Gaur zortzi, albiste eredugarria atera zen ETB2ko Teleberri-ko aurkezlearen ahotik. Buruz ari naiz, baina erranen nuke honelako zerbait izan zela: «Gaur egungo egoeran, pentsioen sistema aldatu beharra dago. Euskaldunak, halere, ez dira zuhurregiak: hamarretik seik ez dute oraindik pentsio planik egin».
Zoragarria iruditu zitzaidan, zaila baita, hain hitz gutxitan, hain ongi eta hain trebe manipulatzea. Pentsioen sistema aldatu beharra dago. Kasik ohartu gabe onartzen ahal da esaldia. Alta, nik uste nuen zenbait, aspalditik, pentsioen sistema publikoa aldatu nahian zebiltzala, baina, tira, ez omen da horrela. Edonola ere, nahia edo beharra, bitxia da nola bata zein bertzea historiarik gabeko egoera batean gertatzen diren. Antza, albistea idatzi duen kazetariak ez du memoriarik, eta, hortaz, aldatzeko premia ekarri duen «gaur egungo egoerak» ez bide du errudunik.
Hala eta guztiz ere, kulpa edo, nahiago bada, arduragabekeria ez da eskas berrian. Euskaldunak ez dira zuhurrak. Gehienek ez dute pentsio pribaturik egiteko asmorik. Berriz diot: albistea eredugarria da, ezin baita, agindu forma izan gabe, agindu batetik hurbilago dagoen deus idatzi («Joan zaitezte agudo banketxeetara, bertzenaz erretretarik gabe geldituko baitzarete!!»).
Naski, adierazi nahi zutena adierazteko, zintzoago izanen zen honelako zerbait erran izana: «Bankuek eragindako krisiaren ondorioz, pentsioen sistema publikoa hondatu nahi dugu. Horregatik, Gobernuak zuen dirua bankuetara eramateko aholkatzen dizue, haiek espekulatzen segi dezaten».
Baina, jakina, nire esaldi horrek zuhurtzia du falta.
Maratila
Zuhurtzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu