantegi horiek, gainera, doan eskaintzen ari dira Zirkozaurreko kideak. Hori horrela izateko, Euskadi 2012 fundazioaren laguntza jaso dute, eta hala bermatu ahal izan dute doan izatea. Gauzak horrela, ikastaroek harrera beroa jaso dute, Peñak azaldu duenez: «Lehenengo egunean 60 pertsona inguru etorri ziren clown ikastarora, eta pena handiz erdiei lekurik ez zegoela esan behar izan genien». Pabiloian badago horrenbeste ikasle sartzeko lekua, baina ezeren gainetik gertutasuna nahi dute; «era horretan mintegi bakoitza emankorragoa da, eta ikasle bakoitzaren garapena jarrai dezakezu». Hori guztia aste barruan egin dituzten ikastaroetan sumatzen da, gertutasun horrek ere giro aparta sortu baitu ikasle eta irakasleen artean.
Egunero hogei pertsona ingururentzat eskaini dituzte mintegiak, eta une bakoitzean bildu den jendearen jakintzaren arabera antolatu dute eguneko jarduna. Aritutakoak eta ezer ez dakitenak daude ariketa bertikalak lantzeko mintegian. «Lehen aldia da era honetako jarduera batera etorri naizena», dio Mirenek. Era horretako trukeak askoz ere aberasgarriagoak direla dio Peñak, elkar elikatzeko aukera dagoelako. «Topaketa hauetan jende berri asko etorri da, eta hori oso positiboa da». Ondorioz, gizartea kontzientziatzeko neurri gisa ikusten du Peñak ikastaro hauen arrakasta, baina erakundeei ere mintzatu zaie: «Garrantzitsua da ikus dezaten antzeko proiektu txikiei finantzaketa txiki bat emanez gero jendearen erantzuna jasotzen dela». Une honetan, gainera, gero eta zirku ikuskizun gutxiago antolatzen dira herri eta hirietan. Egiten direnean, ordea, arrakasta itzela izaten dutela azpimarratu du Zirkozaurreko arduradunak: «Jendeak erantzuten du, baina orain aurrekonturik ez dago».
Gauzak horrela, ikastaroez gain ikuskizunak ere eskaini dituzte aste honetan Zorrotzaurreko pabiloian. Gaur amaituko dira topaketak, haurrentzako tailer batekin eta ikuskizun birekin: arratsaldean, Los Kikolas konpainiaren lana ikusi ahal izango da, eta, iluntzean, amaierako gala. Jendea zirkuarekin kontzientziatzeko eta ohitzeko aukera bat gehiago izango da gaurkoa. Eta, hemendik aurrera, ikastaro gehiago izango dira bertan. «Jende gehiagori erakusten jarraitu nahiko genuke, eta sortzen diren proiektuak aintzat har daitezen ere nahi genuke».
Bilboko zirku eskolak lehen urratsak egin ditu, amateur mailan, batez ere, nahiz eta profesionalak ere irten diren. Edozein modutan, apurka eskolaren sona handitzen joatea da euren helburua, etorkizunean eskola ezagunago bat bihur dadin. Oraingoz, bederen, lehen pausoak eman dituzte.
Ezarian. Zirkoa
Zirku eskaintza orekatzen
Zirkua erakutsi eta sortu egiten dute Zirkozaurre gunean, Zorrotzaurre auzoan. Aste honetan hasi dute ikasturte berria, I. Zirkus topaketekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu