Maratila
Zori zuria
Victor Hugo kurri dabil Miarritzeko inguruetan; 1843ko uztailaren 25a. Sumatzen du «teilatu gorrantzak eta leiho berdeak dituen herri xuria» hilaurrena dela. Itsasoa furrundaka sartzen da arroka zorrotzen arteketan, eta ziloetan. Alta, kosta bakartian ibiltzeak «bake handia» ekartzen dio (Pourtant je n'ai jamais erré sur cette grève déserte, à quelque heure qu'on fût, sans qu'une grande paix me montât au c?ur). Ahazduran galduko dela herri horren itxura hori, sendi du. Jadanik ikusten dukeelako aristokraten eta burgesen artean modan jartzen ari dela Miarritze. Eta diruak dena hondatuko duela. Frontera gurutzatzen du. Pasaian da 1843ko agorrilaren 4ean. Arratsaldeko ordubi t'erditan hau idazten du: «Bazter biluzia, —haize bortitza— ontzi-pasaiaren buruen artean estuki tinkatua den badia ttipia … Uhin zafla haserrez lehertzen arroka araldearen kontra… Han, itsas zabala ilun dago eta mugikor. Plomuzko zerua. Eguzkia eta itzala erraturik dabiltza ur zirimolen gainetik» (Nature désolée, -vent violent. — Petite baie étroitement resserrée entre les caps du passage. — La lame brise avec fureur sur un banc de rochers …Là-bas, la haute mer est sombre et agitée. Ciel de plomb. Le soleil et l'ombre errent sur les flots). Gehienetan zutik badabilelarik idazten du, momentuaren kristalizatzeko gisan. Aditz guti. Esaldi sinkopatuak. Urratsaren erritmoaren arabera idatziak. Arratsaldeko hiruretan karnetean markatzen du arrokek hilen kaskezurren itxurak dituztela. Makila lurrean plantaturik, zutik idazten ari da orain. Tontor batean da, beherean arrokak, itsasoa burrunbaka. Arratsaldeko bostetan dio «Itsasoa, itsasoa bakarrik…» (La mer, rien que la mer...). Eta aipatzen du zori zuri handia. Han, apalago, badabilena. Haizean hegaldaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu