Pare bat aldiz esan dit azken asteetan. Kritiko omen nago. Kritiko nago, testu honetan eta testu honetatik kanpo. Beti izan dut halako joera bat. Joandako hileetan, ezinbestean bilatu behar izan dut joera hori. Gaur, atzo eta azken asteetan ez dut bilatu beharrik ere izan. Begiradan sartu zait. Nire begiradaren lehen galbahea bihurtu da. Ez da ahalegin kontzientea izan. Ez dakit nahi izanda ere sahiestu ahal izango nukeen. Hor dago. Gustuko dut. Erne jarri nau, hala ere.
Erne egote hori da Ekografia hauen gakoa. Analisiak, gogoetak, iruzkinak... dena delakoak beharrezko du. Areago, telebistak bizi duen garai nahasian. Gizartea nora ezean dagoela iruditzen zait. Eta baten nahasmena eta bestearen norarik eza batuz gero, emaitza arriskutsuegia dela deritzot. Ni gizarteak bizi nau, besteak beste. Nire eroak ere bizi nau. Eta iaz hainbat hilabetez telebistarik piztu gabe bizi izan ondoren, aurten telebistatik ere bizi naiz. Gizartearen ajeak, telebistarenak eta nireak batu eta poztu egiten nau aipatu kritikotasunak. Erne jartzen nau, hala ere.
Telebista aisialdiarekin lotu izan dut beti. Albistegiak albistegi, agendak betetzen ez duen denbora hutsa osatzeko erabili izan dut. Har liteke era horretan. Ez da kritikagarria. Arriskutsua agian. Albistegiaz gain, filmak, saioak, albisteak, erreportajeak, iragarkiak eta bestelako edukiak dira programazioaren bizigai. Denak ala denak mezuz osatuta daude. Mezu horiek igorle batek sortuak dira. Hartzaile batentzat igorriak. Aisiaren izenean, barneratu egiten ditugu, ustez baztertzen ditugun horiek ere. Beraz, lehen galbahea kritikotasuna bihurtu izana zentzu baikorrean ulertzen dut. Erne jartzen nau, hala ere.
Zenbateraino eragin ote dit eguneko energiaren kopuru handia testu honetara bideratzeak? Lagunaren «testu honetatik kanpo» hori eragin ote dezakete testu honetarako ikusi ditudanek? Telebistak sortu ote diezaguke norbere bizitzan islatzen den haserrezko ala amorruzko jokabiderik? Ikuspegi kritiko soila izan ote liteke horren aurkako irtenbidea? Hala bada, jarraitu egin nahi dut kritikotasun hori hauspotuz. Erne jarriko nau eta.
Lagun hari, irakasleak hala esan zion behin: «Testu kritikoa eskatu dizut, ez zitrikoa». Ez nau gehiegi arduratzen arrazoi zenbateraino izan dezakedan jakiteak. Hori eztabaidatu egin daiteke. Kritikotasunik eza ez.
Komunikazioa. Ekografiak
Zitrikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu